First Lego League, taldean jolastuz zientzia bokazioa pizteko ekimena
First Lego League txapelketak 14 urtez dihardu haur eta gazteen artean zientzia bokazioa bultzatzen. Martxoaren hasieran jokatu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako finala, jolas eta dibertsio giro betean. Sei talde irabazleak estatuko finalerako sailkatu dira. Heldu den asteburuan da zita, Murtzian.
Hamalaugarren First Lego League (FLL) txapelketa aitzinera doa. Martxoaren 4an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako finala jokatu zen. Bizkaian, Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolako Sanfitek_Land eta Sanfitek_Fire, eta Portugaleteko Stem Toki-Edurobotic gailendu ziren; Gipuzkoan, Donostiako Axular Lizeoko Overclock eta Santo Tomas Lizeoko Lizeobots A; eta Araban, Urkide Ikastetxeko Legokide 1. Sei talde horiek estatuko finalera joanen dira heldu den asteburuan, martxoaren 25ean eta 26an. Murtziako Cartagenan da hitzordua. AEBetako Houstonen eginen den munduko finalerako txartelak lortzen ahalko dituzte han. Apirilaren 19tik 22ra izanen da nazioarteko final handia.
42 ikastetxetako mila ikasle bildu ziren martxoaren 4an, 128 taldetan banatuta, Bilbon, Donostian eta Arrasaten aldi berean jokatu zen finalean. Jolastuz eta dibertituz, talde lanean lantzen dute zientzia eta teknologia proiektu honetan. Denera 2.000 lagunek parte hartu dute txapelketan, eta 240 boluntario ibili dira laguntzen. Innobasquek antolatu du, Deustuko Unibertsitatea, Donostia Sustapena eta Mondragon Unibertsitatea lagun. 40 erakunde baino gehiagoren babesarekin lan egin dute, tartean Lakuako Gobernua eta hiru Aldundiak.
Alaitz Landaluze Innobasqueko politika berritzaileen koordinatzailea da. Azaldu digunez, «urte berezia» izan da. «Pandemia aurreko egoerara itzuli gara: ikastetxe eta talde kopuru berera ailegatu gara, eta publikoa ere berreskuratu dugu, senideak eta lagunak etorri dira. Hiru urte egon gara beraiek gabe eta hori nabaritzen da, sortzen den giroa guztiz ezberdina baita taldeak animatzera datozenean. Pozik gaude».
Ikastetxeen «lan bikaina» goraipatu du Landaluzek, batez ere entrenatzaileena. «Beraiek dira pieza garrantzitsuena».
6 urtetatik 16 urtetara
Etorkizuneko energia jasangarrira hurbiltzea izan dute aurtengo erronka. Bi kategoria ditu egitasmoak: lehenak esploratzeko aukera ematen die 6 eta 9 urte bitarteko txikiei. Hemen ez dago inongo lehiarik. Legoko eraikin batzuk egin dituzte, baita poster bat ere. «Oso ondo egin dute, oso polita da eurak ikustea».
Bigarren kategoria, 10 eta 16 urte arteko gaztetxoei zuzendua, txapelketa da. Hiru atal ditu: alde batetik, energia berrikuntzaren inguruan lan egin dute; bestetik, robot bat diseinatu dute misio batzuk egiteko. Zenbat eta misio gehiago egin, puntu gehiago lortu dituzte; hirugarren atalean, balioak jorratu dituzte. «Hezkuntza programa honetan inportanteena balio horiek txertatuta egotea da: talde lana, errespetua, berdintasuna. Hori barneratzea oso garrantzitsua da eta hori ere baloratzen dugu, besteak bezainbateko garrantzia du», adierazi du Innobasqueko langileak.
Kiroldegi baterako proiektua
Arrasateko finalean izan zen Alaitz Landaluze, eta txapeldunen proiektua ikusteko zortea izan zuen. «Kiroldegi baterako sistema bat planteatu zuten: sartzerakoan erregistratu egiten zen erabiltzailea eta kirola eginez energia sortzen zuen. Bizikletaren kasuan, dinamo eta bateria batekin energia lortzen zuen kiroldegiaren kontsumorako, eta horrek puntuak ematen zizkion gero garraio publikoa erabiltzeko. Ideia oso polita da. Kiroldegiaren kontsumoak aztertu zituzten, eta prototipo txiki bat ere egin zuten bizikletarekin eta txartela pasatzeko sentsorearekin».
«Robotaren diseinua oso ondo azaldu zuten, eta hor ere txapeldun izan ziren. Egiten zituen misioek zer gorabehera izan zituzten, eta zeintzuk aukeratu zituzten eta zeintzuk ez primeran esplikatu zuten», kontatu du.
Irtenbide eder gehiago ere proposatu dituzte energiaren erronkari erantzuteko: adinekoentzako parke autosufiziente bat; egunean lortzen den energiari esker gauez erabili ahal izanen den makina elektrifikatuak dituen haur parke bat; eta argiaren erabilera desegokia kontrolatzen duen robot bat, besteak beste.
Etorkizunera begira kontent dago Innobasqueko politika berritzaileen koordinatzailea. «First Lego Leaguek hazteko aukerak ditu. Hamar ikastetxe etorri ziren bisitan, parte hartu ez dutenak baina interesa dutenak datorren urtean probatzeko. Guretzat garrantzitsua da hori».
Partaideek errepikatu egiten dute normalean. Robota erostea inbertsio bat da eta irakasleek ere prestatu behar dute. «Formakuntzan beti gertatzen den bezala, lehen urtea nahiko gogorra izaten da, batez ere antolakuntza aldetik, eta bigarren urtean askoz ere hobeto moldatzen dira».
Datorren asteburuan Murtzian, Cartagenan izanen dira txapeldunak eta proiektu bera eramanen dute, hobetua, horretan ahalegindu baitira asteotan.
Nafarroan ere bai
Nafarroan ere jokatu da FLL txapelketa. Otsailean egin zen, Gobernuaren Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalaren sailak eta Iruñeko Planetarioak antolatuta. Hamabost taldek parte hartu zuten, adinaren araberako bi taldetan banatuta: 6 eta 9 urte bitartekoak alde batetik, eta 4 eta 6 urte bitartekoak bestetik.
Amaiera ekitaldian nabarmendu zutenez, funtsezkoa da haurren artean zientzia, teknologia, ingenieritza eta matematikarekin lotutako bokazioa piztea, bereziki neskatoen artean. Eta horretan gakoa da, hain zuzen ere, First Lego League ekimena.