NAIZ

‘Irati’ filmaren aurrestreinaldi berezia NAIZeko harpidedunentzat

Otsailaren 24an iritsiko da zinemetara ‘Irati’ filma, Paul Urkijo gasteiztarraren eskutik euskal mitologia eta historia lotzen dituen filma. NAIZeko harpidedunak zorteko dira, ordea, otsailaren 17an eurentzat berariaz antolatutako aurrestreinaldirako sarrera lortzeko aukera izango baitute.

Paul Urkijo, ‘Irati‘ filmaren kartelaren alboan.
Paul Urkijo, ‘Irati‘ filmaren kartelaren alboan. (Jon URBE | FOKU)

Entzutea ari da izaten ‘Irati’, Paul Urkijo zinemagile gazteiztarraren filma. Sitges-eko zinema jaialdian Sail Ofizialean aurkeztu zenetik nazioarteko hainbat jaialditan izan da eta ikusleek zein kritikak aski ongi jaso dute: Sitgesen bertan Publikoaren Saria eta Efektu Berezi Onenen saria eskuratu zituen eta asteburu honetan banatu diren Goya Sarietarako bost izendapen lortu zituen. Azkenean Sevillako galatik esku hutsik itzuli badira ere, filmaren kalitatea eztabaidaezina da.

‘Irati’ otsailaren 14an iritsiko da Euskal Herriko zinema areto komertzialetara, baina aurretik NAIZeko harpidedunek izango dute filmaren barrunbeak ezagutzeko aukera: ostiral honetan, otsailak 17, Iruñeko Golem zinemetan berariaz beraientzat antolatutako filmaren aurrestreinaldirako sarrerak eskuratzeko aukera izango dute. Aurrestreinaldian filma areto komertzialetara iritsi aurretik ikusteko aukera izateaz gainera, ‘Irati’ posible egin duen lantaldeko kideekin egoteko aukera izango dute, emanaldian bertan izango baita ordezkaritza da.

Emanaldia, esan bezala, ostiral honetan izango da, 19.30ean, Golem zinemetan. Sarrera lortu nahi duten harpidedunek astelehen goiz honetan bidali zaien emailari erantzunez edota harpidedunen txokoan sartuta eman ahal izango dute izena. Aretoan 300 lagunentzat lekua dagoenez, pertsona kopuru hori baino eskaera gehiago egongo balitz zozketa egingo da. Sarrera eskuratu dutenei asteazken honetan, otsailak 15, jakinaraziko zaie.

‘irati’-ren filmaketako irudia. (Raul BOGAJO | FOKU)

‘Irati’ Paul Urkijoren bigarren luzemetraia da, ‘Errementari’-ren (2017) ostean. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Huescako hainbat txokotan filmatu zen lan honetan VIII. mendera garamatza zinemagile gasteiztarrak, Orreagako bataila erreferente historiko modura hartuta euskal mitologiaren mundu magikoan barneratzeko.

Euskaraz filmatutako lana da ‘Irati’, eta antzezle taldean parte hartu dute Eneko Sagardoy, Edurne Azkarate, Iñigo Aranbarri, Nagore Aranburu, Elena Uriz, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Kepa Errasti eta Itziar Ituñok, besteren artean.

Urkijo beraren hitzetan, ‘Irati’ «beti kontatu nahi izan dudan Erdi Aroko abentura fantastikoa da. Euskal mitologia bada nire pasioetako bat eta ‘Irati’ kondairazko mundu liluragarri horri omenaldi bat da». Urkijok azaldu izan duenez, istorioa eraikitzeko J.L. Landa eta J. Muñoz-en ‘El ciclo de Irati’ eleberri grafikoa, euskal kondairak eta Orreagako bataila hartu ditu oinarri.