NAIZ

Iruñeko Alde Zaharreko kaleak «ez direla diskotekak» nabarmendu du AZGM-k

Iruñeko Alde Zaharreko kaleak «ez direla diskotekak» nabarmendu du AZGM-k, ostegunean Estafeta kalean egin zuten protestaren ondoren. Udalak auzoan bultzatzen duen gentrifikazio prozesua salatu dute.

Ostegunean Estafeta kalean egin zuten protesta.
Ostegunean Estafeta kalean egin zuten protesta. (@azgm_irunea)

Iragan ostegunean, hilak 2, Iruñeko Udalak antolaturiko programazioaren kontra Estafeta kalean egin zen protestaren ondoren, «Udalak izandako azken harropuzkeri pribatitzailea salatzeko» izan zela nabarmendu du Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak (AZGM), auzoko hiru gazte identifikatu zituztela salatu duelarik. Sanferminetako eskaileraren aitzakiarekin ekitaldiak antolatu zituen Udalak, auzoko biztanle ugariren haserrea piztuz, Alde Zaharra aisialdirako gune izatera bultzatzen den bitartean bertakoendako zerbitzuak kaskartzen doazelako.

«Ekitaldien saturazioa eta bizilagunei eragozpenak eragitea dira Iruñeko Udalak erabiltzen dituen argudioak auzoko herri mugimenduaren jarduerak eragozteko. Aldi berean hamarnaka dira instituzioetatik inpunitate osoz bultzatzen diren ekimen gentrifikatzaileak (azken adibide argia Irailean Zentral aretoarekin batera saiatutako makrofestibala)», azaldu dute.

Ostegunean egin zuten «keinu sinbolikoa» ez zela isolatua izan gaineratu dute. «Arrazoiak soberan ditugu protesta egiteko. Gure auzoan, Europako beste erdigune historikoetan gertatzen ari den bezala, prozesu gentrifikatzaile bat ematen ari da, gazteri langileriari modu kontaezinetan kaltetzen gaituena; sozializatzeko espazioetatik kanporatzen gaituzte, ostalaritza bezalako sektore prekarioak irtenbide bakarra bezala aurkezten zaizkigu. Emantzipatu nahi badugu ere auzotik kanpo egitera behartuta gaude...», salatu dute.