NAIZ

Igandetik Loiun desagertutako 78 urteko emakume baten bila ari dira

78 urteko emakume bat desagertu zen atzo. Loiuko autobus geltoki batean ikusi zuten azkenengoz eta inguru hartan ari dira haren bila larrialdietako zerbitzuak.

Desagertutako emakumearen irudia zabaldu dute.
Desagertutako emakumearen irudia zabaldu dute. (ERTZAINTZA)

Larrialdietako zerbitzuak lanean ari dira 78 urteko emakume bat bilatzeko. Izan ere, igandetik dago desagertua, Ertzaintzak ohar batean jakitera eman duenez. Antza denez, emakumeak autobus bat hartu zuen Santurtzin, eta Loiun jaitsi zen. Hori dela eta, udalerri horretan ezarri dute bilaketa.

Zabaldu duten informazioaren arabera, desagertutako emakumeak praka beltzak, jertse beixa, lore larrosadun jaka beltza, txapela larrosa eta poltsa zuri bat zeramatzan jantzita. Loiuko udaletxearen ondoan dagoen autobus geltokian ikusi zuten azkenengoz, bertan jaitsi baitzen Santurtzin hartu zuen autobusetik. Norbaitek emakumea ikusiz gero 112ra deitzeko eskatu dute.

EAEko Larrialdietako zerbitzuetako larrialdiei aurre egiteko teknikari batek koordinatzen ditu mobilizatutako baliabide guztiak. Izan ere, Herritarren Babeserako patruilak, Ertzainor eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatearen helikopteroa ari dira emakumearen bila, Gurutze Gorria, DYA eta Euskadiko Laguntza Txakurren Taldearekin batera. Halaber, Loiuko eta Derioko udaltzaingoek ere bilaketa lanetan dihardute.