NAIZ

‘Landa eremuaren defentsan' mobilizatuko da Erdiz Bizirik apirilaren 22an, Iruñean

Erdizen egin nahi den meategi proiektuaren aurkako jarrera berretsi du Erdiz Bizirik egitasmoak eta apirilaren 22an mobilizazioa deitu dute Iruñean. «Berez guri dagozkigun erabakiak irabazi nahi dituzte, eta, bertara joaten bagara, orain arte entzun nahi izan ez dutena entzun beharko dute»

Apirilaren 22an mobilizatuko dira Iruñean, lur hauen defentsan.
Apirilaren 22an mobilizatuko dira Iruñean, lur hauen defentsan. (Erdiz Bizirik)

Erdiz Bizirik egitasmoak deituta eta 'Landa eremuaren defentsan' lelopean manifestazioa eginen dute apirilaren 22an, Iruñean, Erdizeko zonaldeko lurren inguruko erabakiak «bertatik irabazi nahi dituztelako». Ohar baten bidez, gogora ekarri dute bertan eraiki nahi duten meategiak «Erdizko bazkalekua erabiltzen duten laborarien ogibidea eta etorkizuna suntsituko lituzkeela».

«22 urte pasatu dira Gobernu Batzordeak Magnesitas Navarras enpresari Erdizen zundaketak egiteko baimena eman zionetik. Momentu hartan herritarrok ez genuen begi onez ikusi Baztango bazkaleku komunal handiena erdiz-erdi zulatzea, zertarako eta enpresa erraldoi baten sakelak betetzeko. Baztandarron %87 meategi proiektuaren kontra lerrokatu ginen», ekarri dute gogora.

Oraindik, Erdizen egin nahi den meategi proiektuaren aurka jarraitzen dute. «Desadostasuna argi uzteko» eginen dute manifestazioa. «Orain arte Baztanen egin ditugu protesta guztiak, gurea dena guretik defendatuz. Oraingoan, baina, Iruñera joatea erabaki dugu. Berez guri dagozkigun erabakiak irabazi nahi dituzte, eta, beharbada, bertara joaten bagara, orain arte entzun (nahi izan) ez dutena entzun beharko dute», adierazi dute.

Leloaren bidez nabarmendu nahi izan dutenez, «meategiak Erdizko bazkalekua erabiltzen duten laborarien ogibidea eta etorkizuna suntsituko lituzke». Parajeak 476 hektarea ditu. «Horietatik 260 azienda bazkatzeko leku hoberena dira. Zehazki eremu horretan egin nahi da meategia. Baztan da Nafarroa mailan lehenbiziko sektorea mantentzen ari den eskualdea, eta Erdiz gakoa da maila hori mantentzeko», aldarrikatu dute.

Proiektua aurrera eramaten bada, hainbat arrisku zehaztu dituzte: «Zenbait espezie babestu desagertuko dira, inguruko urak nahiz iturriak kutsatuko dira, eta materialen garraioarengatik hautsa nahiz asotsa hedatuko dira. Horretaz gain, Magnaren jarduerak berak eragin zuzena du herritarren osasunean: Nafarroan CO2 gehien ekoizten duten enpresen artean hirugarrena da».

Apirilaren 22a Lurraren Nazioarteko Eguna da eta hori izan da mobilziazioa jartzeko hautatu duten eguna.