NAIZ

Pasaia eta bertako ekonomia suspertzeko 162 milioi euroko inbertsioa iragarri dute

Pasaia eta bertako «ekonomia, hirigintza, gizartea eta kultura biziberritzeko» datozen bost urteotarako 162 milioi euroko inbertsioa iragarri dute Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako Aldundiak, Udalak eta Portuko Agintaritzak astelehen honetan. Hamabi proiektutan gauzatuko da.

Lakua, Aldundia, Udala eta Pasaiako Portuko agintariak, gaurko bisitan.
Lakua, Aldundia, Udala eta Pasaiako Portuko agintariak, gaurko bisitan. (Jon URBE | FOKU)

Datozen bost urteotan 162 milioi euro inbertituko dituzte Pasaia eta bere lau barrutiak biziberritzeko eta suspertzeko Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalak eta Portuko Agintaritzak, elkarlanean. Halaxe iragarri dute erakunde horietako ordezkariek astelehen honetan bertara egin duten bisitan.

Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Arantxa Tapia eta Bingen Zupiria sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Izaskun Gomez Pasaiako alkatea eta Joakin Telleria Pasaiako Portuko presidentea izan dira. Pasaia eta bere portua «azpiegitura estrategikoa eta funtsezko atala dira Euskadiko etorkizunean», Urkulluren arabera. 

Inbertsioa hamabi proiektutan gauzatuko da. Horien artean daude  Adinberri zentroa, «Topoa» lurperatzea eta Antxoko zubibidea desagertzea, Lezo eta Pasai Donibane lotuko dituen bidegorria, Donibaneku uren saneamendua, lonjaren estalkia eta Herrerako iparraldeko SPRI eraikin berria. «Horiek guztiek pasaitarren eta inguruko herritarren bizi-kalitatea nabarmen hobetuko dutela» ziurtatu dute agintariek.

Lehendakariak adierazi du uste osoa duela aurreikusitako inbertsioek enplegua sortzen lagunduko dutela eta, beraz, langabezia jaisten. Gogorarazi du EAEko langabezia tasa %8,6koa dela. «Datu hori ona bada ere, hori hobetzen jarraitu behar dugula» esan du.

Ekitaldia goizeko lehen orduan hasi da, erakundeetako ordezkari guztiek Albaola ontziola-museoan izan duten bilerarekin. Bilera horretan, suspertze integraleko proiektua aztertu da, izan ere, epe labur eta ertainean jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta zonaldeko hiri-espazio eta ekipamendu degradatuak birgaitzeko eta berreskuratzeko aukera emango du proiektu horrek.

Ondoren, erakundeetako arduradunek erakusketa ibiltaria bisitatu dute. Bertan, gauzatzen ari diren proiektuak erakusten dira.