NAIZ

Gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak, ustez bikotekideari sexu erasoa egiteagatik

30 urteko gizon bat atxilotu dute larunbat honetan Azpeitian, Donostiako etxebizitza batean bikotekideari sexu erasoa egitea egotzita. Donostiako ospitale batetik Ertzaintza ohartarazi zuten eta ikerketa abiatu dute. Gizonaren atxiloketa Azpeitian egin dute goizaldean.

Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak, asteazkeneko Donostiako mobilizazioan.
Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak, asteazkeneko Donostiako mobilizazioan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ertzaintzako agenteek 30 urteko gizon bat atxilotu dute larunbat honetan Azpeitian, Donostiako etxebizitza batean bikotekideari sexu erasoa egitea egotzita, Gipuzkoako hiriburuko ospitale batetik Polizia ohartarazi ondoren. Kasua argitzeko ikertzen jarraitzen dute agenteek, eta biktimak babesteko eta urruntzeko agindua eskatu du gizonezko horrekiko.

Lakuako Gobernuaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ostiral honetako gauean Gipuzkoako hiriburuko ospitale batetik Ertzaintza bertaratzea eskatu zuten, genero indarkeriaren esparruan sexu eraso bat izan litekeelakoan.

Biktimak, emakume batek, jakinarazi du erasoa ostegun gauean gertatu zela, Donostiako etxebizitza batean. Egilea harreman sentimentala duen gizon bat izango zen.

Gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintzak kasuari dagokion ikerketa abiatzea erabaki du, eta larunbat honetako goizaldean bertan atxilotu dute ustezko egilea, ez Donostian, Azpeitian baizik.

Oraingoz, polizia ikerketek aurrera jarraitzen dute, sexu erasoaren ustezko delitu hori argitzeko. Ajentzien bidez zabaldu denaren arabera, biktimak babesteko eta urruntzeko agindua eskatu du, eta atxilotua datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.