NAIZ

Zentral eolikoen kontra manifestazioa egingo dute larunbatean Azpeitian

Sañu Bizirik eta Oletan ere Ez! taldeek manifestazioa deitu dute datorren larunbatean Azpeitian, Statkraft eta Capital Energy enpresek inguruan eraiki nahi dituzten zentral eolikoak ez dituztela nahi adierazteko.

Oñatiko parke eolikoaren artxiboko irudia.
Oñatiko parke eolikoaren artxiboko irudia. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Martxoaren 18an, larunbatarekin, manifestazioa deitu dute Sañu Bizirik eta Oletan ere Ez! herri plataformek ‘Mendietan zentral eolikorik ez!’ leloarekin. 19.00etan hasiko da martxa Azpeitiko herriko plazatik.

Azpeitia, Zestoa eta Errezilen arteko Sañoa mendian eta Zumarraga eta Azpeitia arteko Oleta-Samiño-Izaspi mendilerroan Statkraft eta Capital Energy enpresek eraiki nahi dituzten zentral eolikoen proiektuak bertan behera utz daitezela eskatzeko deitu dute aipatu taldeek manifestazioa, ohar baten bitartez agertzera eman dutenez.

«Azken aldian trantsizio energetikoaren izenean bultzatzen ari diren zentral eoliko eta energia berriztagarrien makroproiektu mordoaren ondorioz, mendien eta landa eremuen industrializazioa, biodibertsitatearen galera, paisaia eta kultura-ondarearen gaineko kalte larriak eragingo dira», ohartarazi dute.

Sañu Bizirik eta Oletan ere Ez! plataformen arabera, Sañoa eta Oletako egitasmo eolikoak «energia-enpresei mesede egiten dien egungo sistema energetiko harraparia iraunaraztera bideratuta» daude. «Horren aurrean, energia berriztagarriak eredu deszentralizatu eta komunitario batean oinarrituta, azpiegitura handiak saihestuta eta energia kontsumoa nabarmen gutxituta sustatu behar dira», aldarrikatu dute.