NAIZ

«Hamarkada oso baten elkargune» izango den Gazte Topagunera joateko deia egin dute Elorriotik

Elorrio 2002an egindako topagunearen eta aurtengoaren arteko «zubi» bihurtuko dutelakoan, apirilaren 6tik 9ra bitartean izango den Gazte Topagunera bertaratzeko deia zabaldu du Ernaik. «Hamarkada oso baten elkargune» izango dela azpimarratu dute.

Hamar urte hauetan Ernaiko kide izandako hainbat kidek Elorrion elkartu dira Gazte Topagunera deitzeko.
Hamar urte hauetan Ernaiko kide izandako hainbat kidek Elorrion elkartu dira Gazte Topagunera deitzeko. (@ernaigazte)

Elorrion militante talde zabala bilduta, apirilaren 6tik 9ra bitarte bertan egingo den Gazte Topagunera dei egin du Ernaik. Azaldu dutenez, Elorrio 2002ko topagunearen eta aurtengoaren arteko «zubi» bihurtuko dute.

Gainera, Ernaik hamar urte bete berri dituenean hitzordua «hamarkada oso baten elkargune» izango dela nabarmendu dute, eta baita «bizitzeko bestelako modu baten alde lerratzen garen milaka gazteren topaleku ere».

Horrela «belaunaldi krisi eta etsipen kolektiboaren aurrean gazteriaren ilusio eta aldaketarako erakuslehio» izatea nahi dute. Diotenez, hamarkada honetan «hainbat belaunaldiren etxe» izan baita Ernai, «militantzia eta konpromiso politikoaren lehen eskola eta herri honen askapenerako erregaiaren ezinbesteko sortzaile».

Egitaraua

Bide batez, lau egunetako egitaraua gogorarazi dute. Ostegunean hasiko da, 13.00ean izango den harrera ekitaldiarekin; ostiralean ‘10 urtez Ernai’ eguna izango da, urteurrenari lottako eskaintza berezitu batekin; larunbatean familientzako jarduerak antolatu dira, eta igande goizean Iruñeko Aberri egunera joango dira.

Hainbat gunetan egongo da banatuta Gazte Topaguneko eskaintza: Atarazarata kontzertu gunea, Lubaki kanpalekua, Naiz gunea, herriko plaza eta Gaztetxea, besteak beste. Gaztetxean, kultur etxean eta Naiz Gunean hitzaldi, tailer eta emanaldiak egongo dira, hala nola, ‘Z belaundia’ mahai-ingurua, Jordi Borras eta Kattalin Miner antifaxismoaz eta Arnaldo Otegi eta Negaren arteko solasaldia.

Arriola aretoan eta herrian, ostera, aisialdira zuzendutako jardueran egongo dira, esaterako, Joseba Sarrionaindia eta Ines Osinagaren ikuskizuna, Porrotx, elektrotxarangak eta Zintzilik emozioen laborategia. Musika egitaraua Atarazarata kontzertu gunean eta herriko plazan izango da Zetak, Su ta Gar, Merina Gris, Brigade Loco, Olaia Inziarte, Los Chikos del Maiz, Lukiek talde eta musikariekin, besteak beste.