Beaskoetxeak ametsetako agurra izan du, Lopezekin Winter Series txapelketa irabaziz

Beaskoetxea-Lopez bikoteak irabazi du Jai Alai Winter Series txapelketa, Barandika eta Lekerikaren aurkako lehia oso estuan nagusituta. Azken tantoraino emozio biziko finala izan da (15-8, 9-15, 5-4). Diego Beaskoetxeak txapela irabazita agurtu du bere ibilbide profesionala.

Beaskoetxea eta Lopezen arteko besarkada finalaren amaieran.
Beaskoetxea eta Lopezen arteko besarkada finalaren amaieran. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Diego Beaskoetxeak amestutako amaiera ipini dio bere ibilbide profesionalari: horrenbeste urtean lagun eta kide izan duen Imanol Lopezekin bikote osatuz Jai Alai Winter Series txapelketa irabaziz eskegi du xistera, non eta bere herrian bertan, Gernikako pilotaleku ederra leporaino beteta zegoela.

Eta film baten gidoia bailitzan, finalak ezin izan du emozio gehiago izan. Beaskoetxeak eta Lopezek 15-8 irabazi dute lehen jokoa; Barandikak eta Lekerikak 9-15 bereganatu dute bigarrena; eta azken joko erabakigarria 5-4 amaitu da, 599 pilotakada eta 100 minutuko iraupena izan duen neurketa borrokatuan.

Normala den moduan, oso hunkituta amaitu du Beaskoetxeak finala. Txapela buruan zuela; lagun, senide eta pilota-eskolako gaztetxoz inguratuta, zail egin zaio sentitzen zuena hitzez adieraztea. «Frontoia topera, sekulako giroa... ezin dut gehiago eskatu. Jende asko izan da nire ibilbidean lagundu nauena eta ezingo nituzke orain denak aipatu. Milesker denei», izan dira bere lehen adierazpenak.

Lopez jaun eta jabe lehen jokoan

Lehen eta bigarren jokoak oso desberdinak izan dira. Aurrenekoan bikote gorria oso nagusi izan da, batez ere Imanol Lopezek atzean sekulako nagusitasuna erakutsi duelako. Ohikoa duen lasaitasun eta patxadarekin, pilota nahierara mugitu du, Barandika jokoan sartzeko ia aukerarik gabe utziz eta Lekerikari lanak asko zailduz.

Onartu behar da hasiera horretan urdinak ere ez direla oso fin aritu. Final bat etxean jokatzeak dakarren urduritasun logikoagatik agian, normalean baino huts gehixeago egin dituzte –bakoitzari lau apuntatu dizkiogu, zortzi bien artean–. Beaskoetxeak, aldiz, ederki baliatu du Lopezen agintea erremate sorta ederra sinatzeko.

Aurrelari beteranoak jokoan egindako sei tanto izan ditu lehen set horretan, eta asko ikusgarriak. Horma-bikoarekin inspiratuta egon da, adibidez, eta lau izan ditu modu horretan eginak. Tartean, jokoa 15-8koarekin itxi duena.

Barandika agertu da bigarrenean

Bigarren jokoa ere ez da ongi hasi urdinen interesentzat. Aurrenekoan egindako lanari jarraipena emanez, gorriak 3-0 aurreratu dira Diego Beaskoetxearen beste bi erremate ikusgarri tarteko, eta beteranoen abantailak 5-3ra arte jarraitu du.

Baina une horretan, txapelek azkarregi ihes egin behar zutela ikusita, Xabi Barandika agertu da partidan. Eta nola agertu. Lehen jokoan egindakoak hiru bakarrik izan baditu, bigarrenean zortzi egindakorekin amaitu du, sekulako erakustaldia emanez.

Aurrez 3-1ekoa errestoan egina zuen, 5-4koa pilota moztuta amaitu du, 6-8koa erreboteko zuloan sartuz... Baina Gernikan bildu diren 2.000 zaleak eserlekutik jaikiarazi dituen tantoa 7-10ekoa izan da: atzera bizpahiru pilotakada bikain jo ditu, Lopezek errebote sinestezin bat eraman du eta gernikarrak dejadarekin amaitu du tantoa zabalean.

Oraindik denbora izan du beste hiru tanto ikusgarri sinatzeko, bat aurrean eta azken biak atzeko zuloan, eta gorriek gainera zetorkiena ikusita erritmoa apur bat lasaitu eta azken joko erabakigarrian pentsatzen hasi dira. Bigarren hori 9-15 amaitu da azkenean eta txapelak airean zeuden.

Emozioa azken pilotakadara arte

Normala den moduan, azken seta ez da horren ikusgarria izan erremateei dagokienez, jokoan asko zegoelako eta pilotariek ez galtzea lehenetsi dutelako, baina ezin uka emozioa nahi beste izan duela.

Pilotakada trukaketa bizi batzuen ondoren, eta alde bakoitzetik iritsi diren huts batzuen ostean, Beaskoetxeak eta Lopezek gertu ikusi dituzte txapelak 4-2 aurreratu direnean, Barandikari gora ihes egin dion pilota bati esker.

Baina urdinek ez dute amore eman eta errebotean bihurritutako bi pilotakadari esker 4-4 berdindu dute markagailua. Tanto bakarrera jokatu dute azkenean, beraz, garaipena. kale edo bale. Eta azkenean gorrien alde erori da tanto erabakigarria, Lopezek ongi atzeratutako pilotakada batean.

Amaiera ederrra izan da Jai Alai Winter Series txapelketaren bigarren ekitaldiarentzat, eta lau protagonistek merezitako txaloak jaso dituzte. Orain, iazko bideari jarraituz, neguan jasotako bultzada udan herriz herri zabaltzea izango da erronka. Horrelako partidak jokatuta, ziur lortuko dela.

FITXA

Pilotakadak: 599. Partidaren iraupena: 99 minutu. Markagailua: Lehen jokoa: 1-0, 1-2, 6-2, 6-4, 10-4, 10-5, 12-5, 12-6, 13-6, 13-8 eta 15-8. Bigarren jokoa: 3-0, 3-2, 4-2, 4-3, 5-3, 6-7, 6-8, 7-8, 7-13, 9-13 eta 9-15. Hirugarren jokoa: 1-0, 1-2, 4-2, 4-4 eta 5-4. Egindakoak: 9 Beaskoetxeak, 3 Lopezek, 12 Barandikak eta 4 Lekerikak. Galdutakoak: 7 Beaskoetxeak, 4 Lopezek, 7 Barandikak eta 9 Lekerikak. Gertaerak: Gernika Jai Alai pilotalekua leporaino beteta, 2.000 pertsona inguru, Winter Series txapelketako finalean. Lehen sakea, gorri.