Maria Eraunzetamurgilek ezusteko saria jaso du. Espainiako saskibaloi selekzioak otsailaren 9an eta 12an jokatuko dituen bi neurketetako deialdian sartu da. Euskal Herriko selekzio ofizialen faltan, aurten ekainaren 15etik 25era Israelen eta Eslovenian jokatuko den Eurobasketera sailkatzeko neurketetan jokatzeko aukera izango du hegaleko donostiarrak, Irati Etxarri hegal-pibot iruindarrarekin batera.
Azken orduko deia jaso du Movistar Estudiantes taldeko jokalariak. Izan ere, Alba Torrens handiaren lekua beteko du Eraunzetamurgilek. Valentzia Basketeko hegalekoak belauna okertu zuen joan den igandean eta gutxienez bi aste egon beharko du jokatu gabe, Ondorioz, Miguel Mendez Espainiako hautatzaileak aukera eman dio Maria Eraunzetamurgili.
Meritu handia dauka urtebe honetan hegaleko donostiarrak eman duen aurrerapausoak. Lugora joan zen 2021/22 denboraldirako Maria Eraunzetamurgil 2015/16 denboraldian Ibaeta Basketekin Emakumeen Ligan 18 urte bete gabe debuta egin eta gero. Ensino taldearekin Emakumeen Eurocupean debuta egin ahal izan zuen, baina gauzak ez ziren nahi bezala irten, ez taldearentzat, ezta berarentzat ere.
«Jokalari berri asko ginen eta lesioekin oso gaizki pasatu genuen. Nik meniskoa hautsi nuen. Saiatu nintzen hasieran operatu gabe jokatzen, baina azkenean ebakuntza egin zidaten. Gero, gainera, azkarregi itzultzen saiatu nintzen, oraindik behar bezala sendatu gabe nengoela», azaldu zuen jokalariak berak Lugon eman zuen urtea joan zen azaroan NAIZi eskainitako elkarrizketa baten.
Bistakoa da 2022/23 denboraldi honetan askoz hobeto doakiola hegaleko donostiarrari. Hegaleko zein hegal-pibot postuan hasierako bostekoan lekua egin du «Maria Zetak»; batez beste 20 minutu pasatxo jokatzen ditu eta 8,5 puntu, 3,4 errebote, asistentzia bat eta ohostutako baloi bat pilatzen ditu. Jaurtiketa libreetan dauka hobetu beharra, %50aren inguruan baitabil nahiz eta lauzpabost metrotik jaurtitzaile bikaina den jokalari gipuzkoarra.
Nolanahi, Estudiantes taldearen eskemetan leku garrantzitsua dauka, bere garaiera –1,85 metro– eta gorpuzkera sendoa aintzat hartuta, oso arin mugitzen baita –jokalari txikiagoak defenditzeko, adibidez– eta hala, barruko jokalariak zein eskoltak ere ondo defenditu litzake. Lan horri esker Estudiantesek Kopa jokatzeko txartela lortu du eta egun zortzi onenen artean jarraitzen du Ligako play-offetarako sailkatzeko helburuarekin.
«Oso ondo sentitzen naiz orain, belaunak ez dit minik ematen. Iaz lesioekin zorte oso txarra izan genuen; ez nik bakarrik, talde osoak. Orain indartsu sentitzen naiz, taldeak konfiantza du niregan eta kantxan gozatzen ari naiz», onartu zuen aipatu elkarrizketan. Orain, ezustean bada ere, kantxan erakusten duen alaitasun horri esker sari polita irabazi du Maria Eraunzetamurgilek.