NAIZ

Maiatzaren 21ean egingo dute Ibilaldia Ondarroan

Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatu du aurtengo Ibilaldia. Maiatzaren 21ean egingo dute 41. edizio hau.

Ondarroan egingo dute aurtengo ibilaldia, maiatzaren 21ean.
Ondarroan egingo dute aurtengo ibilaldia, maiatzaren 21ean. (Ikastolen elkartea)

2023ko Ibilaldia Ondarroan egingo dute, maiatzaren 21ean. Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatu du eta asteazken honetan egin dute aurkezpena. Hitz joko bat aukeratu dute lelo bezala, ‘Xe’. Izan ere, Ondarroan, Ibilaldiari «Ibilaldixe» esaten diote, eta amaiera horretatik abiatuta sortu dute aurtengo leloa.

Bizkaiko ikastolen jaiaren aurkezpenean aurtengo helburuak azaldu dituzte. Batetik, «euskara eta euskal kultura ardatz dituen gure ikastola herrira zabaltzea», argitu dutenez, eta baita herriko gainerako eragileekin harremanak sendotzea ere. Halaber, ikastolako hezkuntza komunitateak zentroarekiko duen atxikimendua areagotu nahiko lukete, ikasleei ere auzolanaren garrantzia erakutsiz. Gainera, azaldu dute baliabide ekonomikoak behar dituztela, «arkitektura pedagogia berrietara egokitzeko».

1967an sortu zuten Zubi Zahar Herri Ikastola, gurasoen irakaskuntza kooperatiba gisa. Gaur egun, hilabete batzuk baino ez dituztenetatik hasi eta 16 urtera arteko ikasleak hartzen dituzte. Bertan ikasi zuen Leire Bilbao idazlea arduratu da, hain zuzen ere, abestiaren letra sortzeaz.

‘Turrun hotsa’ kanta asteazken arratsalde honetako 18.30etik aurrera egongo da entzungai hainbat plataformatan. Axular Arizmendi mutrikuarrak konposatu du melodia. Abestiari ahotsa jartzeaz Aiora Renteria eta Eñaut Elorrieta abeslari aski ezagunak arduratu dira, baina, ikastolako ikasle diren zenbait umek ere hartu dute parte. Bideoklipa Aiora Ponce ikus-entzunezko sortzaile ondarroarrak zuzendu du.