Duela hamabost urte pasatxo zintzilik utzi zituen harietatik tira egitea deliberatu du Eneko Bidegain (Baiona, 1975) idazle eta irakasleak. Tira eta tira egin du, idazketa ariketa konplexua osatuz. Eta orain, ibilbidea heldu da amaierara: ‘Bichta éder’ (Elkar) nobela.
Hiru geruzaz osatutako eleberria da honakoa, eta batak ezin du bestea gabe existitu. Bata bestea gabe ez da. Eta geruza horien guztien azpian hari-muturrak. Zenbat ez du jakin zehazten egileak, baina «asko» direla adierazi du. Mamiak badu intrigatik, nahiz eta ez den ohiko nobela beltza edo thriller arrunta. Ur horietatik edan du, baina ez bakarrik.
Estilo literario dexente uztartu eta nahastu ditu zentzu zabalago bat emateko istorioari. Bai, jostari ibili dela ez du ezkutatu, errekurtso eta estiloekin. Hamabost urtez tarteka gorde, tarteka erreskatatzen zuen lanari behingoz bizia ematekotan zela, asmo guztiak irauli ditu bertan.
‘Bichta éder’ ostegun honetan aurkeztu du Donostian Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen eskutik. Lapurdiko kostaldean bada garatu nahi den higiezin-proiektu bat, dela garai bateko gaztelu eder eta noblea hotel bihurtzea. Goxoki bat zenbait poltsikorentzat. Eñaut Oihenart kazetaria, sustapenak usteletik baduela susmatuta, ikertzen jarriko da. Eta hortxe dator lehen geruza: «Proiektuak polemika handia sortuko du inguruan: ezkutuan dabiltza promotoreak eta inguruko aginteak. Susmoa badago zerbait zikina dagoela. Liburuan aintzinatu ahala ikusiko dugu gazteluak sekretu asko gordetzen duela denboran zehar zabaltzen direnak. Hari-muturrak denak lotzen dira gero».
Bigarren geruza poiektuaren izenarekin batera dator: ‘Bichta éder’ edo gauza bera dena, «bista eder». «Euskararen eta Euskal Herriaren zapalkuntza aipatzen da zeharka zein zuzenean. Bizipenen bitartez eta Lapurdin kokatua, nola euskara izan den gutxietsia, eta nola zapaldu edo abandonatu arazi zioten euskara gure aitzineko belaunaldiei, eta nola izan den euskara batzuentzat min bat, zama bat. ‘Bichta éder’ horrela idatzita da erreferentzia honi guztiari. Bizirik dago erresistentzia bati esker, baina orain ikusten badugu Lapurdin ezker eskuin sortzen diren edozei proiektu, etxe, hotel… gehienetan euskarazko izena ematen zaiola baina frantsesez ortografiatua. Uste dut euskarari egiten zaion azken erasoa dela, trufa bat». Apropiazio kulturala, kontzeptu gisa, eztabaidatua da eta hausnarketarako luzapena da.
Hegoaldean, hots, bada gauza bera egiteko joera, ohartarazi du Mendigurenek. Ezin ukatu «bista eder» esamoldeak Bidasoaren alde honetan ‘basque nice view’ tankerako itxura hartuko lukeela.
Bagoaz geruzaz geruza. Hirugarrena eta azkena itxurakeriari ematen zaion garrantzia da. «Eta a ze zama hartzen duen itxura horrek! Gizartearen gehiengoak nolabait nahi dugu identifikatu edo agertu gehiengoaren itxurakoa, anitzetan gure izaerari uko eginez». Ariketa hori dakar pertsonaietara zein hondasunetara. «Proiektu bat ustez biziki ederra dena, gaztelu bat maiestate handia izan zuena, baina azpian egoera ustela duena. Eta jendeetara ere ekartzen da hori, jendaurrean erakusten dugun irudi bat, ez derrigorrez gure benetako irudia dena, baizik eta momentu horretan komeni dena erakustea». Pertsonaietako batek, «edo denek», euskararekiko izan dutena planteatu du Bidegainek.
Pertsonaiak eta tramak, justifikatuak
Liburuak adar asko ditu, eta zama handiagoa edo txikiagoa eduki, aipatzen dira Nafarroako Erresuma, Bigarren Mundu Gerra, Arjeliako gerra eta gerraostea… horiek denak ondo jostea izan da «dibertigarriena» baina, aldi berean, aitortu du, «konplikatuena».
«Idazten denean pasarte bat justifikatu behar da zergatik dagoen hor, eta uste dut justifikatuak direla. Dirudite bigarren mailakoak batzuk, baina ulertzen da gero zergatik eszena edo pertsonaia hori. Gogoetarako lehio anitz proposatzen ditu liburuak. Politika, kazetaritza, euskararen egoera, harreman sentimentalak…»
Pertsonaia ugari dira, eta hasiera batean planteatu bazen ere hasierako orrietan denak azalduta ekartzea, horrek istorioa milaka puskatan apurtu zezakeen arriskua zela medio, QR kode bat jarri da. Hor agertzen dira kapituluz kapitulu ‘Bichta éder’ orrietan bizitza hartzen doazen pertsonaiak. Idazlearen aholkua: «Ez da komeni aurreratzea».
Intriga konplikatuak gustatzen zaizkio irakurle gisa, eta liburu bat hartzen duenean gustatzen zaio «denbora puska batean egotea». Kontatu duenez, bizpahiru egunetan bukatutakoak «gosearekin uzten naute». Horregatik justifikatzen du lanketa mamitsua: «Hainbeste pertsonaia eta ondo garatu nahi bada, espazioa behar da».
Nobela hezurmamitzen ari zela, bazuen kezka nagusi bat Eneko Bidegainek. «Euskal Herri osoko irakurleak ditut eta ulergarria izatea nahi dut, baina aldi berean ni hazi nauen euskalki eta lexikoari uko egin gabe eta ahal dela promozioa eginda. Horrek, baina, oreka batzuk eskatzen ditu», azaldu du.
Batetik, «ulergarria behar du hegoaldean» eta, bestetik, «iparraldean ez dira sentitu behar ahantziak». Azken hauek tarteka galdetzen ei diote: «Ulertuko dugu guk edo idatzi duzu…? ‘espainolek bezala’ ez dute esaten, baina hortik doa. Hitz bat hautatzen denean badira hainbat aukera, bereziki iparraldean erabiltzen dena eta hegoaldean ez hainbeste». Sekula erabili ez duen hitz bat erabiltzea arrotza eta deserosoa zaio. Bada «oreka lan bat biziki interesgarria».
Helburua, edozein kasutan, argi du. «Niretzat ezinbestekoa izan dena: denentzat ari naiz idazten».