Iaz Euskal I. Duatloiko finalean Ugaitz Mugertza mutrikuarra gailendu zen, baina aurten ezingo du txapel hori berriro jan tza, igande eguerdian Azpeitiko zezen plazan jokatuko den II. Euskal Duatloiko finalean ez baita egongo.
Finalerdietan sailkapena erdietsita, sei izango dira txapel preziatu hori lortzeko hautagaiak. Eneko Saralegi, Xabier Zaldua eta Suharri Rodriguez, alde batetik, eta Arkaitz Jauregi, Ibai Soroa eta Oier Kañamares bestetik. Hain zuzen, ordena honetan hartuko dute parte finalistek; izan ere, kanporaketan hiru denborarik onenak egin zituzten Jauregik, Soroak eta Kañamaresek. Ondorioz, beste hiru partehartzaileen denboren erreferentzia izango dute beraien lanak hasten direnerako eta hauek lehiatuko dira Ohorezko Txandan.
Duatloi honen proba hiru zatitan banaturik dator. Hasteko, 45 ontzako eta etzanda kokaturiko lau enbor erdibitu beharko dituzte finalistek. Horren ostean, Azpeitiko zezen plazari 40 itzuli eman beharko dizkiote, orotara lau kilometro eginez. Azkenik, 45 ontzako beste lau enbor erdibitu beharko dituzte partehartzaileek, baina kasu honetan enborrak zutik izango dira.
Iazko finalisten zerrendatik hiruk errepikatuko dute aurten: Oier Kañamaresek, Arkaitz Jauregik eta Eneko Saralegik. Aurtengo kanporaketan Kañamares izan da azkarrena, baina hain justu, iazko final nagusian hiru hauen artean denbora gehien berak behar izan zuen: 36 minutu eta 37 segundo, orotara laugarren lekuan sailkatuz. Eneko Saralegi seigarren denbora onenarekin sailkatu da aurten, baina iazko finalean hirugarrena izan zen, 34.49ko denborarekin. Aldiz, bigarren postuan amaitu zuen iazko finalean Ilarduiako Arkaitz Jauregik, 33.40ko denborarekin, Ugaitz Mugertzak baino minutu bat pasatxo gehiago eginda. Kanporaketetan hirugarren sailkatu da arabarra.
Antolakuntzak adierazitakoari jarraiki, kirolariek goizeko 11.00etarako prest egon beharko dute zezen plazan, egur loteen zozketarako. Ordubete beranduago hasiko da lehenbiziko txanda eta 12.50ak aldera, berriz, Ohorezko Txanda. Sari banaketa, berriz, 13.35etatik aurrera izango dela espero dute antolatzaileek.