NAIZ

Lakuak euskarazko lanpostuetarako ere «gaztelerazko maila gorena» eskatzen duela salatu du ELAk

Euskara hutsean diren lanpostuetan ere espainiar nazionalitatea ez duenak gaztelaniaren C2 mailako ezagutza frogatu beharko duela salatu du ELAk, eskatzen duten euskararen ezagutza baino maila handiagoa.

Pello Igeregi eta Miren Zubizarreta, ostegun honetan eskainitako prentsaurrekoan.
Pello Igeregi eta Miren Zubizarreta, ostegun honetan eskainitako prentsaurrekoan. (ELA Sindikatua)

ELA sindikatuak Hezkuntza Sailaren oposaketa deialdiaren aurkako inpugnazioa aurkeztu du «gazteleraren ezagutza gorena derrigortzen» duelako, C2 maila, baita D ereduko postuetarako ere. Hortaz, oposizioetan parte hartzeko euskararen ezagutza baino gaztelaniazko maila handiagoa eskatzen dutela salatu dute, euskara derrigorrezkoa den lanpostuetan C1 maila eskatzen baita Hezkuntzan eta B2 Osakidetzan.

Pello Igeregi sindikatuko Euskara arduradunak eta Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunek ostegun honetan Donostian eskainitako prentsaurrekoan zehaztu dutenez, deialdiak hala dio: «Espainiako nazionalitaterik ez duenak eta bere hizkuntza ofiziala espainiera ez bada, hizkuntza horren ezagutza egokia egiaztatu beharko du».

Uliazpi Fundazioaen harira publiko egindako epaia adibide gisa jarri dute. Diotenez, epaileak dio Fundazioko lanpostuen %5 baino ez dela langile ez euskaldunentzat baina, ELAren arabera, «administrazio guztietako lanpostuak daude bermatuta gaztelania dakitenentzako eta zerbitzua gaztelaniaz jaso nahi duten herritarrek bermatuta dute hori, langile euskaldunak elebidunak izaki».

Igeregik azpimarratu duenez «euskara ez da gaztelania adina ofiziala EAEn». «Euskararen ezagutza exijitzeko proportzionaltasuna bermatu behar da, herritarren eskakizun errealei erantzunez, testuinguru soziolinguistikoaren arabera. Gaztelania lanpostu guztietan inposatu daiteke, eta diskriminazio hori naturaltzat hartzen da».

Era berean, ELAk dei egiten du «oldarraldi euskarafoboari» aurre egin eta hizkuntza eskubideen «defentsa politikoa» eraiki dadin. Euskaldunon hizkuntza eskubideen alde mobilizazioa premiazkotzat jo du Igeregik, «euskaldunon hizkuntza eskubideak zapaltzea ontzat ematen duen markoaren kontra kaleak berreskuratzeko».