Nerea Lauzirika
Bilbo

Osakidetzaren zerbitzuen murrizketen aurka protesta egin dute Bilboko hainbat osasun zentrotan

Osasungintza publikoko zerbitzuen murrizketen aurka elkarretaratzea egin dute Deustuko anbulatorioaren atarian. Bilboko beste hainbat osasun zentrotan ere deituta zeuden mobilizazioak.

Deustuko anbulatorioaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek.
Deustuko anbulatorioaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek. (N.L.)

‘Gora Deustu!’ elkarteak eta ‘Bihotzaran’ Arangoitiko auzo elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute Deustuko anbulatorioaren aurrean, ostegun honetan arratsaldean. Dozenaka herritar batu dira mobilizazioan, osasungintza publiko eta duina aldarrikatzeko, hainbat hilabetez egin izan duten bezala. Bilboko beste osasun zentro batzuetan ere egin dituzte mobilizazioak aldi berean.

Salatu dutenez, Deustuko EAG itxita dute gauez eta Olabeagan eta Abandon, besteak beste, «zerbitzu jakin batzuk» murriztu dituzte.

Halaber, prebentzio programak ez murrizteko eta aurrez-aurreko arreta berreskuratzeko eskatu dute. Argi utzi nahi izan dute osasungintza publikoa dela «osasun eskubidea bermatzen duen zerbitzu bakarra» eta pribatizazioaren aurkako aldarriak bota dituzte.

Era berean, salatu dute pazienteei ematen zaien arretan ez ezik, murrizketek langileen baldintzetan eragin zuzena dutela, «orain dela hiru urte txalotzen genituen langileek, egun, lan baldintza ez duinak jasaten dituzte». Askok hurrengo EPEra aurkeztu beharko dutela aurrekoa gainditu duten ala ez jakin gabe erantsi dute.

Jakitera eman dute datozen hilabeteetan mobilizatzen jarraituko dutela, apirilerako datarik zehaztu ez badute ere. Halaber, aurreratu dute Bilbo mailako manifestazio bat antolatzen ari direla, anbulatorioz anbulatorio egindako protestak mobilizazio bakarrean batzeko.