NAIZ

14 gradutan, Duranako Ikasbidea ikastolakoek ahotsa altxatu dute: «Soluzio duina merezi dugu»

Duranako Ikasbidea ikastolan irailetik daude berogailurik gabe, eta hotz bolada betean 13-14 gradutara egon dira ikasgelan. Hezkuntza Sailak dio galdara udan aldatuko dutela; familiek, ordea, berehalako soluzioa eskatu dute. Elkarretaratzea egin eta Lakuako protesta babestu dute.

Ikasbidea Ikastolako bigarren hezkuntzako protesta, ostiral honetan Duranan.
Ikasbidea Ikastolako bigarren hezkuntzako protesta, ostiral honetan Duranan. (IKASBIDEA IKASTOLA)

Ikasbidea ikastolako Bigarren Hezkuntzako Irakasleon Batzarrak elkarretaratzea egin du ostiral honetan, eta eguerdian ikasleek Lakuara joateko egin duten deialdiarekin bat egin du. «Azkenaldi honetan ez dugu heziketa modu egokian garatzeko baldintza duinik izan», azaldu dute. Baina zailtasunak zailtasun, manta, txano eta eskularru azpian, ahotsa altxatzeko adina bero bildu dute aldarrikapen xume bezain sakon bat egiteko: «Hotzaren aurrean konponbide iraunkor eta duin bat nahi eta merezi dugu».

«Zerbitzu publiko duinak behar eta merezi ditugun bezala, horien eraikuntzan parte hartzeko aukera izatea ere aldarrikatzen dugu. Etorkizuneko ikastola izan nahi dugu», erantsi dute Duranako ikastetxe honetan.

Irakasleek azaldu duenez, muturreko egoera hau ez da egun batetik bestera sortu. Galdarak arazoak eman ditu azken urteetan eta egin diren konponketak ez dira inoiz erabatekoak izan, «galdarak berotzen jarrai dezan jarritako txaplatak» baizik.

Galdararen egoera zela eta, iaz zuzendaritzak berau aldatzeak edo konpontzeak lehentasunezkoa izan behar zuela adierazi zuen. Gauza bera esan zuten ordezkaritzako teknikariek 2022ko urtarrilean idatzitako txostenean ere. Baina Lakuako Gobernuak ez zuen lehentasunezkotzat hartu. Horrenbestez, jakinarazi zuten ez dutela udara arte konponduko, horretarako galdara itzalita egon behar delako eta hiru aste beharko zituztelako.

Txano, beroki eta mantekin

«Ikasturte hasieratik zekiten, negu gorria iristean, arazoak izango genituela ikastetxea berotzeko», salatu du Irakasleon Batzarrak. «Ikasturte hasierako egunik hotzenetan nabaritu genuen lehen aldiz tenperatura baxua baina, zorionez, eguraldiaren hobekuntzak bukaera eman zion muturreko egoerari eta hotzari aurre egitea lortu genuen».

Baina Gabonetatik itzuli ziren lehen egunetik egoerak okerrera egin du nabarmen Arabako ikastola honetan, eta azken egun hauetan «jasanezina» izan da hotza. «Eguneroko bihurtu zaigu ikasgela zein korridoreetan ikasle eta irakasleak txano, eskularru, beroki eta mantekin ikustea. Gela batzuetan, 13 eta 14 gradu erregistratu ditugu, eskolak emateko gutxienekoak 17 direnean».

Beste adabaki bat

Urtarrilaren 25ean, Lakuako Hezkuntza Saileko teknikari bat izan zen ikastetxean eta zenbait erabaki hartu omen zituen. Dena dela, arazoa errotik konpondu beharrean, beste txaplata bat jarri zutela kritikatu du batzarrak: «Diru laguntza bat eman dute berogailu elektrikoak zein haizea berotzeko makinak erosteko eta matxuratuta dauden erregailuetatik hiru konpontzeko».

Zuzendaritzak egoera bideratzeko egin duen lana azpimarratu dute irakasleek, eta eskolako tenperatura goxatzeko balio dezaketen baliabideak (nahiz eta arazoa ez konpondu) gustura jaso dituzte. «Hobe hori, ezer ez baino». Hala ere, zalantza handiak dituzte ikastetxeko argindar sareak jasan dezakeen tentsioaren eta ekonomikoki nahiz ingurumenari dagokionez sortuko dituen eragozpenen inguruan.

Aspalditik identifikatuta zegoen arazoari irtenbidea garaiz emanez saihes zitekeen egoera dela uste dute, baina hezkuntzako beste gai askorekin bezala, Hezkuntza Sailean «inprobisazioa izan da nagusi», gaitzetsi dute.