NAIZ

Laura Sanz da Tolosako aurtengo kartelaren egilea

Aurten lehenbiziko aldiz, lehiaketa bitartez aukeratu da Tolosako Inauteriak iragartzen dituen kartela. Laura Sanz Fernandez ordiziarrak prestatutako lana izan da irabazlea.

Laura Sanz ordiziarra, kartel irabazlearekin.
Laura Sanz ordiziarra, kartel irabazlearekin. (NAIZ)

53 urtetan Tomas Hernandez Mendizabal izan da urtero inauterietako kartela prestatzen aritu den artista. 2021eko abenduan hil zen, ordea, eta iazkoa izan zen berak egindako azkena. Aurtengoa aukeratzeko, lehen aldiz lehiaketa irekia egitea erabaki zuen Udalak, etapa berri bati hasiera emanez.

Deialdi honetan 51 lan aurkeztu dira, 8 emakumezkoek egindakoak eta 43 gizonezkoek. Horien artean Laura Sanz Fernandezek aurkeztutako lana aukeratu du epaimahaiak (Eider Epelde diseinatzailea, Leire Martinez Kultur Etxeko pintura irakaslea, Edorta Kortadi arte kritikaria eta Aitor Hernandez diseinatzailea, Tomasen semea).

Kartela kolore ezberdinetako forma geometriko eta organikoz osatuta dago, tolosarrek erabiltzen dituzten txilabei erreferentzia eginez. «Obra abstraktua da, kartelean bizitza eta mugimendu gehiago izatea lortzen duten zenbait irudirekin batera. Islatu nahi izan dudana, sormenez, dibertimenduz eta alaitasunez betetako eztanda da. Hori da, azkenean, inauteriek niretzat irudikatzen dutena», azaldu du egileak.