Altunak eta Tolosak seigarren puntua bildu dute Etxeberria-Rezusta atzean utziz (22-12)

Jokin Altunak erabaki du gaur arte Binakako Txapelketan bost garaipenekin berdinduta zeuden bikoteen arteko lehia. Amezketarrak 12 tanto egin ditu jokoan pilota bakar bat galdu gabe. Material oso bajua zegoen saskian eta Rezusta deseroso ibili da hasieratik.

Jokin Altunak sekulako tantoak egin ditu, eskuinez lan aparta sinatuz.
Jokin Altunak sekulako tantoak egin ditu, eskuinez lan aparta sinatuz. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jokin Altuna eta Xabi Tolosa izan dira seigarren puntua eskuratu dutenak Peio Etxeberria eta Beñat Rezustaren aurkako partida irabazita, gaur arte Binakako Txapelketan bost garaipenekin berdinduta zeuden bikoteen arteko lehian alegia. Jokin Altunak sekulako erakustaldia eman du Labriten, jokoan 12 tanto eginda eta bakar bat galde gabe, eta bera izan da norgehiagokaren nondik norakoa baldintzatu duena.

Amezketarraren inspirazioarekin batera, materialak ere merezi du aipamena. Aurreko egunetan izan diren elurteen ondorioz material aukeraketa gaur bertan egin behar izan dute pilotariek, partida hasi aurretik, eta orokorrean pilota oso bajuak izan dira. Bi atzelariei ikaragarri kostatu zaie pilota atzeratzea eta, alde horretatik, Beñat Rezusta izan da bereziki deseroso ibili dena Altunari pilota kendu ezinik.

Neurketak hasiera oso azkarra izan du, bi aurrelariak erritmo oso bizian jokatuz ekin diotelako demari. Abiadurak zenbaitetan zehaztasun eza ekarri ohi du berekin –Etxeberriak falta egin du lehen sakean–, baina ez da horrela izan gaurkoan, eta partidaren lehen zati luzean sekulako tantoak ikusi dira. Labriten larunbat arratsaldetan egon ohi den giro beroa are gehiago berotu dute Jokin Altunak eta Peio Etxeberriak.

Ezin dira den-denak aipatu lerro hauetan, baina partida hasi eta berehala adibidez, 3-2koa horma-biko sinestezin batekin sinatu du amezketarrak, ikusleak aho zabalik utziz. Jokaldi berdinarekin beste bi tanto gehiago egin ditu Jokinek 7-3 aurreratu eta urdinei lehen atsedenaldia eskatzera behartuz.

Peio Etxeberriak ez du atzera egin, ordea, eta berak ere behin baino gehiagotan zutiarazi ditu zaleak lehen erdi horretan. Horma-biko perfektua 9-5ean, eskuin bolea luzea 10-6koan, gantxo bikaina 10-7koan... Urdinen erreakzioak 10-8 estutu du markagailua eta Rezusta bera ere animatu da aurreko festara: 7-4koa berak egin du zabalean pilota zail bat harrapatu ostean.

Partida hautsi egin da

Bigarren erdian, zoritxarrez, partida hautsi egin da. Jokin Altuna izan da gorrien 6-0eko partzialari hasiera eman diona txokoan utzitako pilota eder batekin eta zabalean beste aldera begiratuz bota duen dejada apartarekin. Eta jarraipena urdinen ezinak eman dio, lau pilota segidan galduz. Markagailuak 16-8ko emaitza erakusten zuen eta neurketa parekatu bat ikusteko aukerak ia galduta zeuden.

Urdinek egin dute azken saiakera bat norgehiagokan sartzeko eta Peio Etxeberriaren hiru erremate bikainekin 16-12 gerturatu dira, baina nahikoa izan da zenoztarraren akats bat, horma-bikoa kanpora bidaliz, sakea gorriei eman eta aurkariak 22ra zuzenean ihes egiten ikusteko.

Jokin Altunak oso pozik hitz egin du partida amaieran: «Aurreko asteburuan ezkerra oso kargatuta nuela amaitu nuen. Ostegunean probatxo bat egin eta jokatzea erabaki nuen, baina beldur apur batekin etorri naiz, ez nuen gehiegi arriskatu nahi. Zorionez ez dut gehiegi behartu beharrik izan eta eskubiarekin lana eginez neurketa aurrera atera dugu».

Amezketarrak Tolosaren lana ere goraipatu du: «Aurreko asteburuan sekulako partida jokatu zuen. Gaur erdi aldera esan dit apur bat nekatuta zegoela, baina oso ongi eutsi dio. Aste guztietan ez dira sentsazio berdinak izaten, baina nik oso ongi ikusten dut».

Atzelari gipuzkoarrak antzeko azterketa egin du: «Jokini ez dio faktura pasa aurreko asteko palizak, niri agian bai. Baina Jokin bezalako pilotari batekin jokatzeak horixe dauka, nahikoa da partida zuzen eustea berak erabakitzen duelako aurrean».

FITXA

Pilotakadak: 431. Partidaren iraupena: 52 minutu eta 13 segundo. Markagailua: A1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 5-2, 5-3, 7-3, 7-4, 9-4, 9-5, 10-5, 10-8, 16-8, 16-12 eta 22-12. Sakez: Falta bat Peio Etxeberriak. Egindakoak: 12 Altuna III.ak, 2 Tolosak, 8 Peio Etxeberriak eta 2 Rezustak. Galdutakoak: 2 Tolosak, 4 Peio Etxeberriak eta 3 Rezustak. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua. Lehen sakea, urdin.