Edgar Lee Mastersen arrakasta bakarra, ‘Spoon River’, euskarara ekarri du Balea Zuriak

Amerikarrei ahotsa eman zien ‘Spoon River’ antologia poetikoak, eta era berean gizarte puritanoa aztoratu zuen. Horri esker Edgar Lee Mastersek nahi zuen arrakasta lortu zuen. Alain Lopez de Lacalle izan da euskarara ekartzearen arduraduna.

Alain Lopez de Lacalle itzuli berri duen ‘Spoon River’ antologiarekin.
Alain Lopez de Lacalle itzuli berri duen ‘Spoon River’ antologiarekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

50 liburu inguru idatzi zituen arren, Edgar Lee Masters arrakasta bakarreko egilea izan zen, eta hori izan zen heriotzara arte jarraitu zion frustrazioa. Abokatua zen lanbidez baina literaturarekiko zuen pasioak ezizenarekin hainbat liburu argitaratzera eraman zuen. Liburu horiek ez zuten inolako arrakastarik izan, eta ez irakurleek eta kritikariek ere ez zioten kasurik egin, 1915an ‘Spoon River’ poesia antologia idatzi zuen arte.

Azkar irabazi zuen ospea Estatu Batuetan eta laster historiako poesia libururik irakurriena bilakatu zen. Urte batzuk geroago lana utzi zuen, emaztea eta familiarekin batera egon eta literaturara dedikatzeko. New Yorkera joan zen bizitzera eta poesia liburuaren arrakasta errepikatzen saiatu zen, baina ez zuen inoiz halakorik lortu. ‘The New Spoon River’ ere idatzi zuen, ea horrek irakurleengan interesa pizten zuen, baina bigarren zati gehienak bezala epaitua izan zen. New Yorken bertan hil zen 1950ko martxoaren 5ean, miserian eta frustrazioak jota.

Masters ezaguna egin zuen liburu hura Estatu Batuetan bereziki sonatua den arren, gurean ez da hain ezaguna, eta hori aldatzeko apustua egin du Balea Zuria argitaletxeak. Izan ere, Alain Lopez de Lacallek hartu du euskarara ekartzeko erronka. «Edozein argitaletxerentzat katalogoan ‘Spoon Riven’ izatea ohore bat da», esan du aurkezpenean Felipe Juaristi editoreak.

Spoon River alegiazko herri bat da, nekazal girokoa, non hildakoen bitartez bertan gertatutakoak kontatzen diren. «Ibaia benetakoa da, existitzen da. Herria, bere txikitako bi herrien arteko eta bertako herritarren arteko nahasketa da», aipatu du itzultzaileak. Kontatu du argitaratu zenean eskandalua sortu zuela «garaiko gizarte puritanoan», ezkutuan mantentzen ziren gaiak aipatzen direlako: abortoa, suizidioa, homosexualitatea, adulterioa...

«Nekazal herrixka baten mikrokosmoa azaltzen dela pentsatu izan da beti; herri txiki, infernu handi. Baina hori baino askoz gehiago da. Gatazka pertsonalak eta kolektikoak irudikatzen dira», azaldu du Lopez de Lacallek.

Bere hitzetan, amerikarrek pentsatzen zutena esaten zuen benetako ahots amerikar bat bilatzen zuten, eta Mastersengan aurkitu zuten. Hala ere, itzultzaileak uste du agertzen diren pertsonai guztiek idazlea bera irudikatzen dutela.

Antologiari buruz

Egitura aldetik, hasieran frustrazioak jota dauden pertsonaiak agertzen dira, ustelkeria, giza pasioen parodia bat da. Gero bizitzara moldatzea lortu dutenak ageri dira. Azkenik, errealizazioa lortu duten pertsonaiak daude.

Aitortu du, ohi den bezala, tonua aurkitzea izan dela gehien kostatu zaiona itzulpena egiterako garaian. Izan ere, nahiz eta hizkuntza xehea izan behar duela iruditu, ez da hala. Nekazal inguruko hizkera badago, baina baita ere juridikoa eta zientifikoa. «Saiatu naiz modurik naturalenean idazten, atsegina izateko irakurtzerakoan», aipatu du. Era berean, saiatu da poemen erritmoa mantentzen, horrek zenbaitetan neurriak sakrifikatzea suposatu badu ere.