Ramon Sola

Ramon Aldasoro: FBIk atxilotua, 20 urtez preso eta Otxandioko hauteskundeen «irabazle»

Ramon Aldasoro Magunacelaya hil da: ETAko militantea, iheslaria, Miamin kartzelaratua, Espainiaratua, 20 urtez preso urrutiratua... Ezaguna den honi guztiari datu eta istorio hau erantsi behar zaizkio: ilegalizazio garaian bere boza izan zen ezker abertzaleari Otxandioko alkatetza eman ziona.

Ramon Aldasoro, AEBek Espainaratua, 1999an.
Ramon Aldasoro, AEBek Espainaratua, 1999an. (Ministerio del Interior España)

Igandeko eskela zerrendak zekarren albistea: Ramon Aldasoro Magunacelaya zendu da. Azken bost urteak Euskal Herrian aske eman ahal izan ditu baina aurretik ihesa eta espetxea jasan zituen, hiru hamarkadetan zehar.

Bereziki ezaguna da duela mende laurden gertatutakoa, Miamin FBIk atxilotu eta kartzelaratu zuenean, 1997ko abenduan hain zuzen ere. 1988. urtetik haren atzetik zebiltzan espainiar poliziak, ETAko «Araba komando»ko kide zelakoan.

Espainiaratu ala ez erabakitzeko prozesua bi urtez luzatu zen Estatu Batuetan. Lawrence King Miamiko epaileak aurre egin zion hasieran Madrilgo eskaerari, Estatu espainolean Aldasoro torturatua izateko arriskuan zela onartuz.

30 egun eman zizkien espainiar agintariei, tratu txarrak «iraganeko kontua» zirela egiazta zezaten. Pasa den mendeko bukaera horretan, gatazka armatua gori-gorian zela, tortura eguneroko ogia izateaz gain, ez zen inongo txosten ofizialetan ontzat hartzen, jakina. Gauzak honela, azkenean Estatu Batuek Atlantikoz beste aldera bidali zuten euskal iheslaria.

Aznar Gobernuak gogor borrokatu zuen Aldasoro Espainiaratua izan zedin, eta gero hogei urtez muturreko urruntzea jazo zuen: Almeria, Cordoba, Murtzia...

 

Hortik aurrera, Guardia Zibilaren Laudioko kuartela erasotzeagatik zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak Aldasorori eta espetxealdi luzea hasi zen, gehiena oso urruti: Almerian, Albocasserren, Cordoban, Murtzian...

2018ko urtarrilean amaitu zen kartzelaldia, Auzitegi Nazionalak sei urte gehiagoz luzatzeko saiakera egin zuen arren. Gorenak berak jakinarazi zion zigorra amaituta zegoela.

Espetxetik emandako boza, erabakigarria

Hogei urte horietan beste pasarte adierazgarri baten protagonista bilakatu zen Aldasoro, berak hala nahi gabe, Iñigo Santxo abokatuak NAIZi helarazi dionez: bere bozari esker heldu zen ezkerreko zerrenda abertzale bat Otxandioko alkatetzara 2003. urtean. Hau da, ilegalizazioa sutsu ezartzen hasia zenean.

Aldasororen jaioterrian ondo oroitzen dute afera hori. Besteak beste, Elixabete Etxanobe EAJko Bizkaiko ahaldun nagusigaiak izango du gogoan, Otxandioko zinegotzi eta idazkaria izan baita, eta bere alderdiaren porrota ekarri zuen espetxetik emandako boto hark.

Kontua da ilegalizazioak baldintzatutako lehendabiziko udal hauteskunde haietan, 2003ko maiatzean, Otxandion Batia izeneko hautesle elkarteak Auzitegi Gorenaren galbahea gainditu zuela, eta EAJrekin aurrez aurrez lehiatu ahal izan zuen.

Ezin estuagoa izan zen emaitza. Lehenengo zenbaketan EAJk Batiak baino bi boz gehiago izan zituen, baina hauteskunde gauean bertan ezkerreko abertzaleek inpugnazioa aurkeztu zuten, jeltzaleen bi boto baliogabeak zirelakoan.

Aldi berean, Ramon Aldasorok Almeriako espetxetik emandako boza baliogabetu zuen Auzitegi Nazionalak, zigortuta zegoela esanda, baina hau ere ez zegoen juridikoki batere argi.

Iñigo Santxo: «Botoa Batiarentzat zela ikusi genuenean, kristoren poza hartu genuen». Ez ziren guztiz fio, funtzionarioen jokabidea ezagututa

 

Bi norabideetan eragin zuten abokatuek, beraz. Batetik, EAJri emandako bi bozak baliogabeak zirela argudiatu zuten eta hau onartua izan zen. Bestetik, presoak emandako botoa airean gelditzea ahalbidetu zuen Txema Matanzas abokatuak aurkeztutako ekimenak. Hauteskunde Batzordeak ez zuen onartu baina atea irekita gelditu zen, bide juridikoa abiatzeko aukera emanez.

Iñigo Santxo eta Joxean Lozano abokatuek zirrikitu horretatik egin zuten aurrera eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien azkenik: boza emateko eskubidea izan bazuen Ramon Aldasoro Magunacelayak.

Boto-papera irekitzea baino ez zen falta, eta hor ere susmo txarrak zeudela ekarri du gogora Santxok, umoretsu, 20 urte geroago: «‘Modelo 1977’ ikusi gabe ere, bagenekien nolako jarrera izaten zuten funtzionario hauek euskal presoekin. Azkenean ireki zutenean eta botoa Batiarentzat zela ikusi genuenean, kristoren poza hartu genuen».

Gauzak honela, jeltzaleen bi bozak baliogabetuta eta Aldasororena ontzat emanda, Otxandioko Alkatetza ezkerreko zerrenda abertzalearentzat izan zen. Mugarri historiko bat herri horretan, batetik ordurako EAJk 20 urte zeramatzalako agintean eta bestetik iraulketa ilegalizazio garaiaren gordinean gertatzen zela kontuan harturik.

Hausnarketa hau utzi du Santxok, laburpen gisa eta Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro izandakoaren hitz batzuk hartuz: «Bonbak ala botoak? galdetu zuen batek. Nik ez dakit Ramonek zenbat lehergailu jarri ote zuen, baina badakit, bere botoari esker, otxandiotarrek udal gobernu hobea izan dutela, eta handik aurrera alkatetza abertzaleen eskuetan mantendu dela».