Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Frankismoak Gipuzkoan eragindako ehunka biktima identifikatu ditu Javi Buces historialariak

Javi Bucesek errepresio frankistak 1960-1975 artean Gipuzkoan izan zuen eragina ikertu zuen bere tesian; orain, liburua eman du argitara: ‘Oposición, represión y graves violaciones de derechos humanos en Gipuzkoa (1960-1975)’. Historialariak ehunka biktima identifikatzea lortu du.

Javi Buces historialaria, bere liburuarekin.
Javi Buces historialaria, bere liburuarekin. (Jon URBE | FOKU)

2021eko uda hasieran aurkeztu zuen Javi Buces Cabello (Sevilla, 1982) Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariak bere tesia eta liburu baten forma eman dio orain: ‘Oposición, represión y graves violaciones de derechos humanos en Gipuzkoa (1960-1975)’. Astearte arratsaldean aurkeztu du lan berria, Donostiako San Jeronimo Aretoan.

Kontakizun historiko bat egitetik harago, «defizit demokratiko» bat orekatzera ere badator Javier Bucesen liburua, egileak berak NAIZi adierazi dionez. «Ehunka» biktima identifikatzea lortu du eta kasu askotan izen-abizenekin agertu ditu liburuan. «Helburua ez zen hainbeste historia kontatzea, baizik lokalizatzea, izen-abizenekin, zeintzuk sufritu zuten errepresio frankista Gipuzkoan 1960tik Franco hil arte. Pentsatzen dut badagoela defizit demokratiko bat; oso ondo dago datu orokorrak jakitea, baina zeintzuk ziren, zehazki, errepresio hori sufritu zutenak?», galdetu du historialariak.

Iturri hauei segika, ehunka torturatu identifikatu ditu Bucesek... eta 21 hildako

 

Izen-abizen horiekin topo egiteko elkarrizketak izan ditu zenbait biktimarekin, behatu ditu orduko aldizkari politiko klandestinoak... baina Gipuzkoako Probintzia Artxiboan igaro ditu ordu gehienak, Oñatin. Han, iturri ofizialak begiratu zituen, Guardia Zibilarenak eta Polizia espainiarrarenak. «Txosten hauetan agertzen da beraien jarrera –esplikatu du–: adibidez, Hernanin manifestazio bat egin bazen, zer egin zuten, zenbat pertsona atxilotu zituzten». Iturri horiei segika, identifikatu ditu «ehunka» torturatu, «ehunka» atxilotu, Ordena Publikoko Auzitegian epaitu zituzten «ehunka» pertsona... eta 21 hildako.

Hildako horietako batzuk Bucesek mugarritzat dituen bi epetan gertatu ziren: 1968a, Meliton Manzanasen hilketaren ostean eta 1970a, Burgosko Prozesuaren baitan. Bi gertakari horien ostean erregimen frankistak aktibatu zituen salbuespen egoerak «errepresio zuzena» ekarri zuen, liburuaren egilearen hitzetan. «Estatu diktatorial batean errepresioa orokorra da, euskararen kontra, kulturaren kontra... dena. Baina errepresio zuzena oso konkretua zen: ETAko militanteak, Alderdi Komunistakoak, bilatzen zituzten eta 1968tik aurrera errepresio indiskriminatua izan zen: Manzanas hil eta gero atxilotu zituzten pertsona gehienak ez zeuden erlazionatuta haren hilketarekin. Beraien fitxetan ‘nacionalista’ edo ‘comunista’ jartzen zuen, baina atxilotuek eta torturatuek ez zuten zerikusirik hilketarekin. Abanikoa ireki zen eta errepresio gogorrena etorri zen. Ez bakarrik ETAko edo Alderdi Komunistako militanteen kontra, baizik gizarte euskaldunaren kontra», azaldu du Sevillako historialariak.

Burgosko Prozesuaren ostean, gainera, ohiz kanpoko iraupena izan zuen Francok ezarritako salbuespen egoerak. Idazlearen esanetan, 1968ko abuztutik 1971eko otsailera arte orotara hamar hilabetez salbuespen egoeran izan ziren gipuzkoarrak. «Horrek eragin asko ditu: errepresio zuzena, kalera ateratzeko debekua, tortura...», xehatu du.

Gipuzkoan eragindako torturak, garai horretako irudi batean. (Euskal Memoria Fondoa)

Gipuzkoan, frankismoaren bigarren aldian

Gerora liburu bihurtu duen tesia denbora tarte –1960-1975– eta leku –Gipuzkoa– konkretu horietan kokatzeko arrazoiak baditu Bucesek. Batetik, liburuaren egileak antzematen du «hutsune» bat dagoela frankismoaren bigarren aldiari dagokionez, ikerketa gehienek 1936ko gerraren eta gerraostearen garaiak lantzen baitituzte. «Gogoratu behar dugu frankismoa luzea izan zela, ez zela bukatu 1945ean», azpimarratu dio liburuaren egileak NAIZi.

Ondorio hau atera du historialariak: «Gipuzkoa izan zen Estatu espainiar mailako probintzia zigortuena» Francoren partetik

 

Bestetik, kontatu du Gipuzkoan zentratzeko arrazoi nagusia izan zela bertan pairatu zelako errepresio frankista modu gordinenean. «Gipuzkoa izan zen Estatu espainiar mailako probintzia zigortuena», argitu du. Zergatia galdetuta, aise erantzun du: bertan zegoelako frankismoaren kontrako oposiziorik «indartsuena». Hala, «errepresio gogorrena» erabili zuen Francoren erregimenak gipuzkoarren kontra.

Bucesek esplikatu duenez, baziren bi faktore Gipuzkoa frankismoarentzako eremurik arriskutsuena bilakatu zutenak. Industria asko zegoen eta, horregatik, borroka soziala egiteko prest zegoen langile ugari. Nortasun abertzalea ere gainontzeko euskal probintzietan baino hedatuagoa zen eta, beraz, asko ziren borroka politikoa egiteko prest agertu ziren gipuzkoarrak. «Aldarrikapen sozialak eta aldarrikapen nazionalak, bereziki Gipuzkoan, bat egin zuten. Orduan, oposizioa asko indartu zen eta errepresioa jasan zuen», zehaztu du historialariak.

Franco, Donostian Kontxako estropadak ikusten. (Kutxa Fototeka)

Kontakizunaren bataila

Gerora ikerketaren bitartez konfirmatuko zuen hipotesi ustez ageriko bat izan zen Javier Bucesen tesiaren abiapuntua: frankismoak oposizioaren kontra erabilitako errepresioa eta indarkeria oposizioak erabiltzen zuena baino askoz handiagoa izan zen eta giza eskubide gehiago urratu zituen, alde handiarekin. Itxuraz, gauza jakina da, baina egiaz, errelatoaren gerran sartuta dauden historialari batzuek badute «tendentzia bat frankismoa zuritzeko», Bucesek ohartarazi duenez. «Batez ere bigarren frankismoa, ETA agertzen delako, biolentzia erabiltzen duen oposizioa agertzen delako», esan du.

Horregatik, ‘Oposición, represión y graves violaciones de derechos humanos en Gipuzkoa (1960-1975)’ lanaren egileak uste du oraindik ere beharrezkoa dela esatea frankismoa errepresio zuzena erabili zuen diktadura izan zela azken unera arte. «Oposizio antifrankista eta indartsuena Euskal Herrian egon zen, batez ere Gipuzkoan, eta diktadura horixe zen, diktadura», borobildu du.