Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Ur bizietako itsasargiak bide berri bat argiztatuko du

Ander Elosegi Alkainek (Irun, 1987) amaiera jarri dio goi-mailako kirol ibilbideari. 17 urtez elitean lehiatu ostean, piraguatik jaistea erabaki du irundarrak. «Erabaki sendoa» dela nabarmendu du bere agur prentsaurrekoan. Taldekide eta bidelagun izan dituenekin inguratuta, hunkituta agertu da.

Ander Elosegi, Donostiako Aquariumean, bidelagun izan dituen taldekide eta gertukoekin.
Ander Elosegi, Donostiako Aquariumean, bidelagun izan dituen taldekide eta gertukoekin. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Piragua nire gorputzeko zati bat bezalakoa da, bizitzeko modu bat da piraguismoa». Adierazpenok ez dira berriak Ander Elosegirengan baina ederki islatzen dute bere kirol ibilbidea. «Bizitzeko modu» hori, baina, bere amaierara iritsi da, bai behintzat goi-mailan lehiatzeari dagokionez. «Erabakia sendoa da», adierazi du, zalantzak uxatu asmoz. Era berean, duela hilabete batzuk hartutako hautua dela ere argitu du eta beraz, agur-prentsaurrekoan hunkituta agertu bada ere, tinko mintzatu da, eduki duen ibilbidea hotzean baloratuz, bere-berea duen umiltasunarekin.

«Zortea» izan dela, lau Olinpiar Jokoetan lehiatu izana «estatistika bat gehiago» dela... Domina bat edo beste, txapelketa bat edo beste, ibilbidean zehar lagun izan dituenekin partekatutako uneekin geratzen da irundarra. «Une haietan garrantzirik ez zuten txorakeria horiekin» gogoratzen da urte hauetako errepasoa egindakoan, eta horrek egiten du hain bakar Ander Elosegi.

«Erakutsitako hurbiltasun eta umiltasuna» nabarmendu du Telmo Olazabal palistak; Klara Olazabalentzat «ohorea izan da» bere alboan ikastea; «eredu da» Miren Lazkanorentzat, «erakutsitako guztiarengatik»; Olatz Arregi eta Aritz Furundarenak «disfrutatu» egin dute bere alboan...

«Bidelagun» izan du Maialen Chourrautek, NAIZi adierazi dion moduan. «Uretan eta uretatik at eredu izan da. Taldeko liderra modukoa, taldea batzen zuen pertsona izan da. Goxotasun asko helarazi dit eta pena pixka bat ematen dit hemendik aurrera alboan ez izateak», onartu du lasartearrak.

Batzuk La Seu d'Urgelletik, beste batzuk Donostiako Aquariumean bertan –ustekabe txiki baina goxo bat eskainiz–. Inork ez du galdu nahi izan Ander Elosegi eskertzeko unea, piraguismoari eman dion guztiagatik, alde gizatiarrean zein kirol arloan. «Behintzat jendeak aintzat hartu nauela sentitzen dut, kariño hori sumatzen dut baina, era berean, nahiago dut pisua kendu eta lasaiago hartu».

Itsasargi izan da eta orain argi hori apaldu egingo da. «Ez dakit zer datorren orain baina ez dut alde egingo. Hilabete hauetan nahiko ausente egon naiz, egia esan, baina hor egongo naiz. Ez dakit zertan lagundu dezakedan, baina tira», onartu du irundarrak.

«Gorputzak baino, buruak esaten dizu»

Hogei urte baino gehiago eman ditu piragua barnean, horietatik 17 goi-mailan lehiatzen. Lau diploma olinpiko, Munduko txapelketan azpitxapeldun 2019an –banaka zein taldeka–, brontzea Europakoan (banaka, 2016ean eta taldeka, 2019an)... «Ez nuen pentsatzen horrelako ibilbide bat izango nuenik, beti nahi duzu gehiago baina kontent noa».

«Bakean eta asetuta» doala ziurtatu du. Zortea lagun izan badu «lan egin» duelako ere izan da, «lan egiten ez duenak oso ibilbide motza izaten baitu», dio.

«Amak kontatu izan dit, behin, txikitan, izebari esan niola Olinpiar Jokoetara joan nahi nuela. Momentuko txorakeria hori egi bihurtu zen», adierazi du, bere senitartekoen barreen artean. Ametsa egi bihurtu zuen Elosegik eta piraguak erretiratu baino, berak erretiratu du piragua.

2022ko Ausburg-eko Munduko txapelketatik bueltan argi zuen erabakia. «Tokioko Olinpiar Jokoetan prestaketa gogorra egin zitzaidan, gainera urtebete atzeratu zen pandemiagatik. Tokiora gogor lehiatzera joan ginen, topera baina 2022an, berriro entrenamenduetara itzultzean, kosta egiten zitzaidan. Piraguan disfrutatu egiten dut eta disfrutatzen jarraituko dut, baina kosta egiten zitzaidan entrenamenduetara joatea eta hor ikusten duzu momentua gerturatzen ari dela», onartu du.

Are gehiago, «gazteak ilusioz ikusten dituzunean, topera, mundua jateko prest... Ohartzen zara zuretza etapa hori bukatu egin dela. Gorputzak baino, buruak esaten dizu».

Piraguismoaren osasunaz galdetuta, ez dago kezkatuta Elosegi: «Belaunaldi ona dator, multzo ona». Entrenamenduetan sumatzen duen ilusioa eta gogoa erreparatuta, «osasuntsu» dagoela uste du.

Eskertza zabala

Bera ere halaxe hasi zen, ilusioz, «denbora pasa», Santiagotarrak klubean –eta bertan eman ditu urte guztiak–. «Egunero gauza berriak ikasten zenituen eta dibertigarria zen. Uretara sartzen zinen eta ordu eta erdi beranduago, piraguista hobea zinen, hori zen onena», gogoratzen du irribarre batekin. 

Ibilbide guztian hainbat entrenatzaile eta taldekiderekin partekatu ditu lan-saioak. Horiek guztiak eskertu nahi izan ditu –«ez ditut banan-banan zerrendatuko, norbaitekin ahaztu naitekeelako, baina zuek badakizue nortzuk zareten»–, baita Basque Team Fundazioa ere, «ibilbidean izan dudan babesle garrantzitsuena». Alboan izan du erabat hunkituta mintzatu den Olatz Legarza, Basque Team Fundazioko koordinatzailea. Lakuako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak hartu du lehendabiziko hitza, Elosegiren kirol ibilbidea goraipatuz.