NAIZ

Etxebizitzaren prezioa %7 inguru garestitu zen iaz Hego Euskal Herrian

Estatistikako Institutu espainiarrak (INE) argitaratu berri dituen datuen arabera, 2022an nabarmen garestitu zen Hego Euskal Herrian etxebizitzaren prezioa, %6,4 EAEn eta %7,3 Nafarroan. 2007tik izan den igoerarik handiena izan da, oso antzekoa etxebizitza berrien eta bigarren eskukoen kasuetan.

Hego Euskal Herriko etxebizitzen prezioa %6,9 igo zen batez beste 2022an.
Hego Euskal Herriko etxebizitzen prezioa %6,9 igo zen batez beste 2022an. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

2022an nabarmen hazi zen Etxebizitzaren Prezioaren Indizea Hego Euskal Herrian, 2007tik izan den igoerarik handiena, Estatistikako Institutu espainiarrak (INE) asteazken honetan argitaratutako datuen arabera.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %6,4 garestitu zen batez beste; 2018an %5,4ko igoera izan zenetik aldakuntzarik handiena da. Nafarroan, aldiz, %7,3koa izan da igoera; azken urteotako aldaketarik handiena 2019an izan zen, indizea batez beste %3,8 igo zenean.

Motaren arabera, etxebizitza berrien prezioaren indizea %6,8 inguru igo zen iaz. Bigarren eskuko etxebizitzen prezioa, aldiz, %7,4 igo zen Nafarroan eta %6,3 gainerako hiru herrialdeetan.

Bestalde, iazko laugarren hiruhilekoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Etxebizitzaren Prezioaren indizea %1,6 jaitsi zen. Nafarroan, aldiz, %0,7 igo zen, Estatu espainoleko bigarren igoerarik handiena.

2022ko urritik abendura bitartean, Hego Euskal Herriko etxebizitzen prezioak nabarmen igo ziren 2021eko aldi berearekin alderatuta, Estatuko %5,5ko batez besteko igoeren gainetik. Hazkunderik handiena Nafarroan izan zen, %7,2koa; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, berriz, %4,9ko aldea izan zen.

Oro har Estatu espainolean etxebizitzen prezioa %7,4 igo zen batez beste 2022an; 2007tik izandako igoerarik handiena da, orduan %9,8 garestitu baitzen.