Maite Ubiria

Azterketak euskaraz egiteko eskaerari erantzun bat zor diola helduko da Ndiaye Bordelera

Frantses Hezkuntza ministroa Bordelera helduko da gaur hainbat ikastetxe bisitatzeko. Joan zen astean Anne Bisagni-Faurek bertako errektoreak azterketak euskaraz egiteko eskaerari erantzuna «ondoko egunetan» helduko zela iragarri zuenez, Pap Ndiayeren bisitak ikusmina sortzen du.

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko iazko otsailean Baionan eginiko mobilizazioa.
Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko iazko otsailean Baionan eginiko mobilizazioa. (Bob EDME)

Frantses Hezkuntza ministroa den Pap Ndiaye Bordelera helduko da ostegun honetan.

Hezkuntza Ministerioak oharra plazaratu zuen, atzo arratsaldean, Ndiayek Akitania Berriako hiriburuan jorratuko duen agendaren berri emateko.

Hezkuntza ministroa hainbat ikastetxetara bertaratuko da egunean zehar. Hala, Condorcet auzoko ama eskolan hasiko da, 9.30ak aldera, ministroaren bira. Handik Grand Parc auzoko kolegiora joango da. Bestalde, arratsaldean, Aerocampusa eta Saint-Medard-d'Eyrans ikastetxeak bisitatuko ditu. Ministroak Zientzia Politikoetako fakultatean amaituko du, iluntzean, bere jardunaldia.

Alabaina, Pap Ndiayeren agendak baino ikusmin gehiago sortzen du, Euskal Herritik begiratuta, bisita horren testuinguruak.

Oroitzearren, joan zen astean azterketak euskaraz egiteko aldarrikapenari bultzada berria eman zion Seaskak.

Hala, otsailaren 22an, hogei bat guraso, irakasle eta ikasle Bordelen Hezkuntza Ministerioak duen egoitzara bertaratu ziren. Batzuk teilatura igo ziren bitartean beste batzuk Erretoretzaren sarrera nagusian kateatu ziren.

Azterketak euskaraz egiteko eskaerari erantzun ezean «urrutira joateko nahikeria» agerian jarri zuten haien protesta ekimena amaitzerakoan.

Handik bi egunetara, otsailaren 24an, Anne Bisagni-Faure Bordeleko Akademiako erretoreak bisita aski gorabeheratsua ukan zuen. Maulen lehenik eta ondoren Baionan Hezkuntza Akademiako buruak parez pare ukan zituen azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen zuten herritarrak.

Hezkuntza errektorearen adierazpenak

Hain zuzen, giro bero horretan Anne Bisagni-Faurek iragarpena egin zuen. Hala, frantses Hezkuntza Ministerioak euskaraz ikasten duten gazteei azterketen karietara zor dien erantzuna «ondoko egunetan» iritsiko zela jakitera eman zuen Bordeleko errektoreak.

Iazko irailaren 14an orduan izendatu berria zen Ndiaye ministroaren aholkulariekin bildu zen Antton Kurutxarri Euskaren Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakaria buru zuen euskal delegazioa. 

Aipaturiko bilkuran Pap Ndiayek «epe zentzudun batean» Brebet azterketari buruz erantzun bat emango zuela hitza eman zuten Hezkuntza Ministerioko ordezkariek.

Euskal delegazioko kideak bileratik aski baikor atera baziren ere, geroztik isiltasuna nagusitu da.

Brebet frogari buruzko erantzuna ez da heldu, eta Baxoa frogaren gainean sakonago hitz egiteko bi aldeek finkatu behar zuten bilera airean gelditu da. Horren gainean ere berririk ez.

Iragan abenduan EEPren baitan elkarlanean jarduten duten erakundeetako ordezkariek –Estatuaren izenean aritzen dena salbu– gutun publiko bat plazaratu zuten elkarrizketari segida emateko xedez, Parisera igorritako mezuek erantzunik ez zutelako ukan haien ulergaitza agertuz.

Giro gaiztotu horretan, Anne Bisagni-Faurek joan zen ostiralean egin zuen iragarpenaren aurrean bere mesfidantza agertu zuen berehala Seaskako lehendakari den Peio Jorajuriak.

Seaskako ordezkariek «hilabetez hilabete mezu berdina» entzuten badute ere, erantzuna ez delako inoiz heltzen kexu azaldu zen sare sozialetan plazaraturiko mezu batean Jorajuria.

«Ondoko egunetan» heltzekotan zen erabakiak «zer norabide» har zezakeen zehaztera ere ez zen ausartu Akademiako errektorea, Anne Bisagni-Faure.

Aspalditik Seaskako komunitateari erantzun bat zor dion Hezkuntza ministroak lainoz beteriko adierazpen horiek argitzera jokatuko duen gaur jakiterik ez dago.

Egutegiak berehalako erantzuna eskatzen du

Egutegiak, ordea, erantzun azkarra eskatuko luke. Hemendik pare bat hilabetera kolegioa amaitu ondotik egiten den Brebet azterketa izanen da. Baxoari dagozkien berezitasunen gaineko frogak hilaren amaieran eginen dituzte, berriz, aurten lizeoko ibilbidea amaituko duten ikasleek.

Bordeleko Hezkuntza Akademiaren begiradapean eginen dituzte haien azterketak Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikasleek.

Frantsesez ikasten dutenek azterketak prestatzeko aparteko trabarik ez dute izanen.

Aldiz, ikasketak euskaraz burutu dituztenek haien ibilbide akademikoa markatuko duten froga horiek zer hizkuntzan osatu beharko dituzten ez dakite oraindik ere.