NAIZ

Osakidetzan arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten aukeratu dezakete herritarrek

Osakidetzak kanpaina bat jarri du martxan herritarrak osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten erregistratzera animatzeko. Dagoeneko erabiltzaileen %77 inguruk adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen arreta.

Donostia Ospitalean euskararen alde egindako ekimenen baten argazkia
Donostia Ospitalean euskararen alde egindako ekimenen baten argazkia (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Osakidetzak kanpaina bat abiarazi berri du herritarrak animatzeko adieraz dezaten zein hizkuntzatan izan nahi duten harremana profesionalekin edo komunikazioak jasotzeko. Osasun Sailak adierazi duenez, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2022-2028 III. Planean jasotako konpromisoetako bat da.

Helburu nagusietako bat da EAEko herritar guztiek adieraztea zein den haien lehentasunezko hizkuntza Osakidetzarekin harremanetan jartzeko. «Ildo horretan, Osasun Karpeta berria da hizkuntza erregistratzeko tresnarik errazena eta azkarrena eta, beraz, Osakidetzak erabiltzaileei dei egiten die hizkuntza erregistroa formalizatzeko erabil dezaten», azpimarratu du Osasun Sailak.

Ohar batean azaldu duenez, «Osakidetzarekin komunikatzeko lehentasunezko hizkuntza erraz eta modu seguru batean aukera daiteke aukerak/hizkuntza aldaketa menuaren bidez». Beste aukera bat da hizkuntza osasun zentroan bertan erregistratzea.

Osasun Sailaren esanetan, «une honetan, Osakidetzako erabiltzaileen %77 inguruk adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun arreta, baina Euskara Planaren helburua prozesu hori amaitzea da. Horrela, Planaren iraunaldia amaitzerakoan, erabiltzaile guztiek Osakidetzarekin duten komunikazio-hizkuntzaren erregistroa egina izan dezaten saiatuko gara».

«Ekimen honen bidez Osakidetzak osasun arloko komunikazio hizkuntzaren inguruan erabiltzaileek dituzten lehentasunak ezagutu nahi ditu. Erregistro horren helburua da, eskariaren arabera, asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea, dela Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan edo Osasun Mentalean», gaineratu du.

Gaur egun, lehentasunezko hizkuntza erregistratu duten pertsona guztietatik %19 inguruk adierazi du arreta euskaraz jaso nahi duela. Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aukeratzen dutenen, bai asistentzia aplikazioetako paziente erregistroan, bai bestelako identifikazio elementuetan, ikur urdina agertuko da ‘e’ letrarekin, Osakidetzarekiko harremanean euskara erabiltzea nahiago dela adierazten duena.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana

Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana iaz onartu zen, eta 2028ra arte egongo da indarrean. Planak euskararen erabilera sustatzeko neurriak ezartzen ditu, eta Osakidetza osatzen duten zerbitzu erakunde guztietan aplikatu beharko dira.

Planak jarraipena ematen dio 2003an Osakidetzan hasitako euskararen normalizazio-prozesuari, eta haren helburuak eta ekintzak hiru eremutan egokitzen ditu: euskararen inguruko egungo egoera eta datuak, Osakidetzako asistentzia maila desberdinak eta planean bertan zehaztutako lehentasun maila.