Joseba Salbador Goikoetxea

Europako inauteri ezezagunen argazkilaria

Jende gutxi izango da, Joxe Mari Arrigain tolosarra bezala, argazki kamera hartu eta nekazal giroko inauteri ezezagunen bila milaka kilometro egin dituena. Isilean egindako lana, askotan erakutsi gabea, baina pixkanaka Europako hego-mendebaldeko bildumarik aberatsenetakoa osatzera eraman duena.

Joxe Mari Arrigain, abuztuan Donostian egindako erakusketan. Otsail honetan Tolosako Ilargi tabernan izango da.
Joxe Mari Arrigain, abuztuan Donostian egindako erakusketan. Otsail honetan Tolosako Ilargi tabernan izango da. (NAIZ)

Urte asko dira Joxe Mari Arrigain bere bi zaletasun nagusiak uztartzen hasi zela: argazkigintza eta inauteriak. Tolosarra izanik, lehenbizi bere herriko inauterietako irudiak hartzen hasi zen, baina laster konturatu zen beste leku askotan ere bazirela negu amaierako jaiak. «Nik txikitan uste nuen Tolosan, Venezian eta Rio de Janeiron bakarrik egiten zirela. Baina pixkanaka ikusten hasi nintzen Europa osoan zabaldutako jaiak zirela, nahiz eta asko ezezagunak izan».

Horregatik ere ez da ausartzen esatera frankismoan bizirik iraun zuten bakarrak Tolosakoak izan zirela. «Nekazal giroko inauteriak mendian galdutako auzo eta herrixketan mantendu dira eta, herriren batean debekatu baziren, sekulako astakeriak egiten zituztelako izan zen, eskutik joan zitzaizkielako. Galtzen joan badira, emigrazioaren erruagatik izan da, ez debekuengatik», dio Joxe Marik.  

Nekazal giroko inauteri ikusgarrienak –Euskal Herrikoen baimenarekin, noski– Galizian eta Portugalen aurkitu ditu Arrigainek. «Ourensen izugarrizko inauteriak egiten dituzte. Herriko gazteak etxez etxe joaten dira eskean, eta sekulako triskantzak egiten dituzte etxe barrura sartuz. Kalean, berriz, lokatzezko borrokak egiten dituzte, bazter guztiak zikinduz. Eromena da».

Portugalen ere kilometro asko egindakoa da Joxe Mari. Ipar-ekialdeko Trás-os-Montes eskualdean –Nafarroaren azalera berdintsua duen Leon eta Ourense ondoko eskualdean– berrogei inauteri baino gehiago aurkitu ditu azken urteotan.

Penintsulako beste eskualde askotan ere ibilia da, hala nola Asturiasen edo Gaztela Mantxan. Joan den udan Donostiako Argazkilari Elkartean jarritako erakusketan Guadalajarako Luzon herriko deabru beltzen argazki deigarria jarri zuen. «Buruan zezen adar beldurgarriak dituzte, eta goitik-behera kilaunarekin zikindutako olio beltzez margotzen dira, mozorrotuta ez doazenak zikintzeko».

Penintsulatik kanpo, frantziar Estatuko inauteriak ere ezagutzen ditu Arrigainek. Nagusienak, Paue hirikoak edo Carcasona ondoan dagoen Limoux herrikoak. «Inauterien hiriburua deitzen diote honi; izan ere, 400 urte baino gehiago dira erregistratuta daudela. Herri honetan, gainera, Europa ekialdeko herrialdeak gonbidatzen dituzte, eta aukera paregabea da hango inauteriak ere ezagutzeko».

Irudi «basatiak»

Euskal Herrira itzulita, ez da izango Joxe Marik argazkirik atera ez duen inauteririk. Famatuenak, nola ez, Ituren eta Zubietakoak. «Herri hauetan argazki oso ikusgarriak egin izan ditut, baina denak ezin dira erakutsi, irudi batzuk oso basatiak direlako. Adibidez, ohitura handia dute hildako animaliak erabiltzeko –astoak, basurdeak, azeriak…– eta nekazal girokoa ez denak nekez ulertu dezake hori».

Joxe Mari Arrigain, Mundakako inauterien argazkia atzean duela. (NAIZ)

Inauterietan zer bilatzen duen galdetutakoan, ezusteko irudiak direla erantzun digu, askotan surrealistak. «Toki guztietan jendea pertsonaiak eta dantzak ateratzera joaten da, baina niri horren inguruan sortzen den saltsa gustatzen zait. Konposizio desberdinak bilatzen ditut, baina beti bat-batekoak. Batzuetan lortzen ditut, besteetan ez».

Irudi horiek lortzeko, ordea, «saltsan sartu» beharra dagoela gaineratu du, horrek dakarren arriskuarekin. «Toki askotan jendea zikintzera joaten dira, eta beste batzuetan, Ourenseko Lazan adibidez, ozpinez zirikatutako txindurriz betetako zakuak husten dituzte jende artean».

Antzekotasunak Europa osoan

Modu batera edo bestera, Europa hegoaldeko inauteri guztiek antzekotasun handiak dituztela nabarmendu du. Aurpegia estaltzeko maskarak erabiltzen dituzte, zintzarriak ere bai, eta zenbait kasutan sagarrak. «Galiziako herri batzuetan etxez etxe dirua jasotzeko erabiltzen dituzte, txanponak sagarrean indarrez sartuz. Arizkunen, adibidez, txanponik jasotzen ez badute ere, sagar-dantza egiten jarraitzen dute», dio Joxe Marik.

Horrekin batera, inauteri guztietan beste gauza deigarri bat aurkitu du Joxe Marik: erritu iniziatikoak direla gazteentzat. «Etxez etxe ibiltzen diren taldeetan gazte ezkongabeak ateratzen dira, kintoak, eta heldutasunera pasatzeko errituak dira inauterietakoak. Herri batean esan zidaten hori egin gabe ezin zutela basora lanera edo soldadutza egitera joan», azaldu digu Arrigainek. Denborarekin, ohiturak gaurkotzen joan dira eta gaur egun, herri askotan, neskak ere ateratzen dira kintoen taldeetan.