Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Titiburuak

Espainiako gizarte gaietako ministroa da Ione Belarra. Eta nonbait jendarte espainola gaitzetatik eta buruhausteetatik libre da, bestela ez luke hainbesteko denbora eta energia gastatuko Belarraren titiburuei buruz hizketan. Ekitaldi ofizial batera titi-zorrorik gabe joan da eta titiburuak nabarmendu zaizkio jertsearen azpitik. Eta hori eskandalagarri gertatu zaio askori, gizon zein emakume. Ez omen da itxura, hori kuxidadea ministro batentzat. Gauza jakina da emakume errespetagarriek neurritsuak izan behar dutela hizketan, janzkeran, egoteko maneran... eta leize espainoletatik zaharkizaleek jartzen omen dute neurria. Ederki gaude.

Ez naute asko kezkatzen fatxa horien esanek. Harritzeko gaitasuna apalduta daukat horiei begira jartzen naizenean. Are gehiago, etengabe gogorarazten digute nondik gatozen eta zer den eraitsi behar dena. Egiteko ditugun etxeko-lanak gogorarazten dizkigun aplikazio bat bezalakoak dira.

Kezkatzen nauena da, inongo haitzulotakoa izan gabe, gertuago ditugun batzuen isiltasun deserosoa. Pentsatuko dute igual ez zela jantzi egokiena ekitaldi ofizial baterako, ia zein nezesidade zeukan horrelako iskanbila sortzeko, titi-zorroa jantzi eta bakea, ez dela polita titiburuak horrela nabarmentzea, atentzioa deitzea gustatuko zaiola igual... Pentsatuko dute eta agian ez dute esango, baina hor izango da murmurioa. Izan ere, nahiko lan daukagu murmuriotik aldentzen, jendarte matxista batean haziak eta heziak izan direnen barruko ahotsa itzaltzen.

Niri sekulako poza ematen dit egungo neska gazteak titi-zorrorik gabe ikusteak, erdizka depilatuak edo depilatu gabe, gogoak ematen diena jantzita, agindu estetikoetatik aske. Ez dira asko, beste mordo bat bizi baita instagrameko gezurretako bere argazki horren antza izan nahian seko itota. Baina bestelakoak ere badira. Goratu ditzagun eta miretsi, aurreko belaunaldietako asko baino askeagoak izateko apustua egin dutelako. Askeago eta, ondorioz, zoriontsuago seguruen. •