NAIZ

Euskal taldeek beste lau urre lortu dituzte Parkgateko Munduko Sokatira txapelketan

Abadiño 23 urtez azpiko 600kilotako gizonetan, Abadiño-Berriozar nesken 500 kilora arteko nesketan, Beti Gazte 560 gizonetan eta Berriozar 580 mistoan munduko txapeldun geratu dira, Antsoainek, Gaztedik eta Beti Gaztek zilarrak lortu dituzte eta Ibarra, Amaiurrek eta Berriozarrek brontzeak.

Abadiñoko taldea podiumean.
Abadiñoko taldea podiumean. ((ABADIÑO SOKATIRA TALDEA))

Lehen eguna bezala, emankorra izan da euskal taldeentzat Ipar Irlandako Parkgate herrian egunotan jokatzen ari diren sokatirako munduko txapelketako bigarren jardunaldia eta denera beste hamar domina, tartean lau urre, eskuratu dituzte. Gazte mailan Abadiño taldea nabarmendu beharko litzateke, asteazkenean 23 urtez azpiko talde mistoak urrezko domina kolkoratu bazuen, gaur Durangaldeko beste bi talde munduko txapeldun geratu baitira. 500 kilora arteko nesken 23 urtez azpiko mailan, Abadiñoko lau tiralarik eta Berriozarreko beste lauk osatutako taldea suertatu da garaile, finalean Antsoaingo nafarrei gailenduta.

Gizonezkoen 600 kilotako Abadiñoko taldeak ere, hau ere 23 urtez azpikoetan, urrea jantzi du, gazte mailatan bizkaitarren erabateko nagusitasuna berretsita. Etxean aritu den Irlandako Clonmany taldeari nagusitu zaizkie abadiñoarrak eta zilarra ere Euskal Herriko talde batentzat izan da, Berriozarrentzat hain zuzen ere.

Hirugarren urrea 520 mistoan heldu da, Berriozarrek lortu du, finalean Antsoaini gailenduta, eta maila honetako brontzea ere euskal talde batentzat izan da, Amaiurrentzat hain zuzen ere.

Arratsaldeko jardunaldian ere izan da euskaldunentzat saririk, maila nagusiko emakumeen 540 kilotan, Beti Gaztek zilarra eskuratu baitu. Urrea China Ansteel -entzat izan da eta nabarmendu behar da lau lehen tokietan hiru euskal talde izan direla, Ibarrak jantzi du brontzea, kontsolazio finalean Gaztediri gailenduta.

580 kilo mistoan, Lesakako Beti Gaztek zilarrezko domina lortu du, finalean Eskoziako Ayrshire taldearen aurka galduta.