Jon Ormazabal

Lastarik gabe, Jon Ander Peña erosoago aritu da Hendaiako zirimolan (22-19)

Lehia oso eroan, tolosarrak 13 tanto amaitu ditu airez, horietako 8 txokoan eta Laso-Imazen bolada bikaina eten dute.

Jon Ander Peñak partida borobila jokatu du, batez ere erasoan.
Jon Ander Peñak partida borobila jokatu du, batez ere erasoan. (Jon URBE | FOKU)

Peñak eta bigarren astez jarraian Jon Mariezkurrenaren ordez aritu den Josu Eskirozek balio handiko garaipena eskuratu dute Hendaiako Daniel Ugarte pilotaleku biziko partida eroan, azken lau partidak irabaztetik zetozen Laso-Imazi 22-19 gailenduta. Puntu honekin, unerik zailenean, Baikoko bikoteak arnasa hartu du azken bi postuei hiru garaipeneko zuloa sartuta, nahiz eta Ezkurdia-Martija eta Jaka-Arangurenek oraindik jardunaldi honetako lehia jokatzeke izan.

Bartzelonakoarekin batera, Hendaikoa izango da zirkuitu profesionalean erabiltzen diren frontoietan azkarrena eta bertako lur biziak normalean asko baldintzatzen du jokoa. Gaurkoa ez da salbuespen bat izan eta lehia oso gorabeheratsua izan da. Vall d´Hebronen Jaka-Arangurenen aurka tanto bakarraz irabazi zuten Laso-Imazek eta gaur euren bolada bikainari amaiera eman diote, partida kontrolatu ezinik.

Kontua da, Hendaiako pilotalekuan izan den joko ero horretan, bi atzelariek zailtasunak izan dituztela aurrelariei pilotak kentzeko, tolosarra nafarra baino askoz hobeto egokitu dela. Mariezkurrenarik gabe, Peña II.ak ondo zekien ekimenak berea behar zuela, erretrobisoretik begiratu gabe, protagonismoak ez dio ezker besoa uzkurtu eta zirimola horretan gustura sentitu da, bai Laso bera baino gusturago behintzat. Bizkarreta-Gerendiaingoa ere ez da azkar kikiltzen den horietakoa, errematera edozein lekutatik sartzeko ia inork ez bezalako gaitasuna dauka, baina gaurkoan joko prezipitatu horrek ez dio inolako mesederik egin, nahiz eta erremate ale oso ederrak utzi dituen. Bederatzi tanto amaitu ditu Baikoko izarrak, baina batutako akatsak ere asko izan dira, zortzi, eta horren partida estuan garesti ordaindu dituzte.

Peñak, aldiz, askoz gutxiago galtzeaz gain, lau pilota baino ez ditu galdu, airez bikain moldatu da, txokoan aritu da batez ere eraginkor 8 tanto bertan amaituta, eta defentsan ere pilota oso zailak eraman ditu, batez ere sarri lanak izaten dituen zabalekoan.

Gorabehera asko

Baldintza hauetan, atzelariek protagonismo askoz gutxiago izan dute, baina nabarmentzekoa da bere bigarren azterketan Iosu Eskirozek berriz ere nota oso txukuna atera duela, nahiz eta frontoi oso zail batean bost pilota ere utzi dituen eraman gabe. Mariezkurrenaren ordez jokatutako bi partidetan 22ra heldu da Ezkabarte-Makirriaingoa eta enpresari berme osoko ordezko bat duela erakutsi dio.

Erritmo biziko partidetan ohikoa denez, akatsek dezente baldintzatutako lehia izan da Hendaiakoa eta merkagailuan ere gorabehera dezente egon dira, nahiz eta gehienean urdinek eraman duten markagailuaren ekimena. Azkar xamar 5-10 aurreratu dira, baina Lasoren bolada onenari esker faboritoak tanto batez aurretik joan dira lehen atsedenaldi luzera (12-11). Hala ere, Peñak errematean izan duen eraginkortasunari esker, urdinek azkar aurreratu dira berriz (17-18) eta azken txanpan ere askoz gehiago asmatu dute.

 

FITXA TEKNIKOA

Laso-Imaz: 19

Peña-Eskiroz: 22

Pilotakadak: 428. Iraupena: 58,45 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-10, 9-10, 9-11, 12-11, 12-15, 15-15, 15-17, 17-17, 17-19, 19-19, 19-22. Sakeak: Ez da egon. Egindakoak: 9 Lasok, 1 Imazek, 13 Peñak eta 1 Eskirozek. Galdutakoak: 8 Lasok, 0 Imazek, 4 Peñak eta 5 Eskirozek. Gorabeherak: Sarrera bikaina Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan. Estelarraren aurretik Hendaiarrek klubaren 50. urteurrena dela eta aurresku bat dantzatu diete bertako pilotazaleei.