Iraitz Mateo

Euskarazko hezkuntza aldarrikatzeko mobilizazioak deitu dituzte martxoaren 23an

‘Hezkuntza euskaraz izan behar da’ mobilizaziora deitu dute Gazte Euskaltzaleen Sareak eta euskalgintza alorreko beste hainbat eragilek martxoren 23rako. Azken boladan euskararen eta euskaldunen aurkako erasoak salatu dituzte, eta herri erantzunaren beharra azpimarratu.

Gazte Euskaltzaleen Sareak eta beste hainbat eragilek Donostiako epaitegien aurrean egindako agerraldia, martxoaren 23ra dei eginez.
Gazte Euskaltzaleen Sareak eta beste hainbat eragilek Donostiako epaitegien aurrean egindako agerraldia, martxoaren 23ra dei eginez. (Maialen Andres | FOKU)

«Euskaraz  biziko zen belaunaldia izango ginen esperantza jarri zen gugan. Aldiz, gugan jarritako esperantzei ezin erantzun, euskaraz bizi nahiaren mugak eta ezinak sufritzen garen belaunaldia bilakatu gara», horiek izan dira Begoña Garaikoetxea Gazte Euskalzaleen Sareko kidearen hitzak. Euskararen eta euskaldunen aurkako oldarraldia salatu dute hainbat norbanako eta eragilek ostegun honetan egindako agerraldian, eta martxoaren 23rako antolatuta dagoen mobilizazioan parte hartezko dei egin dute.

Gazte Euskaltzaleen Sareko, Euskalgintzako eta beste zenbait eragile eta norbanakoak elkartu dira Donostiako epaitegiaren aurrean. Besteak beste, Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz), Aize Otaño (AEK), Ibai Zabala (irakaslea), Agurne Gaubeka (Hizkuntz Eskubideen Behatokia), Manex Mantxola (Euskalgintzaren Kontseilua), Lorea Agirre (Jakin), Ibon Leibar (Euskal Herrian Euskaraz), Urko Aierbe (LAB), Maialen Arteaga (Gazte Euskaltzaleen Sarea), Begoña Garaikoetxea (Gazte Euskaltzaleen Sarea), Beñat Jusue (Gazte Euskaltzaleen Sarea). ELAk ere bat egin du mobilizazioarekin.

Aize Otaño AEK-ko kideak ere hartu du hitza agerraldian eta «herri bultzada berri baten beharra» adierazi du. Gogora ekarri du duela urtebete Gazte Euskaltzaleon Sarea plaza publikora atera zela ‘Euskara Aurrera’ manifestazio jendetsuarako dei eginez. Mobilizazioaren ondoren auzo eta ikastetxeetan gazteek euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko borrokan «eragile aktibo» izatearen beharra azpimarratzen jarraitu dutela adierazi du. Eta horren emaitza dela, besteak beste, Ikama eta unibertsitateetako euskara taldeekin batera euskara eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko martxaoren 23ko mobilizazioa.

Begoña Garaikoetxeak azaldu du gazteak euskararen alde mugitzeaz gain «beste batzuk» ere mugitu direla: «Euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoak ez du etenik izan». Eta gaineratu du euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketak ahalbidetu dituzten epaiak egon direla, baita «urraketa horiek justifikatzeko diskurtsoa» ere. Uliazpiko azkeneko epaia jarri dute adibidetzat, eta «marra gorri guztiak gainditu» dituela salatu.

Euskararen normalizazioa aurrera eramateko dauden oinarri juridikoak «ahulak eta ez nahikoak hankaz gora bota» nahi dituztela adierazi dute. «Epaile eta magistratuak hizkuntza politika erreakzionarioak garatzen ari dira, eta hizkuntza politikak garatzeko gure herriak eskuratutako eskuduntzen aurka eraso zuzenak egiten».

Herri erantzun bateratua

Garaikoetxeak onartu du gazteek soilik ezin diotela aurre egin oldarraldi horri, eta «erantzun bateratu bat, herri erantzun bat» eskatzen duela egoerak. «Gure hizkuntza, gure etorkizuna eta gure eskubideak daude jokoan» esan du, eta horregatik aterako direla martxoaren 23an kalera, hezkuntza euskaldunaren aldeko mobilizazioan.

«Neurri aurrerakoiak bultzatzeko» beharrezkotzat jotzen dute kalek hartzea. Eta dei egin diete gizarte eragileei, eragile sindikal, eragile politiko eta instituzionalei «erasoen neurriko erantzunak emateko urratsak» egitera.

Datorren ostegunean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dira mobilizazioak ‘Hezkuntza euskaraz izan behar da’ lelopean. Eguerdiko 12.00etan hasita, Gasteizen (Elurreta), Bilbon (Jesusen Bihotza), Donostian (Bulebarra) eta Iruñean (Antoniutti) izango dira.