Pobreziaren aurpegi ezberdinak

Hogeita bost urte ditu gizarte prestazioei buruzko Berri-Otxoak plataformaren informazio guneak eta hurbiltzen diren pertsonen kopuruak ez dio hazteari utzi. Emakumeak bertaratzen dira nagusiki, pentsiodunak... eta agerian, kudeaketa arduratsua egiten ez duen administrazio bat.

Juan Carlos Becerra Serrano eta Sheila Fernandez Garcia Berri-Otxoak gizarte bazterkeriaren aurkako plataformako kide eta informazio puntuan arreta ematen duten boluntarioak.
Juan Carlos Becerra Serrano eta Sheila Fernandez Garcia Berri-Otxoak gizarte bazterkeriaren aurkako plataformako kide eta informazio puntuan arreta ematen duten boluntarioak. (Oskar MATXIN | FOKU)

Noizean behin pobreziari buruzko datuak mahaigaineratzen dituzten txostenak agertzen dira. ‘Pobreziaren aurpegia’ deitu ohi zaio zifrek ematen duten argazki horri, baina txosten horiek gutxitan jasotzen dute egoeraren argazki zehatzagoa: mahai baten bueltan hizketan agertzen diren errealitate gordin horien atzean dauden bizipenek, egoerek... markatzen dutena eta gabezia horien aurrean erakundeek duten jokabidearen irudia.

Zuzeneko feedback horretan, pobreziaren argazkiak trazu zehatzagoak hartzen ditu, egoera zehatzak azaleratzen diren heinean, eta horiei erreparatuta, babes sistemaren irudi bat eraikitzen da, oso babesle ez den sistema batena eta askotan kalteberatasun berezian dauden pertsona horiei tratu desegokia ematen dienarena, alegia. «Tratu txar instituzionalaz» hitz egiten du Berri-Otxoak plataformak azken 25 urteetan herrikideekin izandako zuzeneko harreman horietan ikusi dituzten kasuetan oinarrituta.

Ezkerraldean, bi puntu nabarmentzen dira herritarrekin duten zuzeneko harreman horregatik: Argitan emakumeentzako aholku etxea, batetik, emakumeen eskubideei dagokienez, eta Berri-Otxoak gizarte bazterkeriaren aurkako eta gizarte eskubideen aldeko plataforma, bestetik.

Bien ibilbideek argi erakusten dute arretaren balioa haiek emandako laguntza, aholkularitza, hurbiltasun eta babesarekin lotuta dagoela, baina horren ondoan, kaleko errealitate eta instituzioen erantzunaren argazki zehatza ere eskaintzen dute, lehen pertsonan azaldutako eta pertsona horien ondoan bizi izandako esperientzietan oinarrituta.

Lokala eta boluntarioen lana

Berri-Otxoak plataformak Barakaldoko San Antonio kalean du eskubideei buruzko arreta gunea. Ezker-Hikan izeneko lokala da, eta ez da oso handia. Beste talde batzuekin partekatutako egoitza da ‘Gizarte Prestazioen Informazio Bulego Alternatiboa’ hartzen duen espazio hori.

«Adi: langabezian bazaude, pentsioa kobratzen baduzu edo lan prekario bat baduzu, informa zaitez gizarte prestazioei buruz», irakur daiteke hormako kartel batean. «Pobreziaren kontra, doako garraioa», dio beste kartel batek. Beste kanpaina eta lelo batzuetako mezuek osatzen dute dekorazioa eta lehen begiradan eskura daitekeen informazioa.

Mahai eta aulki batzuk dira lokaleko altzari nagusiak, baina ez dago espazioak banatzen dituen trenkadarik, eta hori batzuetan oztopo izan daitekeela diote plataformako kideek. Prestazioak eskatzera behartuta dauden pertsonengan jartzen den estigma handia baita, diotenaren arabera. «Duela urte batzuk estigma handiagoa zegoen, langabeziarekin edo droga-mendekotasun egoerekin lotu ohi zirelako laguntzak; orain ez da horrela, baina estigmak hor jarraitzen du neurri batean», komentatu du Sheila Fernandez Garciak, informazio puntuan arreta ematen duen boluntarioetako batek. Eskubideak dira, baina sektore batzuek, tartean zenbait hedabidek, presio handia eragiten dute iruzurren mamua astinduz, eta pertzepzio okerrek ere inpaktua dute egoera zaurgarrian daudenengan.

Lokalaren kokapena aldatu behar izan dute urte hauetan, eta ez da egoera egokiena arreta zerbitzua finkatzeko. Hala ere, kontsulten kopuruak ez dio hazteari utzi.

Astelehena da, eta Berri-Otxoak plataforman arreta zerbitzuaz arduratzen diren Sheila Fernandez Garcia eta Juan Carlos Becerra Serrano boluntarioekin egin du hitzordua GAUR8k, 25 urte bete dituen informazio puntu horretan bertan. Astelehenero ematen dute arreta bertatik, bi orduz. Azken boladan, sarritan ez dira nahikoak izaten.

Arreta gune horren erabilera bultzatzeko, bi kanpaina handi egiten dituzte urtean, informazio mahaien, kartelen eta abarren bidez. Orain arte ohikoak izaten ziren kontsulten gorakadak une zehatz batzuetan: otsaila aldera (edo ondorengo hilabeteetan), Barakaldoko Udalaren Larrialdi Sozialeko laguntzen eskaeren irekierarekin bat, adibidez. Baina, pandemiatik hona kontsultak nabarmen igo dira, eta ez aurrez aurrekoak bakarrik, baita posta elektronikoz edo aplikazioen bidez ere. «Barakaldoko jendearenak dira kontsultak nagusiki, baina batzuetan Meatzaldeko herritarrenak eta Durango, Gasteiz edo Donostiatik ere heldu zaizkigu», azaldu dute.

Azken boladan zenbaitetan sumatzen duten «saturazioaz» hitz egin du barakaldarrak. Nahiago izaten dute aurrez aurreko harremana, lokalean, «kasua, dokumentazioa... behar bezala aztertu ahal izateko, batzuetan zaila baita egoeran kokatzea», erantsi du Becerrak, askotan beharrezkoa baita, egoera konplexuak ondo ulertu eta era egokian bideratzeko.

Sheila Fernandez boluntarioa. (Oskar MATXIN / FOKU)

Lan eskerga horri erantzun nahian, boluntario bat arduratzen da posta elektroniko bidez heldutako kasuez bakarrik, «eta badaude whatsapetik eta Telegrametik heltzen zaizkigun kontsultak ere», gaineratu du.

Arreta puntuaren lana osatzeko, gizarte prestazioen gida kaleratzen du plataformak, eskubidea den Laneko Diru Sarrerak Osatzeko Errenta, adibidez, nori zuzenduta dagoen edo jasotzeko zer nolako baldintzak bete behar diren azaltzeko. Gauza bera Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarekin edota Gizarte Larrialdietarako Laguntzekin: zer gastutarako diren, nork eska ditzaken... Beste horrenbeste pentsioen osagarriarekin edota Gizarteratzeko Laguntza Bereziarekin. Etxegabetzeak ere haiengana jotzen duten askoren arrazoia izaten dira.

«Hona datorren jendea egoera ekonomiko txar batetik pasatzen ari da, eta egoera horretan zer prestazio edo zer eskubide duten jakin nahi dute», baina beste kasu batzuetan, «Udalarekin edota Lanbiderekin tramiteetan hasi dira eta DSBE-arekin (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzekin arazoak izan dituzte eta ez dakite kexa nola aurkeztu behar den edo administrazioaren aurreko ibilbide horretan nola jokatu behar duten», azaldu du Sheila Fernandezek.

Azalpen horretan, gizarte laguntzen inguruan ematen den lehen egiaztapen bat agertzen da: «Jende askok ez ditu ezagutzen eskubide diren laguntzak edo arazoak izaten ditu administrazioaren komunikazioak ulertzeko, tramiteak egiteko...». Babesgabetasuna lehen puntu bat izaten da, baina ez bakarra, «askotan administrazioak berak ez baitu arreta behar bezain ondo ematen», aipatu dute boluntarioek.

Denboraren poderioz, informazio eskatzaileen profila aldatu egin da. Informazio gunera hurbiltzen diren gehienak ez dira langabetuak, lana duten pertsonak dira, baina bizitza proiektua mantentzeko zailtasunak dituztenak.

Alokatutako logelak

«Askotan familia bat atera behar dute aurrera, eta etxebizitzak gako nagusia izaten jarraitzen du, familia eta familiarik gabe. Ikusten ari gara gero eta pertsona edota familia gehiago datozela, alokatutako logela batean bizi direnak, eta bizpahiru kide gela berean. Bulegoa edukitzeak kasu errealen argazkia izatea errazten digu, egon daitezkeelako ezagutzen ez ditugun egoerak: logelen alokairuen inguruan, alokairuei aurre egiteko baliabide nahikorik ez izateak gatazkak sortzen ditu etxebizitza partekatzen duten maizterren artean. Horrek ez dauka ohiko etxegabetze baten forma, baina bilatu duen bizitoki-soluzio hori galtzen du jendeak, horrek suposatzen duenarekin».

Lehen, hipotekekin lotuta zeuden etxegabetzeak; «orain kasuen %80 alokairuekin lotuta daude.

Azpimarratu dutenez, emakumeak hurbiltzen dira nagusiki, seme-alaba txikiekin, edo pentsio txikiak dituzten emakumeak; soldata prekarioak dituzten pertsonak dira hurbiltzen direnak, zenbait gasturi aurre egin ezinik.

Lehen urratsa izaten da, bertaratu den pertsonaren egoera kontuan hartuta, zer eskubide duen azaltzea. Baina administrazioaren atea gurutzatuta, kalean ikusten ez diren beste gauza batzuk gertatzen dira. Atal horretan, instituzioek eskaerei beranduegi erantzuten dietela adierazi dute: «Izan daitezke lauzpabost hilabete erantzuteko, ordurako aurrera egiteko zailtasunak dituen pertsona batentzat».

Egoera ulergaitzak

Gainera, egoera ulergaitzak ere badira. Fernandezek aipatu du DSBEa eskuratzen duten eta haur txikiak dituzten eta lanak hartzera edo formazioa egitera behartuta dauden emakumeena, baina «emakume horiek eskolara eraman behar dituzten seme-alaba txikiak dituzte euren kargura, eta nekez aurre egin diezaiokete, adibidez, 08.00etan hasten den lanari edo formazioari... Horrelako presioekin bizi behar dute».

Berri-Otxoak plataformak Barakaldon eskaintzen du harrera puntua beste kolektibo batzuekin partekatzen duen Ezker-Hika lokalean. Irudian, herri ekimenaren mobilizazio bat «zerbitzu duinak» eskatzeko. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Familia gurasobakar amadun horien kasuei dagokienez, erantsi du barakaldarrak, askok, banaketa baten ostean, gurasoen etxean bilatzen dute irtenbidea. Lanbidek, bizikidetza-unitate berezi gisa hartuta, laguntza ematen zuen seme-alabek 18 urte bete arte; «2020ko zirkular baten arabera, familia horien kontsiderazio hori bakarrik ematen da haurrek bi urte baino gutxiago badute», eta hori kolpe handia izan da bizitokia izateko irtenbidea gertuko familian bilatu dutenentzat.

Egoera horiek azale ratzen dira solasaldian, baina kasuistika oso zabal baten adibideak baino ez dira. Beste kapitulu handi bat osatzen dute administrazioaren kudeaketak berak sortzen dituen oztopoek. «Oso gauza itsusiak ikusten ari gara; adibidez, Lanbiden ezagunak diren bidegabeko kobrantzekin. Badago jendea astean edo hilean egun jakin batzuetan lan egiten duena, DSBEa kobratzen badu Lanbideri jakinarazi behar diona zein egunetatik zein egunetara egin duen lan, baina gero ematen diren berandutzeengatik eta ez delako oso lan eraginkorra egiten, eta ohartarazita ere, zuzenak ez diren kopuruak jasotzen dituena; espedienteak berraztertzeko denborak luzatzen dira eta azkenean eskatzaileak dirua zor du eta itzuli egin behar du», azaldu dute.

«Dirua eskatzen duen jendeak ez daki zer kopuru zehatz eskuratu behar duen, baina administrazioak egiten dituen akatsen mende dago, eta pertsona horiek justu heltzen dira hilabete bukaerara edo ez dira heltzen», nabarmendu dute. Ohartarazteko komunikazioetan zein dokumentazioa aurkezteko prozesuan administrazioak erabiltzen duen lengoaia oso argia ez dela gaineratu dute.

Askotan, aurreiritziak zerbitzu publikoan bertan agertzen direla adierazi dute, eta era horretara, gerta daiteke hemen jaioa izateagatik lagunduko dizun familia izango duzula pentsatzea. «Administrazioak ezin du ondorioztatu abizen jakin bat daukazulako egoera jakin bat duzula. Halako aurreiritziak ikusi ditugu gizarte zerbitzuetan aita ezberdinen seme-alabak dituzten emakumeen kasuan, adibidez, eta askotan txostenetan ere jasotzen dituzte aurreiritzi horiek», adierazi dute Berri-Otxoak plataformako kideek.

 

«Prestazioak ez dira ondo iragartzen, eta gainera dokumentazioaren, alegazioen, errekurtsoen eta abarren nahaspila burokratikoa dago»

Juan Carlos Becerra Serranoren argazkia (Oskar MATXIN / FOKU)

Hogeita bost urte hauetan zer bilakaera izan du arreta guneak?

Puntua ireki baino lehen, informazioa banatu genuen postontzietan, solas-mahaietan... auzoetako auzo-elkarteekin batera, benetako informazio gabezia ote zegoen edo guk izan genezakeen ideia bat ote zen testatzeko. Ezustea izan zen solasaldi horietara jende pila bat joaten zela, zalantza eta arazo askorekin. Informazio-puntuaren beharra benetakoa zela ikusi genuen, eta urte guztietan ikusi dugu, bitxia bada ere, hurbiltzen ari diren pertsonen kopurua handitu dela, etengabe. Are gehiago, azken bi urteetan jende gehiagok eskatu digu informazioa; ia mila familiaz ari gara hitz egiten. Irailean informazio kanpaina egiten dugu, eta otsailean berriz egiten dugu. Informazio-kanpaina masiboagoak egiten ditugunean, beti izaten dira pikoak, arratsaldeko lauak arte egon behar izaten dugun zenbait astetan, eta astebetean ere, agian, 60 pertsona dituzu. Azken urteotan, otsailean jende asko hurbiltzen da; gero, bailara moduko bat egoten da. Aurten, ordea, txundituta gaude, astelehenero, gutxienez, hamar bat pertsona-familia hurbiltzen baitira.

Informazioa bilatzen duten pertsonen profila ere aldatu da?

Pobreziaren feminizazio-profila urte hauetan guztietan eman da. Informazio eske etortzen diren emakumeek beren kargura senideak seme-alabak... dituzte, pentsiodunak ere badira, alargunak nagusiki, eta lan prekarioak dituzten emakume gazteak. Baina azken urte hauetan, esango nuke batez ere pandemiaren inguruan, ikusi dugu 50 urtetik gorako gizonen kopuruak ere gora egin duela, krisi ekonomikoaren, pandemiaren, gerraren eta abarren ondorioz bat-batean langabezian eta lan-merkatuan sartzeko zailtasunekin dauden pertsonenak. Gizarte prestazioak langabeziarekin lotu ohi dira, baina ez: jende askori azaltzen diogu DSBEaren barruan ‘enplegurako pizgarriak’ deitutako gauza bat dagoela. Lan prekarioa baduzu, zeure soldata prestazio horrekin osa dezakezu, baina, era berean, alokatzeko laguntzak daude... Batzuetan ahoz-ahokoak funtzionatzen du. Pentsiodunen mugimenduaren mobilizazioen ondorioz ere gora egin dute kontsultek. Kolektibo horretan, etxebizitza ordainduta dago agian, baina ezin diete beste gastu batzuei aurre egin: etxebizitza, komunitatea, konponketak, dentista, betaurrekoak, audifonoa...

Informazio falta ez da aldatu.

Jendeak ez ditu prestazio asko ezagutzen, ez dira ondo iragartzen, eta gero dokumentazioaren, alegazioen, errekurtsoen eta abarren nahaspila burokratikoa dago, nola saihestu ez dakizun horma batekin topo egin baitezakezu. Adibide bat: alokairu-kontratuak. Lanbidek ia dozena erdi modelo ditu eta badago jendea, adibidez, apopilo-ostatu kontratuarekin, hau da, jabea etxean bizi denean eta normalean hipotekarako iristen ez zaizkion arrazoiengatik gela bat alokatzen duenean. Hori dokumentu-eredu zehatz bat da, baina beste alokairu-kontratu eredu bat eramaten baduzu, ez dute onartzen, DSBEa edo beste edozein prestazio jasotzea ukatzen dizute, baina ez dizute esaten zein den aurkeztu behar duzun eredu zuzena. Horrelako egoerez ari gara, Beste adibide bat, orain Lanbidek asmatu duena: benetako bizilekua, hau da, erroldak ez du balio. Horregatik, gertatu izan da Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko aukera ukatzea, Lanbideren ustez, etxebizitza horrek uretan edo gasean egiten duen gastua oso txikia delako. Pentsatu behar da baliabiderik ez duen jendeak milimetrora neurtu behar dituela bere gastuak. Baina ez dakigu non dagoen energia gastua txikiegitzat jotzeko muga hori, ez da inon agertzen. Pertsona batek bizilagunen komunitatearen sinadura aurkeztu du, izen-abizenak eta NANa dituela, komunitate horretan bizi zela egiaztatuz, eta ez diote onartu. Udaleko Gizarte Zerbitzuetan ere gertatzen da: aurkeztutako dokumentazioa jasotzen dute, baina ez dizute esaten dokumenturen bat falta zaizun; zuk ematen duzu dokumentazioa eta gutun bat jasoko duzu, baina gutun horrek agian hiru hilabete baino gehiago beharko ditu iristeko, gero falta zaizun papera eraman behar duzu eta beste bi hilabete berrikusteko... oztopo-lasterketa bat da. Oso ondo dago babes sistemaz harro egotea, galeriari begira, baina egunez egun hori nola kudeatzen den ikusten baduzu... Batzuk hortik kanpora geratzen dira, administrazioak kanpoan geratzea nahi duelako. Are gehiago, DSBEaren erreformarekin, Eusko Jaurlaritza ia 200 milioi euro aurrezten ari da urtean, eta, beraz, Estatuaren bitartez iristen zaio, baina ez dira prestazioak handitu edo eskuratzeko baldintzak malgutu.