NAIZ
Tolosa

Tolosak inauteriak aurkeztu ditu zaraten aurkako neurriekin eta aurrenekoz puntu morearekin

Tolosa inauteriak ospatzeko egunak zenbatzen dabil. Hilaren 16an egingo du eztanda festak eta asteartitarekin emango zaie amaiera, otsailaren 21ean. Berrikuntzak ere badira: zarata kontrolatzeko neurri bereziak, gune morea eta Sukalde txarangaren 50. urteurrena dela-eta Habanera berria.

Tolosako Udalak, eragileekin batera, ostegun honetan aurkeztu ditu inauteriak.
Tolosako Udalak, eragileekin batera, ostegun honetan aurkeztu ditu inauteriak. (TOLOSAKO UDALA)

Erabateko normaltasunera itzuliko dira Tolosako jai handiak, inauteriak. Ostegun gizenarekin batera, otsailaren 16an, egingo du eztanda festak, eta asteartitarekin, otsailaren 21ean, emango zaie amaiera.

Olatz Peon Tolosako alkateak beste eragile batzuekin batera eman ditu ostegun honetan, prentsaurrekoan, aurtengo edizioaren xehetasunak. Eta badaude nobedadeak. Azaldu duenez, eta 2020ko inauterietan abiatutako lanketari jarraipena emanez, karroza eta konpartsetako kideekin lanketa berezia egin da aurten kutsadura akustikoa murrizteko helburuarekin.

San Frantzisko kalean kokatuko dira 12 karroza, 2 Triangulo plaza parean eta gainerakoak Rondilla kalean. San Frantzisko kalean sistema elektrikoa jarriko da, eta karroza eta konpartsek argindarra bertatik hartuko dute, beraz, ez dute sorgailurik izango. Eremu horretatik kanpo daudenek, aldiz, sorgailuak erabiliko dituzte.

Musika beranduenez 01.30ean itzali beharko da; karroza txikiek berriz 23:00etarako egin beharko dute. Hala ere, Peonek aurreratu duenez, zarataren neurketak egingo dira inauteri egunetan eta zaintza lanetarako talde bat osatuko da, «une oro neurriak eta musika mugak errespetatzen direla ziurtatzeko».

«Beste urteetan bezala, prebentzioan arreta berezia jarri da, baita sentsibilizazioan ere berdintasunari zein adin txikiko alkohol kontsumoari lotuta», esan du. Marko horretan kokatzen da, Peonen hitzetan, Sexu-Bizi Gune Morea espazioa. Gune hau eraso matxisten aurkako babeserako, informaziorako eta aholkularitzarako gunea izango da.

Adierazi duenez, zabalik egongo da otsailak 19an eta 20an, Zaldunitan eta Astelenitan gaueko 24.00etatik 03.00etara, San Frantzisko eliza alboan.

Karroza sarituak eta Habanera berria

Izarne Iglesias Kultur zinegotziak azaldu ditu egitarauaren nondik norakoak. Tradizioari eutsiz, kaldereroek iragarriko dituzte Inauteriak otsailaren 11n; Kabi Alai kuttunak botako duen txupinarekin.

Ostiral Meheko danborradan 60 eta Zaldunita bezperako danborradan 100 pertsonek parte hartuko dute, eta haurrek ere izango dute bere tartea; 400 haur daude-eta izen emanda danborradan eta ohikoa den egitarauz gain, Txutxu trena ere izango da larunbat goizean.

Astelenitako programazioari dagokionez, bereziki gazteei zuzendua egongo da aurten ere. 14:30ean Pottotte elektrotxaranga Oria kaletik abiatuko da Alondegi plazaraino eta plazan bertan Gazteako gunea egongo da zabalik 19.00ak arte Ayvee + DJ Oihan Vegarekin.

Aurtengo beste berrikuntza batzuen artean daude: Sokamuturraren lekualdaketa, Plaza Zaharrean egingo baita, hala nola karrozen lehiaketan ere aldaketak. Iglesiasek aurreratu duenez,  Karroza eta Konpartsetako kideekin adostuta, sarien arabera datorren urtean lekua aukeratzeko aukera izango dute.

Eta aipamen berezia egin diote Sukalde txarangari, 50. urteurrena dela eta. Urteurrena ospatzeko, inauterietan Habanera berria estreinatuko du txarangak ‘Habanera Sukalde’ izenekoa.