Maite Ubiria

Zamaketariek Baionako portua blokeatu dute erretreten erreformaren aurka

Erretreten erreformaren aurkako seigarren mobilizazio egunaren biharamunean. zamaketariek Baionako portuaren sarrerak blokeatu dituzte Tarnos (Landak) aldera. Bestalde, gizon eta emazteen arteko soldata berdintasuna galdegiteko martxa antolatu dute sindikatuek Baionan.

Zamaketariek Baionako portua bklokeatu dute asteazken goiz honetan.
Zamaketariek Baionako portua bklokeatu dute asteazken goiz honetan. (Guillaume FAUVEAU)

Erretreten erreformaren aurkako seigarren mobilizazio egunaren biharamunean, zamaketariek Baionako portuaren sarrera blokeatu dute asteazken honetan, goizeko 8.00etan. Tarnos (Landak) aldera, Turbomecaren parean, bidea hesitu dute.

Horren ondorioz, kamioiek ezin izan dute pasa eta itsasontzietako deskarga lanak ere gelditu behar izan dituzte. «Portu hila» izeneko operazioari segida emanen dioten bihar erabakiko dute.

Frantses Estatuko beste hainbat portu ere blokeatu dituzte. Hala nola Havre, Rouen edo Marseillako portuak itxi dituzte erretreten erreforma salatzeko. Hainbat petrolio findegietan ere greba mugimenduari jarraipena eman diote sindikatuek.

SNCF konpainiako langileek berriz, grebarekin jarraitu dute gaur. Ipar Euskal Herrian antolaturiko mugimenduari buruz bilera antolatu dute, gaur 9.00etan, Lan Burtsan, hain zuzen protestaren jarraipenaren gainean eztabaidatzeko.

Atzo, 23.000 herritar bildu ziren CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek Lapurdiko hiriburuan deituriko manifestazioan.

Ehunka lagun batu ziren, bestalde, iluntzean Donapaleun eginiko protestan. Bigarren martxa hori LAB, ELB, FSU eta Solidaires sindikatuek antolatu zuten.

Gaur, berriz, gizonezko eta emazte arteko soldata arrakala eta, ondorioz, pentsioen gainean emazteek pairatzen duten diskriminazioa salatzeko mobilizazioa bultzatu dute.

Martxa 10.30ak jota abiatu da Santa Ursulatik handik Baionako erdialdeko karriketatik igarorio ondoren San Leoneko biribilgunea bukatzeko.

Greba feministarekin bat egin dute, hala nola, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek. Bloke feminista indartsua osatu dute, 50tik gora gazteekin.

Anartean, frantziar Senatuak erretreten erreformaren 7. artikuluari egin zion bart. Alta, erretreta hartzeko adina 62 urtetik 64 urtetara gibelatzea aurreikusten duen erreformaren kapitulurik sinbolikoena bozkatzeko orduan zailtasun berriak sortu dira.

Egunsentian 4.000 bat azpiemendakin erregistratuz Asanblea Nazionalean gertatu bezala ezkerreko taldeek eztabaida trabatzeko hautua egin dutela salatu dute bai Renaissance alderdiak baita Senatuan gehiengoa duen Les Republicains (LR) alderdiak ere.

Eztabaida ukatzeko azpijokoak Senatuan

Oroitzearren, Senatuan martxoaren 12an, gauerdian, amaituko da eztabaida. Emmanuel Macronen Gobernuak 47.1 artikulura jo zuen tramitazio azkarra bermatzeari begira. Gauzak horrela, Asanblea Nazionalak lege egitasmoa bozkatu gabe heldu den testua Senatura.

Bigarren ganbara horretan nagusitzen den LR alderdiak legea bere osotasunean eztabaidatzeko eta bozkatzeko hautua hobetsi du.

Are, emendakinen eztabaidak egitasmoa aurrera ateratzea zaildu zezakeela ikusita, 38. artikulua aldarrikatu zuen eskuineko gehiengoak tramitazioa azkartzeko xedez.

Senatuan eztabaida tartea agortuko denean, bi ganberek osaturiko batzordera igaroko da egitasmoa. Oraindik ere bilkura horretarako datarik ez badago ere, sindikatuek ohartarazi dute hitzordu hori aintzat hartuko dutela hurrengo mobilizazio egutegia zehazte aldera.

Oraingoz, bai gaur, Martxoarena 8ko mobilizazio egunaren karira, baita heldu den larunbatean, martxoaren 11n, karrikak hartzeko apustua egin dute. Anartean, tokian tokiko blokeoak eta jarduera ekonomikoa baldintzatzeko beste hainbat ekimen eginen dituzte. Esaterako, gaur Baionako portuaren egunerokotasuna hautsi duen blokeoaren moduko ekintzak.