Nerea Goti

Proiektu komunitarioak garatzeko formazioa eta bidelaguntza, KoopFabrikan

Proiektu kolektiboa martxan jarri nahi dutenek, beren burua ekonomia sozialean kokatu eta kooperatiba bihurtu nahi dutenek zein ekonomia sozial eraldatzailean murgildu nahi dutenek zabalik dituzte komunitatea eta pertsonak lehenesten dituen ekintzailetza eredu baten eskolako ateak.

Azken edizioetako formazio saio bat, Leire Udabe Koordinazio Taldeko kidearekin.
Azken edizioetako formazio saio bat, Leire Udabe Koordinazio Taldeko kidearekin. (KOOPFABRIKA)

Urtarrilaren 23tik martxoaren 1era bitarte KoopFabrikak ekintzailetza sozial kooperatiboko eskolaren ateak zabalduko ditu berriz ere. Ekonomia sozialean oinarritutako proiektu komunitarioak sortzen laguntzeko formazioa eskainiko du eskolak, hamabi saiotan banatuta, doan. Esperientzia, gainera, ez da formakuntzara mugatuko, bidelaguntza ere eskainiko baitute proiektuak abian jartzeko prozesuan.

Eskolan parte hartzeko, izena eman beharra dago aldez aurretik. Hala ere, hamabi saio horietako bost publiko osoarentzat irekiak izango dira. Ekimenaren zentroan ekonomia sozial eraldatzailea dago, eta horren motorra eta tresna den ekintzailetza kooperatiboa.

Azken urteetan, laurehun lagun baino gehiago igaro dira formazio eta sustapen saio horietatik, eta ehun proiektu inguru lagundu ditu KoopFabrikak, eredu neoliberaletik urrun. Formazio eskolako koordinatzaileekin eta proiektuak aurrera eramaten laguntza hori ematen dutenekin hitz egin du GAUR8k.

Eta entzundakoa ez da berria, ez da berriki asmatutakoa, baina hala ere, komunitatearen, kolektiboaren eta lan antolaketaren alde gizatiarrari begiratzen dion eredua aurkitu dugu. Komunitatean izan beharreko erroak, sarea egitearen garrantzia, ekonomia feminista txertatzearen beharra edota proiektuen eta bizitzaren arteko oreka dira mahai gainean aurkitu ditugun osagaietako batzuk.

Energia berriztagarriak, elikadura burujabetzari lotutakoak edota zaintzekin zerikusia duten proiektuak dira nabarmenenak, baina ez bakarrak.

«Guk ekonomia soziala demokrazia ekonomikoan oinarritutako ereduetan kokatzen dugu, eta normalean, forma juridiko zehatzei begiratzen die ekonomia sozialak (...) Ekonomia soziala dira kooperatibak, fundazioak, elkarteak... eta ‘eraldatzaile’ terminoa gehitzen diogu izaera hori nabarmentzeko, eraldaketa bilatzen duten proiektuak izan daitezen, edo ‘saia gaitezen sistema kapitalista hau gainditzen eta beste ikuspegi bat gehitzen’». Hitz horiekin azaldu zuen Gorka Julio KoopFabrikako Koordinazio Taldeko kideak NAIZ Irratiko mikrofonoetan ekimena gidatzen duen filosofia. Zehaztu zuenez, «ez da gauza bera forma bat edo bestea hartzea». «Guk uste dugu kooperatiba tresna ona dela eta bere horretan kolektiboki antolatzeko eta ekimenei elkarrekin edo kolektiboki ekiteko erraztasun gehien ematen duen formula dela», erantsi zuen.

Ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako ekimen horien garapenera hurbildu da GAUR8 Leire Udabe KoopFabrikako Koordinazio Taldeko kidearen eskutik. Proiektu kolektibo komunitarioak ez zaizkigu batere arrotz egiten, baina inguratzen gaituen marko neoliberalean ohikoak ez diren parametroetan mugitzen dira ekonomia sozialaren aldeko formulak, batez ere lan antolaketari dagokionez.

Ainhoa Iribar Lizeaga Bidelagun Taldeko koordinatzaileetako bat (Andoni CANELLADA / FOKU)

Udabek prestakuntza bi zatitan antolatuta dagoela azaldu digu. Lehen blokea urtarrilaren 23tik otsailaren 13ra artekoa izango da, eta hor ekintzailetza kooperatiboaren oinarriak landuko dira: «Zer den ekonomia soziala, zer ekonomia feminista, kooperatibismoa, komunitatea nola landu, lantaldeak modu bizigarrian nola antolatu eta nola kudeatu».

Nabarmendu duenez, proiektuak lurralde edota komunitate zehatzetan kokatzen dira, eta behar duten txertatze eta sustraitze hori ere lantzen dute formazio horretan. Lehen blokean, beraz, oinarri teorikoak du pisu handiena, «bestelako ekintzailetza mota» horretan trebatu eta inspiratzeko. Izan ere, azaldu duenez, egitasmoak oso landuta etortzen dira batzuetan, eta beste batzuetan formazio horrek laguntzen du ideiari forma ematen.

Otsailaren 15etik martxoaren 1era artekoak saio irekiak izango dira, eta «gai espezifikoagoak» lantzekoak, kudeaketarekin zerikusia duten gizarte segurantza, nominak, fakturak, zergak eta antzeko gaiak argitzeari begirakoak. Bigarren atal horretan, bideragarritasun ekonomikoa eta finantzaketa ere aztertuko dira, besteak beste.

Formazio horretara hurbiltzen diren eragileen eta bultzatzen duten profila askotarikoa dela aipatu du Udabek. Batzuek oinarri ideologiko hori bilatzen dute, «beren proiektua marko horretan txertatu nahi dutelako».

Beste batzuetan, proiektuaren garapena beste fase batean dago edo zerbait suertatu da haren inguruan, «baina bidelaguntza prozesu horretan lurreratu egiten da askotan». Behin oinarri sendoak jarrita, egitasmo bakoitzak bere ibilbide propioa egiten duela argitu du.

Parte hartzaileen artean sortzen diren enpatiak, afektibitateak eta «nolabaiteko atxikimendua» oso garrantzitsutzat jotzen dituzte, bestalde. Udabek nabarmendu duenez, nahiz eta oso sektore ezberdinetakoak izan, sortzen den saretze horrek garrantzi handia dauka eta askotan aurrera egiteko bidean isla du, «lankidetzak, elkarlanak, esperientziak partekatzeak...» proiektuak beraiek eta komunitatean egiten duten ibilbidea aberasten dituztelako.

Emakume ekintzaile asko

Ekonomia sozial eraldatzailearen ardatzetako bat ekonomia feminista da. Horren harira, ekintzailetzan emakume asko dabilela aipatu du Udabek. «Askok feminismoa nahiko edanda dute, nahiko ahaldunduta daude euren proiektuetan ekonomia feminista txertatzeko momentuan; zailtasunak batez ere bizigarritasunean sortzen dira», adierazi du KoopFabrika programako koordinatzaileak. ‘Bizigarritasuna’ deituriko kontzeptu hori oso plano zentral batean dago, eta proiektuan bizitzari, zaintzei... ematen zaien lekua adierazten du. Testuinguru horretan, prekarizazio edo esplotazio esperientzietatik urrun kokatu nahi dituzte KoopFabrikatik pasatzen diren egitasmoak; hasiera, batez ere, gogorra izaten da, eta une horretan bideragarritasuna eta bizigarritasuna uztartu behar dira, zaintzak eta bizitza erdigunean jarrita. Pertsona migratuak eta oro har prekarizazio egoeran egon daitezkeen pertsonak proiektuan nola integratu, hizkuntzaren afera...

Udabek planteatu duenez, sarri zailtasunak agertzen dira, baina horiek mahai gainean jarrita, erronka da nola txertatu kolektibo zaurgarri horiek, bizitzak nola jarri benetan gure proiektuetan erdigunean, esplotazioan erori gabe eta egitasmoa bideragarria izateko bermeak erabilita.

Gakoa kolektiboan dago, aipatu duenez. KoopFabrika bidelagun da pertsona bakarreko proiektuetan ere, baina «guretzat kolektiboek dute lehentasuna», adierazi du Udabek. «Eredu neoliberalak ekintzailetasun indibidualera, arrakastatsura, eramaten gaitu, diru asko irabazteko, eta guk kontrako bidea proposatzen dugu: guk jendarte edo lurralde batean zer beharrizan dauden aztertu eta horiek asetzeko moduko proiektuak sortu nahi ditugu, eta egitasmo horiek kolektiboak izatea, izan enpresa moduan, izan herrigintzatik edo komunitatearen antolakuntzatik. Askotan herrigintzan proiektu sozioekonomikoak egiten dira eta guk uste dugu bai kooperatibismoa bai ekonomia feminista erantzun bat emateko gai direla eta horri erantzuteko eredua dugula», zehaztu du Udabek.

KoopFabrikak aurreko edizioetan eskainitako formazio saioetako bat, irudian (KOOPFABRIKA)

Ideia horretan sakonduz planteatu du, energia berriztagarrien inguruan, kontsumo kooperatiben formatuarekin, edota zaintzaren inguruko gaur egungo eztabaida mardularen harira, kooperatibek eta bestelako formula kolektiboek emango dietela erantzuna etorkizuneko erronkei. Erantsi duenez, pandemiak eta azken krisi ekosozialak, ondoren, argi utzi dute zein eremuk duten garrantzia eta tokian tokiko ekonomietara itzuli beharra dagoela.

Bide beretik doaz lanaren jabe izateko eskubideei ematen zaien garrantzia ere. «Askotan ematen du ekonomia ez dakit nork ez dakit non egiten duela, eta guk uste dugu, aldiz, ekonomia herri eta auzoetatik sor daitekeela eta, hori sortzeko, ezinbestekoa dela lanaren burujabetzaren kontzeptua berreskuratzea: kultura aldaketa eta txip aldaketa bat behar da, alegia. Hainbat burujabetza mota landu nahi ditugu: bizitza, zaintzak, elikadura... Ase beharreko hainbat behar daude-eta Euskal Herrian».

Bidelaguntza

Formazioaren ondoan, KoopFabrikak eskaintzen duen ‘bidelaguntza’ izeneko arreta da programaren beste zutabe nagusietako bat. Ainhoa Iribar Bidelagun Taldeko koordinatzaileak azaldu duenez, «kasu askotan ideiak garatuta dauzkate, baina landu behar dute nola egin. Bide hori martxan jartzeko laguntza eskaintzen dugu, hain zuzen ere (zer behar duten, zer laguntza behar dituzten...), beraien erritmoak eta disponibilitateak errespetatuz».

Bidelaguntza behar diren baliabideetan eta tresnetan fokalizatuago dago. Sarea ehuntzearen garrantzia, komunitatearekin eta beste eragile komunitario batzuekin elkarlanean aritzeko aukeren azterketa... fase horretako osagaiak izaten dira. Iribarren hitzetan, bide-orri bat finkatzen da eta lehentasunak adosten dira. «Ez da hainbeste tramiteekin laguntzea», zehaztu du.

Garapen agentzia batean aurki daitekeen laguntzarekin alderatuta, han «zenbat diru behar duzue edo zenbat kobratu nahi duzue» bezalako parametroetan mugitzen dira, baina ekintzailetza sozialeko proiektuei begirako galderak bestelakoak izaten dira: zenbat kide zaudeten, zer/nolako prestakuntza duzuen, bizi kalitatearen aldetik zer baldintza eskatzen diozuen proiektuari, nola kudeatuko dituzuen sor daitezkeen gatazkak... Dirua eta baliabideak behar dira, noski, baina erdigunean pertsonak jartzen saiatzen gara, lantalde bat dagoelako, eta azkenean zenbakiek positibo edo negatibo eman dezakete, baina proiektu bateko harremanak eta pisu emozionala oso garrantzitsuak dira».

Plano horretan, bizitzari espaziorik ez kentzeak duen garrantzia nabarmendu du Iribarrek. Dioenez, alderdi asko jarri behar dira mahai gainean, eta horien artean norberaren espektatibak betetzeko aukera. Adibide gisa jarri du bera kide den kooperatiban urtero egiten duten bilera, non asmoak zehazteko elkartzen diren eta kide bakoitzak «zu nola zaude» galderari erantzun behar dion, «gerta daitekeelako une horretan %100ean ez izatea, egoera pertsonala tarteko. Horren inguruan hitz egin behar da, eta enpatia eta besteen bizitzarekiko errespetu handiko dosiak behar dira, horrek ere isla izango duelako proiektuaren martxan, pertsona bat gaizki badago azkenean ekosistema kutsatuko baita, proiektuan antzemango baita, eta horrek segur aski ondorio ekonomikoak ere ekarriko baititu»

LUMA: PERTSONEN BEHARRAK ADITUZ ANTOLATZEAREN BEHARRA

Duela urte batzuk Afrikara egindako bidaietan Maliko emakumeek sortutako oihal tradizionalak ezagutu zituen eta buruan proiektu baten ideia sortu zitzaion. Irakaslea zen, baina bidaia haietako batetik bueltan, hezkuntza mundua utzi eta oihal horien erabileraren inguruko proiektu bat sortzea erabaki zuen. “Luma, moda etikoa” da emaitza, moda osagarrien diseinuan zentratuta. Maider Gaztelumendiren istorioa da, eta horretan zerikusi handia dute KoopFabrikan barneratutako formazioak eta jasotako bidelaguntzak: «praktikoak eta inspiratzaileak», aldi berean, GAUR8ri kontatu dionez.

Zalantzez beteriko hasiera une haiez, kontatu du argi zeukala zeintzuek izan behar zuten egitasmoaren balio nagusiak: «merkataritza justua, jasangarritasuna eta aniztasuna». «Ez neukan ideiarik enpresa munduaz eta ahal izan nuen bezala hasi nintzen», jarraitu du. Enpresa plana osatzen eta batez ere alderdi ekonomikoari begirako urratsak egiten hasi zen, KoopFabrika ezagutu zuen arte. «Sekulako aldaketa izan da proiektuari begira, eta laguntza handia», adierazi du Maider Gaztelumendik.

Formazio saioak jarraitu zituen eta bikotekidearekin batera egin zuen bidelaguntza prozesua, Luman biak langile bezala aritzea baita asmoa. Beste enpresa eredu bat ezagutzen lagundu dietela nabarmendu du: «Proiektu batentzat funtsezkoa da bideragarritasun ekonomikoa, baina beste alderdi batzuk ere badaude: bizitza erdigunean jartzea, adibidez. Komunikazioa eta marketing komunitarioa ere beharrezkoak dira». Formazioa baliogarria izanik, bereziki eskertzen du Lumako bultzatzaileak KoopFabrikak eskainitako bidelaguntza: «Bidelagun bat izatea eta harekin batera zure proiektua aztertzea: zer aukera, zer behar... zure beharretan eta helburuetan oinarritutako plan bat egitera bideratuta». Eta «bideragarritasun ekonomikoa begiratzen da, noski, baina baita beste arlo batzuk ere: zer lan prozesu eraman beharko genukeen aurrera, egonkortasun ekonomikoa izateko, lantaldea bera ere....», azaldu du.

Maider Gaztelumendi, “Luma, moda etikoa” proiektuaren tailerrean (Andoni CANELLADA / FOKU)

Luma proiektua diseinatzeko, adibidez, komunikazio bisualari eman diote garrantzi berezia, «gure beharrak horiek direlako, baina lagundu digute helburuak aurrera eramaten, plan osatu bat egiten...». Formakuntza eta bidelaguntza prozesuan ‘Ekintzailetza Kooperatiborako Bizigarritasun Zikloa’ izeneko atala dago, eta arlo horretan lantzen diren eremuak (ikuspegia, pertsona eta lantaldea, sare komunitarioa eta harremanak, edota lurraldea eta eraldaketa soziala) nabarmendu ditu Gaztelumendik.

Lumaren kasuan, ikuspegia, xedea eta proiektua bera landuta zeuden aurretik, baina pertsonak eta lantaldearen antolaketa izan dira bereziki jorratutako arloak, eta hori oso esperientzia bitxia izan dela adierazi du: «Lana nola banatuko den, lan hori nolakoa izango den eta nola aitortuko den, erabakitzeko aukera izatea....».

Garrantzia eman dio alor horri. «Guk erabaki ahal dugu: Maiderrek zaintza lanak egin behar ditu eta horiei ere balioa eman behar zaie; beraz, ez du zertan soldata txikiagoa kobratu. Enpresa barruan, guk geure politika propioak egiteko eskumena izatea da hori». Eta hori Luma proiektuan txertatu dute. Ideian sakonduz, azaldu du proiektu baten hasierak lan handia eskatzen duela, eta haien kasuan egitasmoan bikote laguna eta biak murgilduta egonik, lanaren eta etxearen arteko oreka garrantzitsua izan zela. Lana eta bizitza jasotzen zituen mapa bat egin zuten, adibidez, lanaz gain «azkenean bizitza-proiektuak direlako».

Kanpora begira, egoera oso bestelakoa da, inguratzen gaituen ekonomia eredu nagusian «berdin duelako proiektuko kide batek aita gaixorik izateak: nork bere orduak sartu behar ditu eta kito; inori ez zaio inporta lanetik kanpo zer daukagun. Baina kasu honetan pertsona baloratzen da, eta horregatik diogu pertsona erdigunean jartzen dela, lantaldea garatzeko espazioa ematen delako eta horren barruan zaintzeko espazioak eduki ahal izateaz hitz egiten delako, bilerak nolako salmentak izan diren aztertzera mugatu beharrean».

Onartu du, proiektua martxan jarrita, ez dela erraza izan, finkatutako helburuetatik bakar batzuk baino ezin dituztela bete momentuz, «baina nabaritu dut askoz osasuntsuagoa dela horrela lan egitea: alderdi ekonomikorik gabe inork ez du ezer, baina badaude oso garrantzitsuak diren alderdi horiek. Izan ere, bestela, produzitzen, itotzen gara; gero eta hobeak gara produzitzen, baina planteamendua eta benetako beharrak ez doaz hortik».