Nerea Lauzirika
Bilbo

Darucama kooperatiba «faltsua» eta Cruz Azul enpresa ixteko eskatu dute etxeko langileek Bilbon

Joan den ekainean Lan Ikuskaritzak Darucama enpresa «kooperatiba faltsu» bat dela ebatzi arren, funtzionatzen jarraitzen duela salatu dute Etxeko Langileen Elkarteek. Horregatik, Darucama eta haren zerbitzuak kontratatzen dituen La Cruz Azul agentziaren itxiera galdegin dute Bilbon.

Elkarretaratzea egin dute Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean.
Elkarretaratzea egin dute Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean. (N.L.)

Etxeko Langileen Elkarteak deituta eta Argilan-ESK, Argitan, Berri-Otxoak, CNT, ELA, EMF-Sociosanitarias Feministalde, Kakitzat, LAB, Munduko Emakumeak Babel, Steilas eta Trabajadoras No Domesticadas eragileen babesarekin, elkarretaratzea egin dute Lakuaren Gobernuak Bilbon duen egoitzan, Lan Ikuskaritzari Darucama kooperatiba «faltsua» itxi dezala eskatzeko, baita harekin elkarlanean aritzen den La Cruz Azul agentzia ere.

Gogoratu dutenez, Etxeko Langileen Ekarteak salatutakoa baieztatu zuen Lan Ikuskaritzak 2022ko ekainean argitaratutako txosten batean: Darucama kooperatiba «faltsua» dela eta La Cruz Azulekin batera osatzen duen enpresa-sareak langileak kontratatzen ditu. Horri esker, lortu dute Darucamarentzat lanean aritu direnei ofizioz Gizarte Segurantzan alta ematea. Hala ere, salatu dute enpresa-sareak langileak «engainatzen» jarraitzen duela.

Etxeko Langileen Elkarteko Isabel Otxoa bozeramaileak azaldu duenez, «enpresak dio langileak direnak bazkide direla eta beraz, ez dizkietela aitortu behar langileen estatutuan jasota datozen eskubideak». Webgunearen bidez eman behar dute izena Darucaman lan egin nahi dutenek edo bestela, enpresa bera jartzen da haiekin harremanetan, lana bilatzeko beste webgune batzuen bidez. «Sinatuarazten dizkiete bazkide izateko eskaera, Gizarte Segurantzan autonomo bezala lan egiteko eskaera... Gehienek ez dakite zer sinatu duten ere», salatu du Otxoak.

La Cruz Azul enpresak langileren bat eskatzen duenean, Darucamak eskaintzen die langile hori, autonomoa balitz bezala. Otxoak adierazi du barneko langileek, lotara ere geratzen direnek, alegia, 700-900 euro bitarteko soldatak izaten dituztela, baina 100 euro gutxiago ordaintzen dizkiete hilero, astean atseden egun bat eskatuz gero. Eguneko langileen kasuan, astean 42 orduz lan egiteagatik 700 euroko soldatak ordaindu izan dizkiete hilean. Otxoak jakitera eman duenez, «ez dute nahi langileek asko irautea, bi urte badaude kooperatibista egin behar dituztelako». «Lana uzten dutenean, azken hilabetea ez diete inoiz ere ordaintzen», gaineratu du Etxeko Langileen Elkarteko bozeramaileak.

«Engainatzen jarraitzen dute»

«Salatzen duguna ez da Darucama eta La Cruz Azulen jarduna bakarrik, Lan Ministerioaren eta Lan Ikuskaritzaren utzikeria baizik», azpimarratu du Otxoak. Halaber, kezka adierazi du Darucama oso hedatuta dagoelako eta egun ere langileak «engainatzen» jarraitzen duelako. Carla da Silvaren kasua da, adibidez. Azaroaren 30ean kontratatu zuten Ferrolen (Galiza) lan egin zezan, Bilbon bizi bada ere.

Hara heldutakoan ikusi zuen astean 87 orduz lan egin beharko zuela, astelehenetik igandera. Gainera, egunean tokatzen zitzaizkion bi atseden orduetan ezin izaten zuen etxetik atera, zaintzen zuen pertsona ezin zuelako bakarrik utzi eta inor ere ez zelako agertzen berarekin geratzera. Egoera ikusita, Da Silvak enpresari lana uzteko erabakia jakinarazi zion, baina 15 egunez ez zioten alde egiten utzi.

Joan ez zedin, mendekotasun egoeran dagoen pertsona bat bertan behera uztea delitua dela esanez mehatxatu zuten, baina ez zuten ordezkorik bidaltzen. Horrez gain, egindako hilabeteko lanagatik ez diote soldatarik ordaindu, Da Silvak berak jakitera eman duenez.