Alaia Sierra

Gipuzkoako 10.000 gerrako umeri izena eta izana jarri diete

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak Gipuzkoako gerrako umeen zerrenda bat sortu dute eta erbesteratutako 10.000 umeren izenak bildu dituzte. Datorren martxoaren 18an omenaldia egingo diete Donostiako Kursaalean.

Josu Chueca, Ion Gambra eta Julia Monge, ikerketaren berri emateko prentsaurrekoan.
Josu Chueca, Ion Gambra eta Julia Monge, ikerketaren berri emateko prentsaurrekoan. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

1936ko gerran espedizioetan zein familiarekin erbesteratu behar izan ziren Gipuzkoako 10.232 haur identifikatu ahal izan dituzte: 5.053 mutil eta 4.960 neska. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak elkarrekin egindako ikerketa izan da.

Astelehen honetan eskainitako prentsaurrekan, ikerketa lanaren lehendabiziko fasea dela azpimarratu du Ion Gambra Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak. Hortaz, espero dute kontaktatu ez dituzten beste batzuk beraiekin harremanetan jartzea.

Zehaztu duenez, zerrendako 3.681 ume Donostiakoak ziren, 1.590 irundarrak, 609 Hondarribiakoak eta 571 Pasaiakoak. Baina bina kasu ere aurkitu dira Abaltzizketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman, eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun.

Gipuzkoatik aterata, Bizkaiara joaten ziren eta handik gehienak frantziar Estatura joan ziren (4.840), ondoren Kataluniara (4.155), Belgikara (580), Sobietar Batasunera (465) eta Erresuma Batura (312). Batzuek Europatik kanpo aurkitu zuten babesa, eta beste batzuek baita Estatu espainiarraren barruan ere: Valentzia eta Madril (26) eta Amerikan: Mexiko, Venezuela, Argentina, Txile edo Uruguai (64). Gainera, beste 459 haur ere identifikatu dira, baina ez da haien helmugei buruzko informaziorik aurkitu.

Ikerketan parte hartu duen Josu Chueca Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak azaldu duenez, Euskal Herritik kanpo Belgikako, Pariseko, Madrilgo eta Salamancako artxibo historikoak kontsultatuz egin dute lana, besteak beste. Hala ere, azken bietan dokumentuak ikusteko eta kopiatzeko izandako zailtasunak nabarmendu ditu. «Gerrako haurretaz ari garen arren, ez dute erraztasunik ematen informazioa kontsultatu ahal izateko», salatu du.

Izenen zerrenda osatzeaz gain, ume horien bizi baldintzak ezagutzeko aukera azpimarratu du Chuecak. Esan duenez, «beren errealitateari buruzko informazio mosaiko oso bat sortu dugu».

Omenaldia eta hurrengo pausoak

Halaber, 50 elkarrizketa sakon egin dituzte eta Gipuzkoako Foru Aldundiko webgunean kontsultatzeko datu-base bat sortuko dute datozen asteetan. Azpimarratu dutenez, belaunaldi honetakoak dira gerrako zuzeneko testigantzak emateko aukera daukaten azkenak, eta batzuk ikerketa prozesuan hil dira.

Horregatik oraindik bizirik jarraitzen duten gerrako umeak omenduko dituzte hilaren 18an; guztira 144 pertsonak jaso dute ekitaldira joateko gonbidapena. Julia Monge Intxorta 1937 elkarteko kideak azaldu duenez, gerrako haurren batek bizirik jarraitzen badu eta omenaldira joateko gonbidapena jaso ez badu, Aldundiarekin jar daiteke harremanetan 943113965 telefono zenbakian.

Gainera, proiektua ez dagoela amaituta esan dute eta jarraitzeko asmoa dute, bai jasotako informazio kualitatiboarekin eta irudiekin liburuak edo erakusketak sortuz, bai Euskal Herriko beste tokietan ikerketa bera eginda.