Iraitz Mateo

Zuberoako balioek euskal sukaldaritzan jarrai dezaten

Hilario Arbelaitz sukaldariak Zuberoa jatetxe barruan zein kanpoan egindako lana omendu dute Basque Culinary Centerren astearte iluntzean, gertuko lagunekin. Sukaldean transmititutako jakintza goraipatzeaz gain, bere sukaldearen eta Zuberoako familia osoaren balioak azpimarratu dituzte.

Hilario Arbelaitz ikasleek oparitutako sukaldari-jaka eskuan, bi anaiekin.
Hilario Arbelaitz ikasleek oparitutako sukaldari-jaka eskuan, bi anaiekin. (Jon Urbe)

Euskal gastronomiaren sektoreko ordezkari eta lagunak elkartu dira astearte iluntzean Basque Culinary Centerren (BCC) Hilario Arbelaitzek eta Zuberoako familiak egindako ibilbidea gogoratzeko. Hasieratik aitortu dute ez zela «omenaldi bat gehiago» izango.

Arbelaitzen neurrira egindako ekitaldia izatea nahi zuten eta horregatik izan dute presentzia berezia bere sukaldari ibilbidean ezaguturiko lagunek. Haien artean zeuden Pedro Subijana, Eneko Atxa, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz, Diego Guerrero eta Elena Arzak. Baita haien dizipuluak ere, Mahaia Kolektiboko kideak; besteak beste, Gorka Txapartegi, Dani Lopez, Roberto Ruiz eta Aizpea Oihaneder.

Belaunaldi berriak

Omenaldiaren amaieran hartu du hitza sukaldari oiartzuarrak eta ospatzen ari zen ekitaldiak «poz berezia» egiten diola onartu du. «Zuberoa itxi eta gero ere sari batzuk jaso ditugu, baina etxekoa, beti da berezia». Hunkiduraren, lotsaren eta humiltasunaren artean hitz egin du, berak «horrenbesteko omenaldirik ez zuela merezi» esanez, eta bere lagunei egin behar zaienean, «orduan bai, egin beharko direla omenaldi handiak» azaldu du irri artean, beti bezain abegikor.

Euskal sukaldaritza mundu guztian zabaltzea garrantzitsua dela adierazi du, eta horretarako inoiz baino prestatuagoak daudela belaunaldi berriak. Bere belaunaldiari «misio» bat jarri dio: sukaldaritza tradizionala modernizatzeko lanean jarraitzea, eta balioen transmisioa egitea hurrengoekiko. «Lehengoari eutsi eboluzionatuz, elkarlanean jardun, jarrera eraikitzailea izan eta sakrifizioa», horiek guztiak behar direla esan du, bai sukaldaritzarako, baina «batez ere, bizitzarako».

Zuberoan ikasitakoak

Oholtza gainera igo dira aipaturiko sukaldariak, eta bakoitzak Arbelaitzekin eta Zuberoarekin izandako harremana zein izan zen kontatu du, sukaldaritzaren historiarako istorio pertsonal bana. Baina, guztiek egin dute bat transmititutako balioak oso garrantzitsuak izan direnaren ideiarekin.

Berasategi izan da mikrora hurbiltzen lehena, eta Euskal Herrian ez ezik, mundu mailako aitortza behar lukeela adierazi du, berarentzat «ispilu» izan dela ibilbide osoan, eta Arbelaitzek «pasioa» transmititu izan diola beti. Subijanak Arbelaitzen humiltasuna azpimarratu du, eta gaineratu beraientzat «beti izango dituela hiru izar», Michelinei keinu eginez.  Elena Arzakek lurraldea gogoan izatea eta «hankak lurrean» mantentzea Arbelaitzek erakutsitako zerbait dela aitortu du. Adurizek nabarmendu du betidanik izan duen gaitasuna loturak egiteko: «Euskara da Hilarioren arima, sustraiak lokalean ditu, bere herrian, eta aldi berean espiritu unibertsala», bertakoekin zein nazioartean lortzen dituen konekxioez mintzatu da.

Mahaia kolektiboko kideak bere ikasle izan ziren, Zuberoan egin zituzten praktikak eta haiek ere beraien oroitzapenak jarri dituzte mahaigainean. Oihanederrek gogoratu du goizean goiz ez zuela irribarrerik «oparitzen», baina ikasitakoak eta Zuberoako «esentzia» berekin zeramatzala aitortu du. Txapartegik gaineratu du, sukaldeko jakintza guztien gainetik «lurra maitatzea, zintzotasuna eta lana» azpimarratzen zituela oiartzuarrak, eta bera horrekin geratzen dela.

Lurraldea eta legatua

Ramon Rotetaren eskultura bat eman diote oroigarri gisa, lurraldea metaforikoki adierazten duten bi sinbolok osatzen zuen oroigarri beltza. Frontoia irudikatzen du eskulturak, Arbelaitzek asko eskertu du lan hori, asko gustatzen zaiolako pilota; eta kontatu du belauneko mina medio orain jokatu ezin duenez, gutxienez begiratu egingo diola pilotalekuari. Legatua irudikatzeko BCCeko ikasleek hartu dute parte, eta beraiek sinatutako sukaldeko jaka bat oparitu diote, Basque Culinary sortzeko egindako lan guztia ere aitortu eta eskertu asmoz.