NAIZ

60 urteotan etenik izan ez duen elkartasuna lehen lerroan ezartzeko ekitaldia Ezpeletan

Mugimendu abertzalearen transmisio historikoari buruzko ekimenek aitzina segitzen dute Ipar Euskal Herrian. Heldu den asteburuan hiru ekimen ezberdin izanen dira, horien artean ‘60 urtez elkartasunez’ lelopean, martxoaren 11n, larunbatarekin, Ezpeletan iraganen den gaualdia.

Presoen etxeratzearen aldeko ekimen anitz egin dituzte azken urteotan Ipar Euskal Herrian.
Presoen etxeratzearen aldeko ekimen anitz egin dituzte azken urteotan Ipar Euskal Herrian. (Bob EDME)

Bagira prozesuaren baitan mugimendu abertzalearen transmisio historikoari buruzko ekimenek aitzina segitzen dute Ipar Euskal Herrian. Heldu den asteburuan hiru ekimen ezberdin izanen dira, horien artean ‘60 urtez elkartasunez’ lelopean, martxoaren 11n, larunbatarekin, Ezpeletako merkatu estalian iraganen den gaualdia.

Lehenik ekitaldia izanen da, «Ipar Euskal Herrian euskal preso eta iheslari politikoekiko elkartasunak izan duen ibilbidearen errepasoa egin eta mugimendu abertzaleari egindako ekarpena azpimarratzeko helburuarekin», antolatzaileek azaldu dutenez.

Sei hamarkadako sostengua oroitu eta laguntza eman izan duten pertsona guztiak omenduko dituzte 19.30etik goiti.

60ko hamarkadatik gaur egun arte elkartasun mugimenduak izan duen ibilbidea errepasatuko dute oren batez bideo, argazki eta hitzartze desberdinekin.

Mixel Mendiboure, Dominika Daguerre, Garbiñe Eraso, Aratz Gomez, Aurore Martin, Julen Zelarain, Jean François Lefort, Jokin Etxebarria, Jon Irazola eta Anaiz Funosasek hartuko dute hitza.

Ondotik, kontzertua eskainiko dute Zetak, IF Renaud Was a Punk eta DJ Bull taldeek.

Sartzeak aitzinetik erosteko parada bada Ezpeletako Doxpi ostatuan, Sarako Pleka trinketean, Donibane Garaziko Paris saltegian, Baionako Pyrennes ostatuan eta Pausuko Xaian.

Bizi! eta Enbataren saioak

Bestalde, asteburu berean beste bi ekimen esanguratsu izanen dira mugimendu abertzalearen ibilbidea ezagutzen jarraitzeko.

Lehena, martxoaren 10ean iraganen da Baionan, Bizi! elkartearen egoitzan. 20.00etatik goiti 60 urtetako mugimendu eta mobilizazio ekologistak izanen dituzte hizpide Daniel Oltzomendi, Maite Goienetxe, Ellande Duny-Petre, Martine Bouchet eta François Verdetek.

Biharamunean, jada parte hartzeko lekurik ez den saioa izanen da ‘Enbata’ aldizkariarekin partaidetzan antolaturik. Borroka abertzaleak Ipar Euskal Herrian sei hamarkadetan ukan duen ibilbideari buruzko formakuntza eginen dute egun osoan zehar Lapurdiko hiriburuan.