NAIZ

Harreraren eta burujabetzaren aldeko ekintza egin du Xuti Gazte! erakundeak mugan

Hendaia eta Irun arteko mugan, Xuti Gazte! erakundeko 30 kidek harrera eta aldi berean burujabetza aldarrikatu dituzte, larunbat honetan egindako ekimen ikusgarri baten bidez.

Etorkinei ongi etorria eman diete Xuti-ko gazteek, polizikideek atxilotu nahi dituzten toki berean.
Etorkinei ongi etorria eman diete Xuti-ko gazteek, polizikideek atxilotu nahi dituzten toki berean. (Guillaume Fauveau)

«Gazteok harrera herria erakitzen segituko dugu, baina ezin dugu aurrerapauso handirik eman gure mugen gaineko erabakiak Parisetik hartzen diren bitartean. Horregatik muga hau desegin eta bideak edonori irekiteko gure mugen inguruko erabakiak Euskal Herrian hartu behar ditugu». Hau da larunbat honetan Xuti gazte erakundeko kideek Irun eta Hendaiaren arteko pasabidean ozen zabaldu duten mezua.

 

Besteak beste, zubi horretan muga zeharkatu nahian hil diren etorkinak (hamarren bat azkeneko bi urteotan) gogoan izan dituzte, bere izen-abizenak margotuz.

 

30 bat gaztek hartu dute parte ekimen honetan. Adieraztera eman dutenez, «erailketa hauek ez dira istripu hutsak, mugaren gaineko neurri politikoen emaitza dira. Izan ere, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga Poliziaren kontrolpean da duela hainbat hilabetedanik eta etorkinak dira neurri hauen kaltetuenak: egunero ikusten dugu Santiago zubian itzuli erdia egin eta Irunera itzultzera derrigortzen duten norbait, edo trenez Hendaiara iristean berriz trenera sartu eta Irunerantz bidaltzen duten norbait. Egoera honek bultzatzen ditu muga igarotzeko eta Ipar Euskal Herrira iristeko bide arriskutsuagoak hartzera», salatu dute ezkerreko gazte abertzaleek.

Urtarrilean frantziar eta espainiar presidenteen arteko bilkuran murrizketa hauek «kendu nahiko lituzkeela esan» arren, «hilabete bat igaro da eta oraindik ez da deus aldatu», nabarmendu dute. Izan ere, «Avenida zubiak itxita jarraitzen du, poliziak tren irteera kontrolatzen jarraitzen du, autobusak gelditzen dituzte eta muga ezberdinetan auto kontrolak jartzen dituzte etorkinen bila».

 

Gauzak honela, Xutik «etokinek bizi dituzten bizi baldintzak salatu» ditu eta aterabideak aldarrikatu ditu. Eta aldi berean, muga hauen gaineko erabakiak euskal herritarrek hartu behar dituztela defendatu ditu.

Bertatik pasatzen ziren gidariei aldarri hau helarazi diete, eta horietako batzuk klaxona jotzen txalotu dute ekintza.