Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

DBHrako bost bideo didaktiko aurkeztu ditu Naizen elkarteak bere jaian

Aitziber Garmendia, Garazi Urkola eta Kepa Errasti dira umorea eta ezagutza biltzen dituzten ‘Sexu identitatea eta aniztasuna’ ikus-entzunezkoen protagonistak. Naizen elkarteak gazteengan jarri nahi ditu indarrak eta haientzat dira bost minutuko bost pilulak.

Naizen elkartearen jaia eta bideo didaktikoen aurkezpena.
Naizen elkartearen jaia eta bideo didaktikoen aurkezpena. (Maialen ANDRÉS | FOKU)

Naizen adin txikiko transexualen familien elkarteak urteroko jaia ospatu du larunbat honetan Donostian. Bertan, bigarren hezkuntzako ikasleentzat egindako bost bideo didaktikoak aurkeztu dituzte ikus-entzunezkoen protagonistek, Aitziber Garmendia, Kepa Errasti eta Garazi Urkolak. Ekitaldian, diseinu lehiaketa baten emaitza den Naizenen kamiseta berria ere erakutsi dute. Yogurina Borovak eman dio saria irabazleari.

11.30ean hasi da ospakizuna, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Elkartea osatzen duten 300 familietako aunitz elkartu dira, baita erakundeetako ordezkariak, bertze elkarte batzuetako kideak eta profesional eta aktibista bidelagunak ere.

Maialen Lujanbio txapeldunaren eta German Urteagaren bertsoen ondotik, Garmendiak eta Errastik umorez aurkeztu dute besta.

Lehen atala

‘Sexu identitatea eta aniztasuna’ ikus-entzunezkoen lehen atala, sexu ezaugarriei buruzkoa, ekitaldian bertan proiektatu dute; bertze laurak (Sexu identitatea, Sexu aniztasuna, Nahasketa batzuk eta Elkar zainduz) astero argitaratuko dituzte, otsailaren 6, 13, 20 eta 27an, Naizenen sareetan.

Bea Sever: «Ikastetxeek transexualitatearen inguruan lan egiteko material eskatu ziguten. Ez dago hainbeste eta daudenak ez dira arinak»

 

Bea Sever elkarteko bozeramaileak halaxe azaldu dio NAIZi bost minutuko bost pilula hauen jatorria: «Ikastetxeek transexualitatearen inguruan lan egiteko materiala eskatu ziguten. Lehen Hezkuntzan errazagoa da ipuin edo libururen bat topatzea, edo gaia azaltzea bera, baina DBHn, gehiago sakondu behar denez, irakaslegoa ez da seguru sentitzen, ez dago hainbeste material eta daudenak ez dira arinak».

Bigarren Hezkuntzako eskoletan saioak eskatzen dizkietenean, elkarteko gazteak joaten dira bizipenak partekatzera. Behar horretatik sortu zen ikus-entzunezkoen proiektu hau. Erabaki zuten hobeki iritsiko zitzaiela umore puntuarekin eta horretarako, Aitziber Garmendia, Kepa Errasti eta Garazi Urkolarengana jo zuten.

«Aitziber eta Keparekin harremana eduki izan dugu. Aitziberrek guregana jo zuen Goraneren haur transexualen bakarrizketa ezaguna egin zuenean, eta Kepak ere bai  ‘Lurra’ antzezlana sortzerakoan. Elkarlanean aritu gara berriz ere».

Malgutasuna, eta begiak zabalik

«Oso argi nuen ‘Barre Librea’-n adingabe transexualen inguruan bakarrizketa bat egin nahi nuela, eta Goraneren pertsonaiarekin beste bide batzuk ireki nitzakeela pentsatu nuen. Naizenekin jarri nintzen harremanetan, menderatzen ez duzun gai batekin hanka sartzeko arrisku handia duzulako. Oso ondo hartu ninduten eta Beak oso pauta garrantzitsuak eman zizkidan. Bere master class-ari esker sortu nuen hainbeste arrakasta izan zuen bakarrizketa, eta horri esker Naizen eta haur eta gazte transexualak ezagutzen joan naiz», azaldu digu Garmendiak.

Bideoak bi ataletan zatituta daude: fikzionatua eta azalpenak. «Fikzionatua Kepa eta biok idatzi dugu Naizenen aholkularitzarekin, eta azalpenen atal hori gehiago izan da Naizenen lana, testuak guk idatzi ditugun arren».

Lehenengo bideoa sexu ezaugarriei buruzkoa da. Zein dira nesken ezaugarriak? Zein mutilenak? Zalantza sortzen du, eta hori positiboa da Zaldibiko aktorearentzat, pentsatuarazi egiten duelako. «Bi kaxoi horietan mugatuta geratzen gara sarri, badakigu hori ez dela bidea. Ezaugarri maskulinoak dira gizonetan gehiagotan ematen direnak; femeninoak, emakumeetan gehiago ematen direnak, baina horrek ez du esan nahi beti ematen direnik; justu kontrakoa esan nahi du, ez direla beti ematen. Dena ez da itxia, zurruna. Gai hauetan onena malgutasuna da, begiak zabalik izatea aurrean duzuna ikusteko», proposatu du.

Gaztea da helduei errepaso bat ematen diena

«Gazteei zuzentzen garenean, ‘hemen gatoz gu zuei irakastera’, hala hurbiltzen gara, eta gazteak nazkatuta daude, askotan guk baino gehiago dakite. Horregatik, hasieratik beste ikuspuntu bat planteatu genuen: izan dadila familiako umea, gaztetxoa familiari lezioa ematen diena. Lur Garaziren pertsonaia da guri errepaso bat ematen diguna, gure ezjakintasunaz kontziente egiten gaituena», agertu du Aitziber Garmendiak.

«Ez zarete konturatzen denok dauzkagula ezaugarri maskulinoak zein femeninoak?», galdetzen zaie gurasoei

 

«Ez zarete konturatzen denok dauzkagula ezaugarri maskulinoak zein femeninoak?», galdetzen die, adibidez, lehen atalean gurasoei.

«Etengabeko ikasketa bat da. Bideoak egitean konturatu naiz ze ezjakina naizen eta pixka bat gehiago dakidala orain; baina pixka bat bakarrik. Denok izan beharko genuke sentsazio hori. Errealitate berriak ezagutzea asko gustatzen zait, dena posible dela ikustea. Galdetzeko libre izan behar genuke: ‘Hau horrela esan daiteke? Hau mingarria da?’ Bai gure bai entzulearen aldetik pazientzia eskatzen du horrek», adierazi du antzezleak.

Atzerapausoei kontra egiteko

Haurtzaroan, familian eta eskolan lan eginez gero, neska eta mutil transexualak nahiko ongi daudela ikusten dute Naizenen. Trantsitoa adin horretan egiten denean bizitza kalitatea ona izan ohi da, Severrek azaldu digunez. Gazteagoen artean, ordea, badira faktore batzuk zailago egiten dutenak. «Motxila handia dago eta gehiago dira gaizki daudenak. Horregatik, hor jarri nahi ditugu indarrak, batez ere ikusi ditugun atzerapausoei, transfobiaren gezurraren ondorioz eman direnei, kontra egiteko».

Astelehenean zabaldutako albisteak horretan lagunduko die: parte hartu duten ‘20.000 especies de abejas’ filma, Estibaliz Urresolarena, Berlinalera doa. Naizen elkartera jo zuen zuzendari laudioarrak Lucia neska transexualaren istorioa sortzeko. «Pozik gaude, bazen garaia. Eduki ditugu bolada txarrak, gai honen inguruko gezurren ondorioak nabaritu ditugu, ondo zeuden haur eta gazteen aurkako bulling eta erasoak sortu dira. Orain ondo datorkigu hau».

Dena pilatu zaie, Bizipozarekin abesti eta bideoklipa ere egin dutelako eta egun berean suertatu direlako Naizenen jaia eta Bizipozaren aurkezpena. ETSrekin eta Kai Nakairekin egin dute kantua.

«Urte gogorra izan da»

2015ean zortzi familiak bide honi ekin ziotenetik lortutako guztia errepasatu eta aniztasuna baliotzat duen jendarte bat lortu arte aurretik dauden erronkak oroitu dituzte Naizenen ekitaldian, «haur eta gazteen transexualitatea oztopo-lasterketa bat ez izatea lortu arte oraindik lana baitago».

Gero, familiekin bazkaldu eta arratsaldean Pontx pailazoa, Kai Etxaniz eta Yogurina Borovarekin jarraitu du ospakizunak. «Kai beti gurekin dago. Garrantzitsua da gure gazteek erreferenteak edukitzea, erreferente positiboak. Bere abestiak abestuko ditu, familiarekin etorriko da. Bizitza arrunta du, horixe nahi dugu haur eta gazte transexualentzat», erran du Bea Severrek.

«Urte gogorra izan da», aitortu du. «Gainditutzat ematen genituen hainbat gauza atzera doazela ikusten dugu. Gure filosofiari segituz, kontra egin beharrean eraikitzen jarraitzen dugu, egunero. Adibidez, hezkuntza protokoloak eguneratu nahi ditugu EAE eta Nafarroan, eta Gurutzetako genero unitatean aldaketak espero ditugu».

Garrantzitsua da haur eta gazteentzat berdinekin biltzea, eta saiatzen dira jai honetaz gain ekintza gehiago egiten. Erraterako, bi asteburu pasa egiten dituzte urtean familiekin, eurei bakarrik gertatzen zaizkien gauzak partekatzeko.