Interview
Tao Gey-Emparan
Bidasoa Irungo jokalaria

«Bigarren taldearekin aritzen garenean erakutsi behar dugu badugula maila gorenean egoteko»

Tao Gey-Emparanek (Urruña, 2003) kontratua luzatu berri du Bidasoa Irunekin 2025eko denboraldi amaierara arte. Ipar Euskal Herriko jokalariak ez zuen uste lehen taldearekin «hainbeste» jokatuko zuenik, eta aitortu du horretan «asko lagundu» duela eskuin hegaleko jokalaririk ez ekarri izana kanpotik.

Tao Gey-Emparan Artalekun, goizeko entrenamendu saioa hasi baino lehen.
Tao Gey-Emparan Artalekun, goizeko entrenamendu saioa hasi baino lehen. (Jon URBE | FOKU)

Bidasoa Irunen historian Ipar Euskal Herriko jokalari askorik ez da izan, soilik bi: Paco Barthe Hendaiakoa, eta Arnaud Tabarand Biarrizkoa. Gey-Emparan da hirugarrena. Duela lau urte etorri zen Irunera; batetik, etxera itzuli nahi zuelako, eta horretarako Bidasoa zelako «klub onena»; eta bestetik, gazteleraz ikasteko aukera ona zelako, baita euskaraz hitz egiten jarraitzeko ere.

Urruñakoa Bidasoa Irungo bigarren taldeko jokalaria da. 2020-2021eko denboraldian egin zuen debuta lehen taldearekin, eta geroztik haiekin entrenatzen da. Azkenaldian partidak jokatzeko aukera ere izan du. Eskuin hegaleko jokalariak argi du oraindik hobetzeko tartea baduela, eta harentzat garrantzitsuena da, bigarren taldearekin jokatzen duenean, «entrenatzaileari erakustea lehen taldean jokatzeko prest» dagoela.

Lehenik eta behin, pozik zaude kontratuaren berritzeagatik?

Bai, oso pozik nago beste bi urtez hemen jarraitzeko aukera dudalako. Gainera, etxetik hurbil nago, giro oso ona dugu taldean, eta oso ongi konpontzen naiz denekin.

2020-2021eko denboraldian egin zenuen debuta Bidasoa Irunekin, eta geroztik lehen taldetik gertu egon zara. Nola baloratzen duzu orain arte egindako ibilbidea?

Ez nuen pentsatzen hainbeste jokatuko nuenik lehen taldearekin. Hasieran soilik taldearekin entrenatzen nintzen, eta pixkanaka-pixkanaka jokatzeko zortea ere izan dut. Orain beti entrenatzen naiz haiekin. Oso pozik nago; batetik, aukera eman didatelako zertarako gai naizen erakusteko, eta bestetik, talde teknikoaren konfiantza dudalako zenbait minutuz horrelako maila altu batean jokatzeko.

Uste duzu Kauldi Odriozola taldetik joateak ateak ireki dizkizula lehen taldera?

Bai, noski lagundu duela. Kauldi oso ona zen, eta asko ikasi dut harekin, baita Caverorekin ere. Hegaleko bi jokalari oso onak dira, maila honetan ligako ia onenak. Kauldi joan zenetik, soilik Cavero dago hegalean, eta gero gaude gazteak garenak; Julen Mujika eta ni, zeinak hegalean ere joka dezakeen. Egoera horrek asko lagundu digu lehen taldean minutu gehiago izaten.

Denboraldi honetan Bidasoa Irungo deialdietan sartu zara. Hamabost partidetatik 11 jokatu dituzu. Pozik zaude eman duzun mailarekin?

Sasoi honetan gazteok deialdian egoteko zortea izan dugunean, minutu dezente izan ditugu erakusteko zer egiteko kapaz garen. Denboraldi hasieran nahiko gustura nengoen erakutsi nuen mailarekin, baina azkenaldian, lesioak tarteko, pixka bat okerrago aritu naiz. Hala ere, oro har, pozik nago, eta zorte handia dut asko jokatu dudalako lehen taldearekin.

Zertan uste duzu hobetu behar duzula?

Oraindik gauza asko hobetu behar ditut, eta horretarako entrenatzen dugu egunero. Erasoan, esaterako, jaurtiketetan eta salto egitean badut zer hobetu.

Zentzu horretan, zein jokalariri erreparatzen diozu? Lehen aipatu dituzu Odriozola eta Cavero...

Thomas Tesorierek asko lagundu zidan –kluba utzi zuen joan den hilabetean–, frantsesa delako, eta eskarmentua duelako Asobal Ligan. Bereziki defentsako jokoan lagundu zidan. Bestalde, iragan denboraldian ere Jose Manuel Sierra atezainak asko lagundu zigun gazteoi entrenamenduetan. Azken batean talde osoaren laguntza izan dut, baina bereziki aipatu ditudan bi horiena.

Uste duzu gero eta gertuago zaudela lehen taldeko jokalari izateko?

Egia esateko ez dakit. Denboraldi honetan zortea izan dugu eskuin hegaleko jokalaririk ez dutela fitxatu, eta horrela, aukera izan dugu hobetzeko eta haiekin jokatzeko, baina oraindik zerbait falta zaigu. Izan ere, bigarren taldearekin aritzen garenean, erakutsi behar dugu badugula maila lehen taldean egoteko.

Alde horretatik, zer esaten dizu Jacobo Cuetara entrenatzaileak?

Ezer berezirik ez. Dakiguna egiteko, eta kantxara ateratzen garen bakoitzean saiatzeko daukagun guztia ematen.

Kontratua berritu zizuteneko bideoan behin baino gehiagotan esan zenuen «Artaleku beteta dagoela gozatzen jarraitzea gustatuko» litzaizukeela. Zer sentitzen duzu bertan zaudenean?

Lehen taldearekin jokatzen hasi nintzenean covid garaia zen; ateak itxita jokatzen genuen, eta ez zegoen inor. Hori pixka bat arraroa zen; entrenatzea bezala, baina askoz ere maila altuagoan. Horren ondotik, gero eta jende gehiago hasi zen gerturatzen Artalekura, eta denboraldi honetan jokatu ditugun azken partidetan Artaleku beteta zegoela lehiatu gara, eta giro oso ona sortu da. Eta giro horrek, neurketari aparteko berotasun bat ematen dio. Izan ere, guk dena eman behar dugu taldearengatik, baina baita gu ikustera etortzen den jendearengatik ere.

«Etxetik kanpo jokatzen ditugun partidak irabazi behar ditugu. Denboraldi honetan puntu dezente galdu baititugu; nahiko kostatu zaigu»

Irunera etorri aurretik, Anglet Biarritz Olimpique taldean egon zinen. Zergatik hartu zenuen hona etortzeko erabakia?

Paueko formakuntzarako zentroan nengoenean eskatu zidaten hango taldera joateko jokatzera, baina ez nuen gogorik. Nahiago nuen etxera itzuli, eta horretarako klub onena Bidasoa zen. Esperientzia ona zen niretzat gaztelera ikasteko, baita euskaraz hitz egiten jarraitzeko ere. Oso pozik nago hemen; etxetik hurbil, eta gainera maila ahalik onenean jokatzen ari naiz.

Munduko Txapelketagatik geldialdia egin ondoren, nola aurre egingo diozue ligako bigarren itzuliari?

Gogo askorekin gaude. Pixka bat larri amaitu dugu Asobal Ligako lehen itzulia, eta dugun guztia eman nahi dugu ligako lehen postuetara itzultzeko. Europan orain arteko bide beretik segitu nahi dugu; datorren fasera sailkatzeko postu onean gaude, eta ahalik urrutien iristen saiatuko gara.

Ligari begira, zer da lehen itzulitik hobetu beharko duzuena, bigarrenenean Europarako sailkapeneko postuetan egoteko?

Etxetik kanpo jokatzen ditugun partidak irabazi behar ditugu. Denboraldi honetan puntu asko galdu baititugu; nahiko kostatu zaigu, eta puntu bakarreko aldearekin partidak galdu ditugu. Asobal Ligan, aurreko sasoiekin alderatuta, maila igo egin da, eta horrek ere neurri batean zaildu du kanpoan irabaztea. Hala ere, partida horiek irabaztea besterik ez dugu, eta hori egiteko gai gara.

Ostiral honetan Benidorm taldearen aurka arituko zarete Artalekun, 21.30ean. Han 26-22 galdu zenuten. Zer hobetu behar duzue partida hartatik bi puntuak etxean geratzeko?

Neurketa zaila izango da, aurkari handi baten kontra. Ondo jokatzen ari dira zazpi-seiren aurkako sistemarekin, hiru euskarrirekin aritzen baitira. Aste osoa izan dugu hori lantzen jarduteko, eta ikusiko dugu ostiralean [gaur] haien jokatzeko modua gainditu dezakegun.

Orain datozen partidetan aukera gehiago izango dituzu jokatzeko? Kontuan izanda Munduko Txapelketa egon dela, eta zenbait jokalari euren selekzioekin aritu direla...

Horrek ez dakit asko aldatuko dituen nire aukerak. Nik nire jokoan jarri behar dut arreta osoa, saiatu behar naiz min ez hartzen, eta gero, bigarren taldearekin ematen dudan mailarekin, erakutsi behar diot entrenatzaileari lehen taldean jokatu dezakedala.