NAIZ

Titanic-en irudi argitaragabeak kaleratu dituzte, filmaren 25. urtemugaren harira

AEBko Woods Hole Institutu Ozeanografikoak Titanic itsasontziaren hondar hondoratuen irudi argitaragabeak zabaldu ditu, James Cameronek zuzendu zuen filmak 25. urteurrena duela eta.

Woods Hole Institutuak inoiz publikoki ikusi ez diren Titanic hondoratuaren irudiak zabalduko ditu datozen orduotan –Euskal Herrian, asteazkeneko 01.30ean–, baina aurrerapen labur bat kaleratu du aurrena.

Irudiotan Titanic ontziaren hondarrak ikus daitezke, 1886ko uztailean Alvin urpekari tripulatuaren kamerekin eta urrutitik operatutako Jason Junior antzeko beste aparatu batenekin grabatuak.

Hura izan zen izan zen 1912ko apirilean Ipar Atlantikoan hondoratu zen ontziaren hondakinak ikusi ahal izan ziren lehen aldia.

1985eko irailean, Robert Ballardek gidatutako Estatu Batuetatko institutuko talde batek, Estatu frantseseko Institut Français de Recherche pour l'Exploitation de la Mer (Ifemer) zentroarekin lankidetzan, Titanic-en hondakinak aurkitu zituen.

Bederatzi hilabete geroago, 1986ko uztailean, talde estatubatuarra bertara itzuli zen eta aipatu irudiak grabatzea lortu zuen.

Institutuak azaldu zuenez, irudi horietako gehienak ez dira argitaratu eta ez dira inoiz jendaurrean erakutsi. Erakutsiko den bideoak ordubete eta 21 minutuko iraupena izango du guztira.

1.500 pertsona inguru hil ziren Southamptonetik (Ingalaterra) New Yorkera zihoan ontzia hondoratzean.

1997ko abenduan estreinatu zen James Cameronen filma, Leonardo DiCaprio eta Kate Winslet protagonista dituena, transatlantikoan elkar ezagutu eta maitemintzen diren klase sozial ezberdinetako bi gazteren istorioa kontatzen du.