«Zer nahi duzu, ba, nik esatea? Hau saskibaloia da eta batzuetan irabazten den bezala, beste batzuetan galdu egiten da. Pare bat luzapenetan irabazi dugula? Ba oso ondo! Horretarako entrenatzen dugu, ezta? Luzapena beti irabazteko formula baten bila al zabiltza? Ba ez dago besterik lana baino eta aurkariak baino gehixeago saskiratzea. Kitto!»
2015/16 denboraldia berezia izan zen Saski Baskoniarentzat. Ezustean Euroligako Lauko Finala jokatu ahal izan zuen, batez ere galduak ziruditen neurketak bizirik mantentzeko erakutsi zuen ahalmenari esker. Are gehiago, neurketak berdinduta amaitzen zirenean, luzapen denboran are eta arriskutsuago ziren gasteiztarrak, Darius Adams, Mike James edo Davis Bertans lako jaurtitzaileen trebetasunari esker eta batik bat Ioannis Bourousis pibot greziarrak taldeari ematen zion patxadari esker.
Hargatik, arrazoiren bat edo eskatzen bazitzaion Velimir Perasovic entrenatzaileari, bestela ere jenio bizia ez balu bezala, amorratu egiten zen. Azken baten, entrenatzaileak entrenamendua kontrolatu dezake, baina ez jokalarien izaera neurketak gogortzen direnean. Paradoxa mingarria zera izan zen: Lauko Finaleko finalerdietan Fenerbahçek luzapenean laga zuela bidean Saski Baskonia, gasteiztarrek minutu baten faltan neurketa ia poltsikoan izan eta gero.
Asko dira dantzan jartzen diren faktoreak luzapenetan: nekea; berdinketa atzetik joan eta gero lortu den ala garaipenak ihes egin duelako gertatu den; falta pertsonalekin jokalariek dauzkaten balizko arazoak; arazo fisikorik edo lesiorik egon ote den; jokalariren batek saskira begira bolada ona harrapatu ote duen... Baina denboraldian zehar oro har luzapenetan garaipenak eskuratuz gero, aurkariek ere mezu hori berehala jasotzen dute. Inor ere ez dago irabaztera kondenatua, baina kontuz horrekin.
Denboraldi erdira iritsita, dagoeneko 44 partida jokatu ditu Saski Baskoniak, eta horietatik lau luzapenean amaitu dira: Partizan eta Efesen aurka Euroligan; Betis eta Unicajaren kontra ACB Ligan; lauretan gasteiztarrak nagusitu dira, eta Efesen aurkako 114-111ko emaitzan izan ezik, gainerakoetan gutxienez bi saskiratzetako aldea atera du Joan Peñarroyaren taldeak: 103-96 Partizanen kontra, 107-103 Betisen aurrean eta azkena, etxetik kanpo jokatu duen bakarra orain arte, 81-89 Unicajari.
Luzapeneko bost minutu horietan gutxienez hamar puntu sartzea nahitaezkotzat jotzen da garaipenaren bidean jartzeko. Bada, orain arte beti bete du ezinbesteko baldintza hori Baskoniak. Hala, Partizani 14 puntu sartu zizkion, 16 Efesi eta Betisi, eta 10, hain justu, Unicajari.
Howarden eremua
Markus Howard saskiratzaile bikaina dela ez dago esan beharrik. Bada, luzapenetan ez du gupidarik erakutsi. Unicajaren aurka bizkarreko minez ez zuen jokatu, eta une horretan Max Heidegger iritsi berriak eman zuen aurrerapausoa, batez ere partida erabaki zuen 1-10eko partziala bideratuta laga baitzuen bi hiruko segidan sartuta.
Partizanen aurkako deman ezagutu genuen ondoen Markus Howard nor den. Bere hiruko bati esker berdindu zuen Baskoniak, orotara zortzi hiruko sartu zituen egun baten. Hala, luzapen denboran ere bere hiruko batek erabaki zuen norgehiagoka. Orotara bost puntu sartu zizkion Partizani, eta beste bost Efesi, eta Betisen aurka zazpi punturaino iritsi zen, jaurtiketa libreen marratik ere ez duela barkatzen erakutsiz.
Bestetik, Matt Costellok ere zeresan handia izan du luzapen hauetan. Zortzi puntu sartu zizkion Anadolu Efesi –orotara 33 puntu egin zituen egunean– eta Partizanen aurka ere bere minuturik onenak izan zituen.
Luzapenetan azaldu zalea da ere Vanja Marinkovic. Ez ohi du askorik saskiratu, baina neurketa erabakita uzteko hiruko bat opari egin zien zaleei bai Betisen aurka eta baita Partizani ere.
Ondorioz, denboraldian zehar Joan Peñarroyak bere jokalari lantaldearekiko erakusten duen konfiantza luzapenetan ere bistan geratzen da; hau da, ez dela izen propio bakarra gailentzen une estu horietan, nahiz eta Howard eta Costello diren erreferentziazko jokalariak, bai beren kabuz erabakitzeko edota libre geratzen diren taldekideei baloia emateko.
Jakina, ez dago luzapen guztietan irabazi dezakeenik, baina aurkariek badakite -saski Baskonia luzapenera iritsiz gero, ez dela kikilduko. Bistakoa da Kopako final-laurdenetan luzapenean nagusituko balitz, finalerdietarako indar handirik gabe iritsiko litzatekeela talde gasteiztarra, eta are eta ahulago finalera luzapena irabazita sailkatuko balitz. Baina nolanahi, Saski Baskoniak badaki luzapenean inork baino arrisku handiagoa duela, eta buruz indartsu izatea exijitzen duen kirol profesionalean, garaipenetik urrats bat hurbilago geratzea suposatzen du.