Infernutik ia betirako ihes egiteko puntu ezin garrantzitsuagoa eskuratu dute Urrutikoetxea-Albisuk txapelketari birtualki agur esan dioten Jaka-Arangureni Agoncillon 22-13 gailenduta. Normalean infernua su-leize batekin irudikatu ohi badugu, hotza, eta ez edonolakoa izan da gaurko partida baldintzatu duena eta hizoztuta geratu dira bikote gipuzkoarraren esperantzak, lau jardunaldiren faltan horrenbesteko puntutako desabantaila pilatu baitute seigarren postuan diren bikoteekiko. Horixe da gaurko garaileek duten koltxoia eta lasaitasun osoa ostiralean berma dezakete, beharrak jota diren Ezkurdia-Martijari irabazteko gai badira.
Partida hasi aurretik ondo berotu ahal izateko ohikoa baino denbora gehiago eskatu dute estelarrean aritu diren lau pilotariek eta antolakuntzatik eskaera onartu badiete ere, kosta egin zaie partidan sartzea eta lehiak ere nekez hartu du tenperaturarik, nahiz eta azkenerako 655 pilotakada ere gurutzatu dituzten.
Ohiko zirkuitutik kanpoko pilotalekua da Logroño ondoko herrixka honetakoa eta lau pilotariei ere asko kosta zaie baldintza horren berezietara moldatzea eta azkenerako zuzentasuna eta moldatzen gehiago asmatu izana izan da garaipena beteranoei eman diena, distirarik batere gabeko lehian. Pazientziarekin eta aurkariak pilotakada bat gehiago jotzera behartuta, sailkapeneko azkenen premiarekin jokatzen jakin izan dute eta larrialdi egoera horretan, euren akatsetan ito dira Lizartzakoa eta agingarra.
Hasiera kaotikoa
Partidaren hasiera kaotikoan baino ez dira Jaka-Aranguren aurkariei markagailuan eusteko gai. Akatsez beteriko hitzaurrean launako berdinketara arte ezinezkoa zirudien partidari norabide bat aurreikustea, baina laster eten da soka. Eta urdinen atzealdetik hautsi da partida, txapelketarik gehienean itxura bikaina eman duen Aitor Arangurenek bere orain arteko partidarik txarrena jokatu baitu. Atzelari gipuzkoarrak pilotaren boteari jarri ezinik aritu dela onartu du lehia amaitzerakoan, baina bere akatsik gehienak aukerako pilotetan batu ditu. Zortzi izan dira eskuinez botatakoak goiko txapa eta teilatuko sarearen artean ohikoa baino tarte gutxiago duen pilotalekuan.
Lehia eten duen 7-1eko partzialean Arangurenek 4 kale batu ditu azkenerako jokatzeko zegoen Erik Jaka ere kontagiatu da. Saiatu da lizartzarra, ahal zuen lekutik sartuta, jokoa nahasten eta sasoiz beste batzuetan baino freskoago sumatu dugun arren, lizartzarrak ere ohikoak ez dituen aukerako pilotetan egin ditu huts asko.
Garaileen partetik ere ez da aparteko distirarik ikusi, Albisuk bai dezente agindu duela, baina Urrutikoetxeari ere kosta egin zaio errematean asmatzea eta erakutsitako defentsak eman die horrenbesteko balioa duen puntua. Asmatu dute partidak luzimendurako tarterik uzten ez zuela irakurtzen eta tantoak luzatuz, sufrimendu askorik gabe lortu dute azken bi postuetatik ihes egiteko garaipena eskuratzea.
FITXA TEKNIKOA:
Urrutikoetxea-Albisu: 22
Jaka-Aranguren: 13
Pilotakadak: 655. Partidaren iraupena: 70,14 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-3, 3-3, 3-4, 7-4, 7-5, 11-5, 11-8, 13-8, 13-9, 14-9, 14-10, 16-10, 16-11, 19-11, 19-13, 22-13. Sakeak: 1 (falta 1) Urrutikoetxeak eta 1 Jakak. Egindakoak: 5 Urrutikoetxeak, 1 Albisuk, 5 Jakak eta 2 Arangurenek. Galdutakoak: 1 Urrutikoetxeak, 4 Albisuk, 7 Jakak eta 9 Arangurenek. Gorabeherak: Hotz ikaragarria Agoncilloko udal pilotalekuan.