Otsailaren 28tik martxoaren 2ra, Irungo Udalak ‘Memoria Demokratikoari buruzko Estatu Mailako Biltzarra’ antolatu zuen Ficoba eta EHUren laguntzarekin. Bertan izan ziren, besteak beste, Irungo alkatea, Udaleko Memoria Historikorako ordezkaria, Memoria Historikoko Estatuko idazkaria eta Gobernu espainiarraren EAEko ordezkaria.
Hiru egun horietan, memoria historikoaren inguruko hainbat hitzaldi publiko eman zituzten adituek. Egitarauan hitzaldien hizkuntza adierazten ez bazen ere, euskarak ez zuen inolako lekurik izan, eta ez zen itzulpengintza zerbitzurik eskaini ere.
Email harrigarri bat
Martxoaren 2ko egitarauan, hitzaldietako bat Kepa Ordoki–Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak eman behar zuen, eta taldeko kideek mota honetako jardunaldietan euskara eta gaztelania erabiltzen duten arren, antolakuntzak «arrazoi politikoengatik» gaztelania erabili behar zutela adierazi zien helbide elektroniko bidez.
Peli Lekuona elkarteko kideak kontatu duenez, «harriduraz» hartu zuten email hori. «Guretzat marra gorri bat da, elkartearentzat hizkuntza oso garrantzitsua da. Euskaraz egiten dugu hala eskatzen digutenean, eta bestela elebitan, Koldo Salinasek gaztelaniaz eta nik euskaraz», azaldu du.
«Erabaki genuen ez erantzutea emailari, argi eta garbi. Hitzaldira joatea, eta momentuan ohartarazpen bat egitea gertatutako horretaz».
Euskarak oroimena du
Euskaraz hasi zen Lekuona hitzaldia ematen, eta ez zioten ezer esan, normaltasunez joan zen. «Baina esan genuen hitzaldia baldintzatua jaio zela, ohartarazpen hori egin zigutelako, eta uko egiten geniola, euskara oroimena duen hizkuntza delako. 86 urte pasata gaztelaniaz egiteko agindu harek bere horretan jarraitzen du».
Gertatutakoaren berri eman zioten Arartekoari, baita Kontseiluari eta Behatokiari ere. Arartekoak esan zien ikertzen hasiko zela; Behatokiak, aldiz, oharra zabaldu du astelehen honetan, Kepa Ordoki elkartearekin elkarlanean egindako salaketa plazaratzeko.
«Oso larria da»
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak «oso larritzat» jo du jardunaldi horietan gertatutakoa. Izan ere, herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea erakunde publikoek horrela mugatzea edo debekatzea, herritarren oinarrizko eskubideen kontrakoa izateaz gain, jardunaldi horietan jorratu zen errepresio frankistak euskararen eta euskal hiztunen aurka egindako guztia kontuan ez hartzea da.
Bestalde, Behatokiak azaldu duen bezala, «arrazoi politikoengatik gaztelania erabili behar dela» esatea, eskubide demokratikoen zapalketa izateaz gain, gaur egun EAEko erakunde publikoek hizkuntza eskubideekiko dituzten lege-betebeharrak kontuan ez izatea da.
Halaber, espainiar Estatu mailako jardunaldiak izateak ezin du euskara erabiltzeko debekua inondik ezarri, izan ere, hizkuntza ofizialak erabiltzeko Irungo Udalaren irizpideen barruan ondorengoa jasotzen da bigarren kapituluan: «Aldi bereko interpretazioa behar denean: aldez aurretik zehaztuko dira hizkuntzak eta interpretazio materialez hornitutako areto bat hautatuko da».
Ondorioz, Irungo Udalaren erantzukizuna zen entzuleentzako interpretazio zerbitzua bermatzea, hizlariak gaztelaniaz egitera behartu beharrean. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Kepa Ordoki–Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak egoera hau salatu eta dagozkien arduradunei erantzukizunak eskatu dizkiete. Aurrerantzean ere horrelako jardunaldietan hizkuntza eskubideen errespetu eta aitortzak duen garrantzia azpimarratu dute.
Irungo Udalaren erantzunik ez
«Hitzaldia eman ostean ez ziguten ezertxo ere esan, ez gintuzten begiratu ere», adierazi du Peli Lekuonak Irungo Udaleko kideei buruz. Han zegoen emaila bidali zien Oroimen teknikaria ere.
«Ez dugu inolako erantzunik jaso Irungo Udalaren aldetik», esan du Kepa Ordoki elkarteko kideak.