NAIZ

Erremonteko Berria Txapelketak haize berriak dakartza Galarretara

Aritz Eskudero, Aitor Aiestaran, Urtzi Gurrutxaga eta Jon Irazuk debuta egingo dute erremontari profesional gisa.

Urtzi Gurrutxaga, Jon Irazu, Aitor Aiestaran eta Aritz Eskudero, Galarretan.
Urtzi Gurrutxaga, Jon Irazu, Aitor Aiestaran eta Aritz Eskudero, Galarretan. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Erremontari profesionalen debutak beti dira albiste onak. Zer esan, larunbat honetan bezala, jauziak launaka ematen badira. Harrobiak fruituak ematen jarraitzen duela eta gazte hauek modalitatearekiko interesik badutela erakusten dute eta, hein handi batean, bere biziraupena ere bermatzen dute.

Gazteei aukerak emateko borondatearekin jaio zen Berria txapelketa eta aurten eta lehen asmo horrek bermatuta dirudi, larunbat honetan jokatuko den jardunaldian lau debutari izango baititugu Aritz Eskudero (Andoain, 1994), Aitor Aiestaran (Hernani, 1997), Urtzi Gurrutxaga (Aizarnazabal, 2000) eta Jon Irazu (Aduna, 1999). Sei bikotek osatzen dute txapelketa eta asteburu honetako jaialdian bi partida jokatuko dira. Lehenengoan Goikoetxea V.a eta Aiestaran VI.a, Gurrutxaga eta Zalduaren aurka ariko dira. Jaialdiko hirugarren partiduan, aldiz, Loitegi eta Eskudero, Irazu eta Zubiriren kontra.

Beraz, lau debutariak ikusteko aukera izango da. Lehenengo partidan Aiestaran debutariak Goikoetxea izango du lagun. Berriek nolako maila duten profesionaletan aste honetatik aurrera ikusiko da eta Gurrutxagak, Zaldua du bikote. Zaila da esaten nor den faborito.

Egoera bera ematen da jaialdiko hirugarren partidarako, Berria Txapelketako bigarrena. Loitegik eta Eskuderok, Irazu eta Zubiri izango dituzte aurrean. Hemen ere atzelari debutari bat aurrelari debutariaren aurka.

Lehen fase hau ligaxka eran jokatuko da; lehen partida A taldekoa izango da eta hirugarren partida B taldekoa. Irabazleek finalerdietara sartzeko jauzi handia egingo dute.

Txapelketako partida guztiak 35 tantura jokatuko dira eta puntuaketa sistema erabiliko da: irabazleak lau puntu eramango ditu eta galtzaileak, 34tik 32ra tantu egiten baditu, 2 puntu, 31tik 29ra puntu bat, 28tik 23ra punturik ez eta 22 edo gutxiago, puntu negatiboa.

Talde bakoitzetik lehenengo biak sailkatuko dira finalerdietara. Honela, apirilaren 1ean, 16:30etik aurrera, A taldeko lehenengo sailkatuak B taldeko bigarrenaren aurka jokatuko du lehenengo finalerdia eta B taldeko lehenengo sailkatuak A taldeko bigarrenaren aurka jokatuko du beste finalerdia. 

Bi kanporaketa hauetako irabazleak apirilaren 8an jokatuko den finalerako sailkatuko dira.

Estelar ikusgarria Urriza eta Barrenetxearekin

Baina Galarretako eskaintza ez da Berria Txapelketara mugatuko, jaialdiko bigarren partidan estelar ikusgarria prestatu du Oriamendik. Urriza eta Azpirozek, Aldabe eta Barrenetxea IV.a izango dituzte aurrean. Maila altuko partida espero da eta Urrizak bere mailarik onena gero eta gertuago ote duen frogatu ahalko da.