Pasa den asteartean Realak Mallorcaren aurka jokatutako Kopako partidan final-laurdenetarako txartela lortu zuen –1-0 irabazita–, baina partida hark poza ekartzeaz gain, albiste txarrak ere ekarri ditu. Mikel Merino, Andoni Gorosabel, eta Momo Cho lesionatuta daude partida horren ondotik. Nafarrak ezker bizeps femoralean min hartu du, eta ostegun honetan Imanol Aguacil Realeko entrenatzaileak egindako prentsaurrekoan adierazi du, Merino, «gutxienez», hiru asteetarako baja izango dela. «Ikusi beharko da nolako bilakaera duen lesioak, jokalari bakoitza mundu bat baita», azaldu du Oriokoak.
Merinoren antzera, Gorosabelek ere Mallorcaren aurkako partidan zelaia utzi behar izan zuen, eskuin orkatila bihurritu zuelako. Oraingoz, ez da egongo Rayo Vallecanoren aurka –larunbat honetan jokatuko dute Madrilen, 14.00etan–, eta Imanolek adierazi du aurrez min hartuta zegoela orkatila horretan. Atzelariaren antzera, Momo Chok ere orkatila minduta duela jarraitzen du, eta Realeko entrenatzaileak esan du «pixkanaka joaten» saiatuko direla.
🏥 Osasun partea: @MikelMerino1 & Gorosabel #AurreraReala https://t.co/VrHMWXgdWI
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) January 19, 2023
Merinoz, Gorosabelez, eta Momo Choz gain, Martin Zubimendik ere ez du jokatuko larunbat honetan Andoni Iraolak zuzentzen duen taldearen aurka, bost txartel horiengatik zigorra bete behar duelako. Ander Gebara ere ez da egongo oraindik lesionatuta jarraitzen baitu.
Albiste txarrez gain, onak ere eman ditu Imanolek: Silvak eta Sorlothek parte hartuko ez duten arren ostiral honetako entrenamendu saioan, larunbatean jokatzeko moduan egongo dira.
Orioko entrenatzaileak, baina, aldaketa sakonak egin behako ditu zelai erdian. Izan ere, Merino, Zubimendi, eta Gebara ez daude, eta Turrientes oraindik osatzeko bidean dago. Oztopoak oztopo, Imanolek ez du kezkarik: «Lesioen aurrean, hamaikakoan ohikoak ez diren jokalarientzako aukera paregabea da. Multzo sendoa dugu, eta harrobia ere hor dago. Pablo Marin, Ander Martin, Urko Gonzalez de Zarate, Jon Magunazelaia, eta Jon Ander Olasagasti gurekin entrenatzen aritu dira, eta horiekin osatu beharko dugu deialdia. Orain arte hala egin dugu, eta gaur ez da izango salbuespena».
Txuri-urdinek bihar jakingo dute zeinen aurka arituko diren nor baino nor gehiago datorren astean Kopako final-laurdenetan –zozketa 13.00etan da–, eta hurrengo asteburuko igandean, urtarrilaren 26ean, Real Madril aurkari indartsuaren kontra jokatu dute Santiago Bernabeun, 21.00etan.