Manex Altuna
Interview
Oier Zarraga
Athletic Clubeko jokalaria

«Denboraldi honetara arte ezin izan dut maila eman ez nengoelako eroso nire buruarekin»

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua da iaztik Oier Zarraga. Aldi berean, arlo psikologikoari garrantzi handia ematen dio futbolean eta onartzen du kosta egin zaiola Athleticen lehen taldean jokatu ahal izateko toki bat egitea.

Oier Zarragak zelai erdian zein hegalean joka dezake.
Oier Zarragak zelai erdian zein hegalean joka dezake. (@AthleticClub)

Getxo eta Mungia artean hazitakoa da Oier Zarraga eta Athleticen harrobiko talde guztietatik igarotakoa. 24 urte egin berri ditu urtarrilean eta txikitatik barneratuta dauka sentimendu zuri-gorria. Bere hirugarren denboraldia da lehen taldearekin eta, gehiago jokatzea gustatuko litzaiokeen arren, pozik dago aurten ematen ari den mailarekin. Onartzen du hasieran kosta egin zitzaiola egokitzea. Ez zela «eroso» sentitzen bere buruarekin azaltzen du. Barrutik jaten zuen korapiloa askatzea lortu duela dio eta zelaian dituen aukerekin gero eta gehiago gozatzen duela. Apurka-apurka goraka egin izan du bere ibilbidean eta, teknikoki eta taktikoki hobetzeko, gako nagusia psikologikoki ondo egotea dela azpimarratzen du.

Athleticek Valladoliden zelaian jokatuko du ostiral iluntze honetan (21.00etatik aurrera). Bolada txarrari bukaera eman eta puntuak pilatzen hasi beharra daukate zuri-gorriek Europarako trena behin betirako urruntzen ikusi nahi ez badute. Bartzelonaren kontrako porrotaren biharamunean giroak pil-pilean jarraitzen zuen zale zuri-gorrien artean. Zalaparta handia eta eztabaida sutsuak egon dira azken egunetan epaileak baliorik gabe utzitako Iñaki Williamsen golaren inguruan, Muniainek jokaldiaren hasieran eskuarekin eman ziola argudiatuta. Valverdek berak, De Marcosek eta Balenziagak euren desadostasuna agertu zuten partida amaieran, baina badirudi haserrea baretzen joan dela Oier Zarragak esandakoaren arabera.

VARak hartutako erabakiari bueltak ematen jarraitzen duzue aldagelan?

Orduak igaro ahala lasaiago gaude, baina epailearen lana albo batera utzita, pena bat izan zen punturik ez ateratzea. Partida ona egin genuen, azken minuturarte borrokan egon ginen eta puntu bat lortzea guretzako emaitza ona izango zen.

Jokaldia aztertu duzue epaileren batekin edo erabakiaren inguruko azalpenik jaso duzue?

Ez, ikusten duguna da azkenean ez dagoela batere argi noiz den eskua, noiz ez den, nahita eman diozun edo zer uste duen epaileak. Partida gehiegitan errepikatzen den kontua da. Egia da eskua izan zitekeela, baina aldi berean epaileak jokatzen jarraitzen utzi zezakeen. Hala ere, dagoeneko ez du axola. Galdu egin genuen eta punturik gabe geratu ginen.

«Postu ezberdinetara moldatu naiteke. Zelai erdian barrutik zein hegalean aritu naiteke eta beharrezkoa izango balitz lateral bezala ere»

Azken asteetan Bartzelonak epaileen arduradun nagusietako bati dirua ordaintzen zioela ezagutu izanak eta epaitegietan salatu izanak giroa nahastu zuen partidan zehar, Athleticen kaltetuak sentitu izan zarete epaileen lanarengatik?

Guk ez diogu kontu horri jaramonik egin. Hori jendearen gauza da gehiago. Bartzelonaren arazoa da eta ikusiko da zer gertatzen den. Guretzat partida oso garrantzitsua zen, puntuak behar genituelako. Orain arte ez dugu arazo handiegirik izan epaileekin eta gure kexa partida horretara mugatuko nuke.

Osasuna ere kexaka ari da azken jardunaldietan epaileen erabakien inguruan, Kopako finalerdian eragina izan dezakeela uste duzu?

Ez diogu garrantzirik ematen. Guri axola diguna da kanporaketa horri buelta ematea. Partida on bat egin beharko dugu irabazi eta finalera pasatzeko. Ez dut uste epaileak garrantzirik izango duenik.

Zarraga bigarren zatian zelairatu zen Bartzelonaren kontrako partidan. (@AthleticClub)
Zarraga bigarren zatian zelairatu zen Bartzelonaren kontrako partidan. (@AthleticClub)

Sailkapena ikuskatzerakoan nora begiratzen duzue, Europako postuak bost puntutara daude, baina atzetik ere gero eta gertuago daude aurkariak?

Gu baino gorago daudenak, Rayok eta Osasunak edo Vila-realek azken jardunaldian, ez dute irabazi eta gertu gaude. Denboraldi hasieratik gure helburua Europarako sailkatzea da. Horregatik, Valladoliden kontrako partida oso garrantzitsua da bide horretan aurrera eginez jarraitzeko, dena jarri behar dugu zelaian hiru puntuak lortu eta Europako postuetara hurbiltzeko.

Jaitsierako postuak zazpi puntutara geratzen dira, ez dizue beldurrik ematen?

Azken jardunaldian beheko taldeek ere puntuak eskuratu dituzte eta hurbiltzen ari dira. Gure helburua gora joatea da eta ez dugu beherantza begiratzen, Valladoliden irabaztea da buruan daukagun bakarra.

Taldearen ibilbidea goraberatsua izaten ari da. Txapeldunen ligako postuetan egotetik Munduko txapelketaren ostean puntu gutxien lortu duen taldeetako bat zarete, zein azalpen eman daiteke?

Munduko txapelketararte oso ondo egon ginen. Etxetik kanpo garaipenak atera genituen eta 24 punturekin joan ginen etenaldira. Lehiaketa berrabiarazterakoan joko eta sentsazio aldetik nahiko ondo egon garela esango nuke, baina egia da emaitzak ez ditugula lortu etxean ez kanpoan. Irregulartasun horrek eragin du puntu askorik ez ateratzea bigarren itzulian.

«Zelai erdian egon diren aldaketek, joko ereduaren inguruko zalantzak baino, aukera ezberdinak daudela erakusten dute»

Zer falta da edo zertan ari zarete huts egiten?

Adibidez, Osasunaren eta Real Madrilen aurka partida onak egin genituen San Mamesen. Hala ere, ezin izan genituen partidak irabazi, erremateak egiterakoan edo jokaldiak bukatzerakoan ez ginelako zehatzak izan erasoan. Gure helburuak ahalik eta aukera gehien egitea izan behar du eta gero horiek baliatzea partidak aurrera ateratzeko.

Eta zer esango zenuke ondo egiten duela taldeak?

Nik uste Athleticen nortasunaren adierazle nagusia dela egiten dugun presioa, aurkaria bere zelaian sartzea, goian baloiak lapurtzea eta gero espazioak bilatzea Williams anaien abiadurarekin eta hortik gol aukerak sortzea.

Denboraldi hasieran emaitza onak lortu zenituzten Vesgak, Sancetek eta Muniainek osatutako hirukoarekin. Gero Valverdek aldaketa ugari egin ditu zelai erdian eta joko ereduaren inguruan zalantzak daudela ematen du.

Nik uste zalantzak baino, gertatzen dena da zelai erdian joka dezakegun jokalariek ezaugarri ezberdinak ditugula eta, partidaren arabera, etxean edo kanpoan jokatu, entrenatzaileak estilo bateko zelai erdi bat aukeratzen duela. Guk ez dugu ikusten zalantza bat bezala, aukera ezberdinak daudela erakusten digu. Jokalari bakoitzak bere dohai eta gaitasunak ditu eta partidaren arabera aukeratzen du entrenatzaileak zelai erdi bat.

Munduko txapelketaren ostean eraso eta defentsaren arteko oreka indartzea bilatzen ari dela zelai erdian ematen du?

Partida bakoitza ezberdina da. Sailkapenean behean dauden taldeek baloi gehiago uzten dizute eta, horregatik, zelai erdia erasokorragoa izan daiteke. Bartzelonaren aurka edo goiko beste talderen baten kontra, aldiz, baloiaren jabetza beraiek izatea aurreikusten duzunean beharrezkoa da oreka gehiago izatea eta zelai erdia ezberdina izatea.

Zarragak 63 partida jokatu ditu lehen taldean daramatzan hiru denboraldietan. (@AthleticClub)
Zarragak 63 partida jokatu ditu lehen taldean daramatzan hiru denboraldietan. (@AthleticClub)

Taldearen errotazioan toki bat bereganatu duzula esan daiteke. Gustura zaude denboraldian zehar izan dituzun minutu eta aukerekin?

Astean zehar beti pentsatzen dut hasieratik jokatuko dudala eta horretarako lan egiten dut. Gero agian minutu gehiago jokatzea espero dezakezu, baina futbola horrelakoa da. Ondo zaudela pentsatzen duzunean, batzutan ez duzu jokatzen eta egin behar duzuna da lanean jarraitu entrenatzaileari zalantzak sortzeko eta zugan konfiantza izateko.

Nola eraman duzu Osasunaren edo Real Madrilen aurka partida onak egin eta gero jokatu gabe geratzea?

Entrenatzaileak bere aukeraketa egiten du espero duen partidaren arabera. Beti jokatu nahiko nuke eta, ez bada hori gertatzen, aulkian itxaron eta prest egon behar da ateratzen zarenean ahalik eta hoberen egiteko.

Hirugarren denboraldia da lehen taldean. Lesio bat igaro duzu eta pausuz pausu gero eta gehiago jokatzen ari zara.

Pixkanaka-pixkanaka hobetzen ari naizela uste dut, nire jokuan eta ni neu sentitzen zelaiaren barruan. Nik uste erakutsi dudala Lehen Mailan eta Athleticen jokatzeko prest nagoela eta aukera dudanean ondo egin dezakedala.

Zergatik uste duzu ezin izan zarela hamaikakoetan egonkortu?

Lehen taldera iristerakoan ez nintzen eroso sentitzen nirekin eta horrek kalte egin dit. Sentsazio onak nituen, baina beste bati postua kentzeko bera baino hobeago egon behar zara. Agian denboraldi honetararte egia da ez naizela egon nire mailara. Gaur egun ondo sentitzen naiz, maila onean.

«Oso autokritikoa naiz eta Bilbao Athleticen nintzen jokalaria eta lehen taldera igo zena ez zirela berdina iruditzen zitzaidan»

Zergaitik diozu ez zinela eroso sentitzen?

Nire buruarekin neukan borroka. Ikusten nuen futbolistikoki baino, mentalki, buru aldetik, ez nengoela prest. Bilbao Athleticen nintzen jokalaria eta lehen taldera igo zena ez zirela berdina iruditzen zitzaidan. Ikusten nuen ezin nuela nire mailarik onena eman eta deseroso sentitzea eragiten zidan. Oso autokritikoa naiz nire buruarekin eta asko hausnartzekoa, egiten dudan guztia etxera eramaten dut eta itsututa nengoen. Pentsatzen nuen bakarra zen ezin nuela nire maila eman edo entrenatzaileak eskatzen zidana bete. Garbigailu bat bezalakoa zen, bueltak eta bueltak ematen gauzei buru barruan.

Psikologoekin landu izan duzu egoera eraldatzeko?

16 urte nituenetik psikologoekin aritu izan naiz. Gero eta arruntagoa da futbolaren munduan. Nire ordezkarietako bat psikologoa da eta beraiekin lanean hasi nintzenean, ikusi zuen errendimendua hobetzeko aukera bat zela. Laster konturatu nintzen teknikoki edo taktikoki hobeagoa izateko, gako nagusia psikologikoki ondo egotea zela. Bestela, gainontzekoak ez du funtzionatzen. Asko lagundu dit. Batez ere nire izaerarengatik, lotsatia eta barnerakoia naiz eta buelta asko ematen dizkiot buruari.

Aipatu duzu ez zinela Bilbao Athleticen bezala sentitzen lehen taldean. Joseba Etxeberreriarekin zeneukaten joko eredua eta Garitanok edo Marcelinok erabiltzen zutena ez zen berdina, eraginik izan du entrenatzaile bakoitzak eginkizun ezberdinak eskatzeak?

Nik uste dut postu ezberdinetara moldatu naitekeela. Barrutik zein hegaletik joka dezaket eta lateral moduan ere egin ahalko nuke beharrik egongo balitz. Bilbao Athleticen garaiarekin gehien parekatu daitekeen jokoa orain egiten ari garena da. Horrek ere eragina izan dezake, gero eta erosoago egoteko eta ni neu izan ahal izateko. Antzeko eredu bat da. Baina ez dut uste joko eredu edo sistemaren arazoa izan zenik Garitanorekin edo Marcelinorekin izan nituen zailtasunak. Sistemak astean zehar landu daitezke eta moldatu zaitezke Lehen Mailako jokalaria izan nahi baduzu. Kontua da ni neu ez nintzela neure buruarekin eroso aurkitzen.

Zarragak Garitanorekin egin zuen debuta Lehen Mailan 21 urterekin. (@AthleticClub)
Zarragak Garitanorekin egin zuen debuta Lehen Mailan 21 urterekin. (@AthleticClub)

24 urte egin berri eta 60 partidatik gora jokatu dituzu, baina gutxitan sartu zara hamaikakoan. Athleticen gazteei aukerak emateko ausardia gehiago behar dela uste duzu?

Oraindik gaztea naiz. Ez dut uste klubaren arduradunen arazo bat denik, jokalariaren araberakoa da. Nico Williams azkar egokitu da, baina Oihan Sanceti niri bezala hasiera batean kosta zitzaion taldean sartzea. Niri ere kostatzen zait. Vencedorrek, aldiz, minutu asko izan zituen lehen unetik eta orain jokatu gabe ari da. Azkenean bakoitzak irabazi behar du. Beteranoek sarritan esaten digute. Lehen Mailara iritsi zarete, baina zailena hemen mantentzea da. Urte asko egin nahi badituzu kontuan izan behar duzu edozein unetan jokatu gabe egon zaitezkeela eta bakoitzak irabazi behar duela. Entrenatzaile batek ere ez dizu ezer oparituko, guztientzat garrantzitsuena taldeak irabaztea baita.

Balenziaga izan daiteke horren eredu, aspaldian jokatu gabe egon arren Bartzelonaren aurka atera zen.

Nik esango nuke Lezaman eta lehen taldean ikusi ditudan defentsetatik Balenziaga onenetarikoa dela. Jendeak ez du ikusten astean zehar egiten duen lana, jokatu gabe egonda ere. Bartzelona baten aurka entrenatzaileak hasieratik ateratzen badu zerbaitengatik da. Eredu bat da guretzat. Utzita joan behar izan zuen hasiera batean eta kosta egin zitzaion egonkortzea, baina inork ez dizkizu 300 partida Lehen Mailan oparitzen.

«Athleticen kamiseta defendatu ahal izateak harro sentiarazten nau»

Denboraldi amaieran kontratua amaitzen zaizu eta berritzea negoziatzen ari zaretela onartu zenuen orain dela aste batzuk.

Nire ordezkariek eramaten dute, ez dakit ezer une honetan. Nahikoa daukat jokatzen saiatzearekin eta ahalik eta hoberen egoten. Gai horrek ez dit eguneroko lanean laguntzen eta beraien eskuetan uzten dut.

Baina zein da zure asmoa?

10 urtetatik nago Athleticen. Joan den astean gazte mailako jokalariekin egon nintzen eta esaten nien niretzako Athletic dena dela. Txikia nintzenean ez neukan helburu bezala lehen taldera heltzea eta nik uste horrek ahalbidetu duela gora iristea. Etapa guztietan gozatu dut jokalari bezala. Betidanik joan izan naiz San Mamesera eta identifikatuta nago guztiz klubarekin. Ni Athleticekoa naiz txikitatik, maite dut eta harro sentiarazten nau kamiseta hau defendatu ahal izateak. Gertatu zaidan onena dela esan daiteke, futbolera jokatu eta Athleticen aritzea.