NAIZ

Bi mendizale erreskatatuak Anboto mendilerroan, eta beste bost Errioxan

Bi pertsona erreskatatu behar izan zituzten larunbatean Urkiolako Parke Naturalean eguraldi txarraren ondorioz. Igandean, beste bost mendizale nafar ere erreskatatuak izan ziren Errioxako San Lorentzo mendian.

Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendi Ataleko kideek.
Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendi Ataleko kideek. (ERTZAINTZA)

Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendi Ataleko kideek Anboto mendilerrotik jaisten lagundu behar izan zieten larunbat honetan bi mendizale gazteri, egoera meteorologikoak okerrera egin ondoren, astelehen honetan jakitera eman denez.

Abisua arratsaldeko laurak aldera jaso zen, bi mendizale Anboton, eguraldi txarraren ondorioz, harrapatuta zeudela esanez. Urkiolako Parke Naturalean oinez Elgoin mendiaren hegoaldetik igo ondoren, ezin izan ziren jaitsi, bidea izoztuta baitzegoen.

Lekura suhiltzaileak eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko baliabideak igo ziren, eta, azkenean, hauek iritsi ziren bi gizonak zeuden lekura eta toki seguru batera jaitsi ahal izan zituzten. Ertzaintzaren helikopteroa ere mobilizatu zuten, baina ez zuten haren esku-hartzerik behar izan.

Bost mendizale nafar erreskatatu dituzte San Lorenzo mendian (Errioxan)

Bestalde, Guardia ZibilekoMendiko Erreskate Taldeak bost mendizale nafar erreskatatu zituen igande arratsaldean San Lorentzo mendiko Calamantio sakanaren inguruan.

Mendizaleek, 50 eta 55 urte bitarteko hiru emakumek eta bi gizonek, goiz erdian hasi zuten San Lorenzo tontorra inguratzeko ibilbide zirkularra. Baina eguraldi txarra, nekea eta inguruarekiko ezagutza eza dela eta, noraezean amaitu zuten. Guardia Zibilaren erreskate-taldearekin telefonoz hitz egin ondoren, erreskatatu egin zituzten.